Berriak

Kubo erraldoi bat

2021/01/19

Kubo erraldoi bat Getxoko hainbat tokitan ibiliko da, gune publikoen garbiketaz eta birziklatzeaz kontzientziatzeko

Getxoko Udalak, Ecoembes eta Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan, gure kaleak, plazak, hiri- eta natura-inguruneak garbi mantentzeko beharrari eta birziklatzea errazteko hondakinak bereizi beharrari buruzko kontzientziazio-kanpaina abiatu du gaur. 16 m2-ko azalera eta 3 metroko altuera duen kubo handi batek Getxoko herritar guztiei gogoraraziko die gure espazio publikoa garbi mantendu behar dugula eta sortzen ditugun hondakinak bereizten parte hartu behar dugula. "Gure etxea garbi eduki dezagun, birziklatu!" lelopean, San Nikolas plazan jarri da kuboa otsailaren 1era arte. Ondoren, udalerriko beste hainbat tokitan ibiliko da.

Kuboaren barruan informazio eta datu gehiago gorde da eta horiek guztiak datorren asteartean, urtarrilak 26, argituko dira. Kanpainaren aurkezpenean, Amaia Agirre alkateak nabarmendu duenez, "gure eremu publikoak (kaleak, plazak eta parkeak) garbi edukitzeko beharrean eragin nahi du kanpaina honek. Gure inguruneak garbi mantentzeak eragin zuzena du gure eguneroko bizian eta naturan, azken finean, Giza Garapen Iraunkorrean. Horrenbestez, gure etxeetan egiten dugun bezala, bide publikoan berdin jokatzea da kontua,  espazio publikoa gure etxearen hedadura bihurtuz eta gure hondakinak dagokien tokira botaz, kanpainaren euskarri den kuboan agertzen diren egoeretara ez iristeko

Kuboa astebetez itxita egongo da eta hurrengoan irekiko da, sortzen ditugun hondakinak non amaituko duten gogorarazteko. Izan ere, eremu publikoan dauden edukiontziak eta paperontziak erabili beharko dira. "Helarazi nahi dugun kontzeptua da gure kaleak eta plazak ere gure etxea direla eta horrela tratatu behar ditugula. Geure gain hartu behar dugu gure hiri-inguruneetan hondakinak garbitzeko eta sortzeko dugun erantzukizun indibidualaren maila. 2022rako gure hiri-hondakinen %50 birziklatzeko Europako Batasunak ezarritako erronka lortzeko, gutako bakoitzak gure etxeetan eta saltokietan birziklatzeko erabakia hartu behar du. Getxon, hondakinen bereizketa-tasa %34,50ekoa da, eta pertsona askoren inplikazioari esker bilakaera positiboa izan den arren, gehiago gehitu behar ditugu. Gure hiriarekiko ingurumen-konpromisoa handitzeko, beharrezkoa da bereizketa-praktika horiek gure eguneroko ohituretan txertatzea, bai gure etxeetan, bai gure lan eta aisia-guneetan. Erronka kolektiboak norbanakoaren konpromisoa behar du”, Joseba Arregi Ingurumen Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak adierazi duenez.

Kanpainak gogoraraziko du, herritar eta merkatari askoren banakako erabakiari esker, Getxon 44,35 kg/biztanle/urteko bildu direla edukiontzi urdinean (kartoia eta papera), 25 edukiontzi berdean (beira) eta 21,54 edukiontzi horian (latak, plastikozko ontziak eta brikak). Eta edukiontzi grisera (errefusa) joaten diren 250 kg/biztanle/urteko gehienak edukiontzi marroira eramateko erronka geratzen zaigula. Alde horretatik, hondakin bakoitza behar bezala gorde behar dela azpimarratuko da.

Lehen instalazio horren ondoren, kuboa hiriko beste toki batzuetan jarriko da.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +