Berriak

Neguko Bidaia 2022

2022/01/10

Jazza, folka, musika klasikoa, lirika eta bilbainadak “Neguko Bidaia” kontzertuen zikloan

Urtarrilaren 22tik otsailaren 26ra bitartean, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, “Neguko Bidaia” kontzertu didaktikoen zikloaren hamalaugarren edizioa egingo da. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira eta sarreraren prezioa 5 eurokoa da.

Oraingo honetan, egitarauak hainbat musika-estilo izango ditu (jazza, folka, musika klasikoa, lirika eta bilbainadak), eta protagonismo berezia izango dute euskal eszenako artistek eta taldeek. Hala ere, kanpoko bi talde ospetsuk ere hartuko dute parte: “Capriccio Vocale”, Santiago de Compostelakoa, eta “Trio Vivo”, Bartzelonakoa. Ziklo honetan ohikoa den bezala, emanaldiak amaitzean artistek publikoak egin nahi dituen galderei erantzungo diete.

Egitaraua

Lehenengo kontzertua, urtarrilaren 22an, jazz fusioa izango da, "Malos tiempos" hirukotearen eskutik. 2017an sortua, Jose Urrejolak (flautak, saxoak, EWI, teklatuak, perkusioa, konposizioa eta konponketak), Eloy Urrejolak (baxu elektrikoa eta baxu elektrikoa, trasterik gabe) eta Juanfran Moyanok (bateria) osatzen dute.

Hilaren 29an, “Folk al dok?" boskotearen txanda izango da.  Taldea osatzen dute Gentzane Fernandezek, Eneko Benitok, Iker Álvarezek, Ander Trabuduak eta Ieltxu Jimenezek. 15 instrumentu baino gehiago erabiliz, folkaz duten ikuspuntu berezia erakutsiko dute.

Otsailaren 5ean, Richie Salvador Quartet igoko da agertokira: Andoni Aizpuru (saxoa), Jon Ander Amigo (musika eta kontrabaxua), Ander Hernández (bateria) eta Richie Salvador (pianoa). Konposizio propioak eta laukotearentzat moldatutako jazz errepertorioko standard batzuk joko dituzte.

Otsailaren 12an, “Trio Vivo” bartzelonarren txanda izango da: Miquel Ángel Cordero (baxua), Joan Antoni Pich (biolontxeloa) eta Carlos Montfort (biolina). Hiru musikari horiek beren karrerak jazz, musika garaikide edo flamenkoaren bideetatik eraman dituzte, beren formazio klasikoari uko egin gabe, eta sormenari eta inprobisazioari espazio berezia eman diote musikari gisa izan duten garapenean.

“Capriccio vocale” hirukote galiziarrak lirika errezitaldia eskainiko du otsailaren 19an. Olga Raícesek (sopranoa), Fernando Enseñat-Bereak (baritonoa) eta Julián Jesús Pérezek (pianoa) interpretatuko dituzte Espainiako kontzertu-kantak, Galiziako lirika, zarzuela erromantzak eta bikoteak eta opera zatiak.

Zikloa otsailaren 26an amaituko da, “Los 5 bilbaínos” taldearen emanaldiarekin, bilbainaden errepertorio klasikoa ekarriko dute Getxora (euskaraz eta gaztelaniaz), zenbait pupurri animatutan, 4 ahotsetara abestutako moldaketekin.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +