2022/4/20
Maiatzaren 2tik 31ra irekita egongo da egoiliarrek 2022ko Aparkamendu Araupetuaren Zerbitzurako (TAO) aurretiko eskaria aurkezteko epea. Zerbitzua ekainaren 1ean abian jartzea aurreikusten da Romoko (4. gunea) eta Santa Anako (3. gunea) inguruetan, eta Algortako (1. gunea) eta Areetako (2. gunea) zenbait kaletara zabaltzea. 5. zona berrian (Ereaga eta Portu Zaharra) udan bakarrik izango da indarrean (ekainetik irailera).
Berritasun nagusi gisa, araudi berriarekin ez da aparkalekuaren bereizgarri fisikorik egongo (ibilgailuan jartzeko txartela), baimena birtuala izango baita eta ibilgailuaren matrikulari lotuta joango baita. Zerbitzuan alta emateko baimena eskatu ahal izango da maiatzaren 2tik aurrera:
Aurretiko eskaeretarako epea amaituta eta arautegi berria indarrean jarri ondoren, alta berriak ohiko bidetik kudeatuko dira(aurrez aurre eta telefono bidez) eta era telematiko berria ere abian izango da.
Jada dauden TAO guneetan bizi direnek, aparkatzeko baimenik ez badute eta hura eskatu nahi badute, ezin izango dute aldi honetan (maiatzaren 2tik 31ra) gune berrietarako ezarritako prozeduraren bidez eskatu. Ekainean ordenantza berria indarrean sartu arte, orain arte egin izan den moduan izapidetu beharko dute baimena: aurrez aurre, herritarren arretarako bulegoetan; horretarako, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko dute 944 66 00 00 telefono-zenbakira deituz.
Jada alta emanda daudenek, zerbitzuarekin jarraitu nahi izanez gero, ez dute inolako izapiderik egin beharko, automatikoki egingo baitzaie.
Baldintza nagusiak
TAO guneetan sartutako kale eta atarien zerrendako helbide batean erroldatuta dauden eta bizi diren pertsonek (zirkulazio-baimenaren helbidea erroldatze- eta bizileku-helbide berbera izan behar dute) eta zerbitzuaren Ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dute baimena. Oro har, ibilgailu-jabe bakoitzeko aparkatzeko baimen bakarra emango da, eta gehienez bi bizileku bakoitzeko. Bigarren baimenaren kasuan, bigarren ibilgailua erabili behar du ezkontideak edo izatezko bikotekideak edo lehen baimenaren titularraren semeak edo alabak, eta etxebizitza berean bizi behar du. Era berean, modu partikularrean erabiltzen duen ibilgailurako pertsona egoiliar batek ere eskuratu ahal izango du, ibilgailua pertsona juridiko batena izan arren. Nolanahi ere, baimena ematen den lekuan aparkatzeko baino ez da erabiliko, ordutegi-mugarik gabe. Dagokion aparkaleku-txartela lortu beharko da baimendutakoa ez den beste gune batera lekualdatzen bada, edo gorriz seinaleztatutako Las Mercedes eta Kresaltzuko “espres-guneetan” aparkatzen bada. Bertan baimendutako gehieneko denbora 2 ordukoa izango da, txandaketa eta merkataritza-jarduera errazteko.
Halaber, baimena lortu ahal izateko ezinbesteko baldintza da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren (TMIZ) ordainketa egunean izatea, indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen ikuskapen teknikoak (IAT) gaindituta izatea, eskaera behar bezala beteta eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea eta tasa Udalak ezarritako ordainketa-moduen bidez ordaintzea.
2022rako urteko kuota (hilabete naturaletan hainbanatuta) 50 eurokoa da ibilgailu bakoitzeko 1., 2., 3. eta 4. eremuetarako; 5. guneko tarifa 27,99 eurokoa da; eta baimena aldatzeagatik (ibilgailua aldatzeagatik, bizilekua aldatzeagatik) 4,70 euroko kuota kobratuko da. Alta edo baja kasuetan, zerga-kuota hilabete naturalen arabera hainbanatuko da.
2022rako aparkatzeko baimena lortu ondoren, hurrengo urteetan automatikoki berrituko zaie baja jakinarazi ez duten eta Ordenantzan aurreikusitako baldintzak betetzen jarraitzen duten zerbitzuaren erabiltzaile guztiei. Jarraitzeko interesik ez badago, zerbitzuan baja emateko eredu normalizatua aurkeztu beharko da Herritarren Arretarako Bulegoren batean.
Informazio gehiago maiatzaren 2tik aurrera: https://www.getxo.eus/OTA
Planoak eta atariak: www.getxo.eus