2025/12/5

Abenduaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak Venanciosen Babes Ofizialeko 54 etxebizitza (erregimen orokorra) errentamendu-erregimenean esleitzeko prozeduran parte hartzeko.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) gaur argitaratu denez, 54 etxebizitzetatik 3 mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Gainerako 51 etxebizitzetatik, 24 logela bakarrekoak dira eta 44,45 m2 eta 46,66 m2 arteko azalera dute; 25 bi logelakoak dira, 66,95 m2 eta 69,45 m2 artekoak; eta 2 etxebizitza hiru logelakoak dira, 89,65 m2-koak.
Amaia Aguirre alkateak adierazi duenez, “Getxo bere herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien etxebizitza-eredu baten aldeko apustu sendoa egiten ari da, gazteei eta etxebizitza lortzeko zailtasun handienak dituzten sektoreei konponbide irisgarriak eta egokituak eskaintzera bideratuta. Getxo utzi behar izan zuten gazteek itzultzeko aukera izatea nahi dugu, eta dagoeneko hemen bizi direnek bertan geratu eta beren bizi proiektua garatu ahal izatea. Aukera egokiak eta eskuragarriak eskaintzen dituen babes publikoko etxebizitza-eredu batekin, emantzipazioa erraztuz”.
Baldintzak
Etxebizitza horiek eskuratu ahal dituzten pertsonak honako hauek dira:
a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa Getxon.
b) Eskaeraren titularretako batek, gutxienez, Getxon erroldatuta egon behar du, urte bateko antzinatasunarekin (etenik gabe), edo 3 urteko antzinatasunarekin azken 5 urteetan (2025eko abenduaren 4an).
c) 2024. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ezin dira izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 45.022,57 euro baino handiagoak. Baldintza egiaztatzeko, bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona guztien diru-sarreren batura hartuko da kontuan.
d) Bizikidetza unitatea ezin da 6 kide baino gehiagokoa izan.
e) Bizikidetza-unitateko pertsona guztiek ezin izango dute etxebizitzarik eduki jabetzan, azalera-eskubidean edo usufruktuan abenduaren 4an.
Ezarritako baldintza horietako batzuk betetzeko salbuespenak aurreikusten dira.
Kupoak eta baremazio-irizpideak
Esleitu beharreko etxebizitza guztietatik, honako kupo hauen artean banatuko dira:
a) Mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako 3 etxebizitza.
b) 51 gainerako eskatzaileentzat. Kupo hauetan banatuko dira:
-14 (sustapenaren %27,45), titularretako batek gutxienez 36 urte baino gutxiago dituen bizikidetza-unitateentzat.
-10 (sustapenaren %19,61), abenduaren 4an etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortuta duten eskatzaileentzat.
-15 (sustapenaren %29,41), etxebizitza-premia berezia dutela egiaztatzen duten pertsonentzat, eta
-12 etxebizitza (sustapenaren %23,53), kupo orokorrari atxikitako pertsonentzat.
Eskabideak honako irizpide hauen arabera barematuko dira: diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide-kopurua, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna eta etxebizitza-premia berezia.
Non aurkeztu Etxebideren eskaerak
– Telematikoki: https://www.etxebide.euskadi.eus/inskripzioa-esleipena/
– Zuzenean (hitzordua eskatuta), Kale Nagusia 85, behea. 48011-Bilbo.
– Postaz: Etxebizitzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011-Bilbo. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da.
– Herritarrei Arreta emateko Torreneko (Algorta) eta Las Mercedes 13.eko (Areeta) Bulegoetan. Aurretiko hitzordurik behar ez den arren, arreta hobea izateko, Call Centerren (010) edo udalaren webgunean (https://www.getxo.eus/eu/atencion-ciudadana/) eskatzea gomendatzen da.
Esleipen prozedura honetan parte hartzeko baldintzak betetzen duten guztiek mail edo gutun bat jasoko dute (hautatu duzun komunikazio bidearen arabera). Gutun edo mail horretan izena emateko datu guztiak izango dute.
Informazio osoa www.etxebide.euskadi.eus webgunean aurki daiteke.