Berriak

Musika Eskola Irekia

2020/10/22

“Musika Eskola Irekia” zikloak Beethovenen bizitza eta lana gerturatuko dizkio publikoari

Andrés Isasi Musika Eskola eta Getxoko Kultur Etxeak antolatutako ekimenak kontzertu, hitzaldi eta ekitaldi didaktikoak hartuko ditu

Ludwig van Beethoven izango da “Musika Eskola Irekia” zikloaren ardatz nagusia. Andrés Isasi Musika Eskolak eta Kultur Etxeak abian jarritako ekimen horren helburua musikaren arloko gai eta pertsona esanguratsuak herritarrei hurbiltzea da. Programa asteazkenean, urriak 21, hasi eta urtarrilaren 5era arte zabalduko da. Ekitaldi guztiak Muxikebarri zentroan izango dira eta horien bitartez, musikari eta konpositore alemaniar handiaren bizitza eta lana ezagutzera emateaz gain, beste arte mota batzuekiko loturak sortuko dira, adibidez zinea edota bertsolaritzarekin. Zikloaren saio guztietarako sarrerak salgai daude Kultur Etxearen ohiko saltokietan.

Zikloa asteazkenean, urriak 21, abiatuko da, Mercedes Albaina adituaren eta Kabuki laukotearen “La luz de Beethoven: 250 años de humanismo musical” (20:00) izeneko hitzaldi musikatuarekin. Ekitaldi horretan Beethovenen musikaren ikuspegi historiko eta humanista irudikatuko dute. Azaroaren 1ean, berriz, kontzertua izango da Cuarteto Quiroga (19:00) talde ospetsuaren eskutik, 2018. urtean Musika Sari Nazionala eskuratu zuena. Saioan Beethovenen la minorreko 15. (op. 132) eta fa maiorreko 16 (op. 135) kuartetoak interpretatuko dituzte.

Azaroaren 11n Impromptu bikoteak “Beethoven y la sinfonía” izeneko diziplina anitzeko ikuskizuna emango du 19:00etatik aurrera. Horretan, solasaldia eta zuzeneko musika eta proiekzioak uztartuko dira. Azaroaren 25ean, asteazkenean, Miguel Ituarte piano-jotzaile getxotarrak saio bikoitza eskainiko du Beethovenek pianoarekin zuen harremana erakusteko. 18:30ean “La obra para piano de Beethoven, aventura musical e instrumental” solasaldi musikatua emango du eta horretan zuzeneko piezak ere joko ditu. 20:00etatik aurrera “Beethoven y el piano: de la niñez a la madurez” piano-errezitaldia eskainiko du, emanaldirako bereziki aukeratua.

Abenduan aurrera darrai programazioak. Hilaren 9an, asteazkenean Joseba Beristain doinu-banden konpositore eta irakaslea jenio alemanak bederatzigarren munduan izan duen eraginaz arituko da euskarazko “Beethovenen musika zineman” (19:00) hitzaldian eta horretan zenbait pelikulen pieza musikalak entzungai izango dira. Handik bi astera, abenduaren 23an, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianistak kontzertua emango dute. Horren bitartez “Bederatzigarrena”Beethovenen sinfonia ospetsua eta musikari handiaren garaikidea den “bederatziko” izeneko bertsoa elkar lotuko dituzte. Beraz, ekitaldian Beethovenen lana eta, aldi berean, bertsogintzan hain berezi izan den neurri horretan sortutako bertso gogangarrien errepaso bat ere egingo da.

Azkenik, zikloa borobiltzeko, urtarrilaren 5an Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) jardungo da 12:00etan. Oraingoan, orkestrak Beethoveni eskaniko dio kontzertu monografikoa, bere jaiotzaren 250. urteurrenean. EGOk konpositore alemaniarra musika klasikoaren iraultzaile handienetariko bat bilakatu zuten pieza batzuk bildu ditu programan.

 

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +