2026/6/3
Udalak uraren kalitateari buruzko eguneroko informazio-sistema berria jarriko du martxan uda honetan Areetako hondartzan. Zerbitzuaren bidez ur-laginak egunero hartu eta aztertuko dira, emaitzak ordu gutxitan eskuratuko dira, eta informazio eguneratua argitaratuko da bai hondartzan bertan bai udalaren webgunean, herritarrek egunero uraren egoera ezagutu ahal izan dezaten.
Neurri hau hondartza honen ezaugarri bereziei erantzuteko hartu da. Izan ere, itsasadarraren bokalearen inguruan kokatuta dagoenez, uraren baldintzek aldaketa puntualak izan ditzakete mareen, korronteen edo euriteen eraginez.
Carlos Sergio Atxotegi Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak lagunduta, Amaia Agirre Getxoko alkateak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, “Areetako hondartza ondo ezagutzen dugu. Horregatik, erabiltzaileek, egunero, uraren kalitateari buruzko informazio erabilgarria eta eguneratua eskura izatea nahi dugu. Sistema berri honi esker, hondartzaren bilakaera ia egunero ezagutu ahal izango dugu, eta informazio hori herritarrei ordu gutxiren buruan helarazi. Aurreratzea da helburua, informazio gehiago eskaini eta hondartza honetaz gozatzen duten familiei, adinekoei, haurrei eta herritar guztiei tresna baliagarriak ematea, udaz eta gure hondartzaz ahalik eta berme handienekin gozatu ahal izan ditzaten”.
Sistemaren funtzionamendua eta emango duen informazioa
Bainurako uren kalitatea Osasun Publikoak kontrolatzen du Europako araudiarekin bat garatutako zaintza-sistema baten bidez. Bainurako uren sailkapena hainbat denboralditan bildutako datu historikoetan oinarritutako irizpide sanitario eta estatistikoen arabera egiten da, eta uraren egoera sanitarioa zehazteko erreferentzia ofiziala da.
Hala ere, Areetako hondartzak aldakortasun handia izan dezake denboran zehar, bere ezaugarrien ondorioz. Horregatik, Udalak egoki deritzo informazio hori egunero egingo diren analisien bidez osatzea, une bakoitzeko egoeraren berri azkarrago izateko.
“Hondartza honen portaera historikoak erakusten du noizbehinka aldaketak gerta daitezkeela kanpoko faktoreen eraginez, hala nola mareak, korronteak edo euriteak direla medio. Eguneroko informazioak uraren kalitatearen benetako bilakaerari buruzko ikuspegi osagarri baliagarria eskainiko digu”, adierazi du aurkezpenean izan den Carlos Sergio Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak.
Azken urteetan aztertutako datuek erakusten dute, gainera, horrelako egoerak gertatzen direnean uraren kalitate-maila egokiak berreskuratzeko batez besteko epea bi eta hiru egun artekoa izan ohi dela.
Jarraipen hori indartzeko, egunero ur-laginak hartuko dira, eta determinazio mikrobiologikoko sistema espezifiko baten bidez aztertuko dira. Erabiliko den teknologiak aukera emango du uraren kalitatearen adierazle nagusiei buruzko emaitzak ordu gutxitan lortzeko, bereziki Escherichia coli eta hesteetako enterokokoei dagokienez. Horrela, hondartzaren egoerari buruzko informazio askoz eguneratuagoa eskaini ahal izango da.
Sistema kudeatzen duen enpresaren arabera, erabilitako teknologiak “determinazio mikrobiologikoak egitea eta laginak hartu eta ordu gutxiren buruan emaitzak eskuratzea ahalbidetuko du, uraren kalitatearen bilakaeraren eguneroko jarraipena erraztuz”.
Analisi horien bidez lortutako informazioa udalaren webgunean eta hondartzan bertan instalatutako seinaleen bidez egongo da herritarren eskura. Informazio-panelek egunero erakutsiko dituzte azken analisien emaitzak eta uraren kalitateari dagokion sailkapena, ohiko kategoriak erabiliz: bikaina, ona, nahikoa eta eskasa.
Gainera, hondartzak bere ezaugarrietara egokitutako seinaleztapen-sistema espezifikoa izango du. Denboraldi osoan zehar “bainua ez da gomendatzen” adierazpena mantenduko da, uraren kalitateari buruzko informazio eguneratuarekin batera, eta bainurako segurtasun-baldintzen berri ematen duen ohiko bandera-sistemarekin osatuko da.
Udalak sustatutako eguneroko analisiek ez dituzte Osasun Publikoaren kontrolak ordezkatzen; aitzitik, osatu egiten dituzte. Sailkapen ofizialak hondartza baten portaera denboran zehar ezagutzeko balio duen bitartean, eguneroko informazioak une bakoitzean duen bilakaeraren berri emango du.
Gainera, bainua gomendagarria ez den egunetan, Udalak gogorarazi du denboraldi honetarako aurreikusitako Ereagarako autobus-zerbitzua familien eskura jarriko duela, hondartzaz gozatzeko eta aisialdirako beste aukera bat eskainiz.
Ekimen honen bidez, Udalak herritarren eskura dagoen informazioa indartzen du, eta denboraldian zehar une jakin batzuetan aldaketak izan ditzakeen hondartza baten jarraipena egiteko tresnak aberasten ditu.