2022/6/3
Getxoko biztanleen %84k eremu lasaietako zarata-mailak ditu, Udalak hasieran onartutako Zarataren Mapa Estrategikoaren eguneratzearen arabera. Une honetan, hilabeteko epea ireki da plan horri alegazioak aurkeztu ahal izateko, behin betiko onartu aurretik. Mapa hori kaleetako zirkulazioaren, errepideetako trafikoaren, trenbide-zirkulazioaren eta ingurumen-zirkulazioaren zarata-mapek osatzen dute, lau metroko altueraraino iristen diren ingurumen-igorle akustiko guztietarako. “Getxok ibilbide luzea darama zarata kontrolatzen eta kudeatzen, 2009an egin baitzuen lehen mapa, eta orain 2015ekoa eguneratu dugu. Horren helburua da jarraian ekintza-planak egin ahal izatea, udalerriko kutsadura akustikoa murrizten jarraitzeko”, azaldu du Joseba Arregi, Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.
Mapa berriak ezartzen duenez, Getxoko biztanleen %84k eguneko bizitegi-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak baino zarata-maila txikiagoa dute, eta %0,5ek zarata-maila handiagoa. Bizkaiko Garraio Partzuergoaren mendeko trenbide-zirkulazioak (metroak) eragiten du gaur egun eragin handiena udalerrian (batez ere trenbidetik hurbilen dauden fatxadetan, hala nola Negubide, B.Domingo Iturrate kaleetan eta Trenbide etorbidean), 2015ean ez bezala, orduan kaleetako trafikoa izan baitzen foku nagusia. Ildo horretan, egiaztatu da behera egin dela kale-trafikoak eragindako biztanleria, % 10etik % 1era, batez ere trafikoa baretzeko neurriak ezarri direlako, hala nola zirkulazio-abiadura 30 km/h-ra mugatzea, ia bide-sare osoan. Nolanahi ere, Bidezabal, Ollarretxe, Euskal Herria edo Makaletako hiribidea dira bide-zirkulazio handiena duten kaletako batzuk.
Bestalde, foru-errepideen eragina mugatua da, biztanle gehien dituzten eremuetatik urrun daudelako. Adibidez, Uribe-Kostako korredorearen afekzioa oso kokatua dago eta errepidera begira dauden fatxadetara mugatzen da.
Alegazioak
Plana kontsultatu nahi dutenek Ingurumen Sailaren bulegoetan (Foru kalea 8, Algorta) egin dezakete, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, eta udalaren webgunean https://www.getxo.eus/eu/area-prensa/abisuak/1526 ). Planari alegazioak aurkezteko epea uztailaren 2an amaituko da, Erregistro Elektronikoaren bidez, HABetan edo legez aurreikusitako lekuetan