Berriak

Aurten ere Bandera Urdina

2020/06/11

Aurten ere Bandera Urdina Ereaga eta Arrigunagarentzat, Bizkaiko hondartza bakarrak

logotipoa

Aurten ere, Bandera Urdina Ereaga eta Arrigunaga hondartzetan izango da. ADEAC-FEE Ingurugiroko Hezkuntzako eta Kontsumitzaileen Elkarteak ingurumen kalitatearen adierazgarri den ikur hori eman du dagoeneko; Bizkaian Getxoko bi hondartzek soilik izango dute bereizgarria, eta Euskadin, Arabako Zadorrako urtegien barruko hiru hareatzekin batera.

Ingurugiroa eta natura errespetatuz, itsasertzaren eta hondartzen gestioan egindako ahaleginagatik ematen da Bandera Urdina, dohainik; baita udalerriak ingurumenaren alorrean bete behar dituen baldintza orokor batzuengatik ere. Bereizgarri honek aurretik ezarritako estandar batzuk bete izana egiaztatzen du, tartean, bainatzeko uraren kalitate ona, garbitasuna, ingurumen informazio eta hezkuntza, segurtasuna, zerbitzuak eta instalakuntzak. Bandera Urdinaren azken helburua da turismoaren garapen jasangarria eta hondartzetan eta inguruetan Ingurumenarekin kudeaketa errespetutsua lortzea.

Ereagako hondartzan hamairugarren urtez izango da bandera urdina eta Arrigunagakoan hamaikagarren aldiz.

Ingurumen Aretoak "Zentro Urdina" izendapena jaso du

Bestalde, Larrañazubin dagoen Ingurumen Aretoak "Zentro Urdina" izendapena jaso du aste honetan bertan, ADEAC-FEE erakundeak berak ematen duen bereizgarria. Aitorpen hori jaso duen EAEko ekipamendu bakarra da. Zentro Urdina izateko irizpide batzuk bete behar dira; izan ere, zentroa kokaturik dagoen udalerriak Bandera Urdina jaso duten hondartzak eduki behar ditu. Gainera, "Zentro Urdina" izateko, bisitari-zentro bat behar da, itsasertzeko ekosistemei eta garapen jasangarriari buruzko ingurumen-hezkuntzako jarduerak egiteko, baita Bandera Urdina programari buruzko informazio espezifikoa eskaintzeko ere. Programa hori 1987tik dago aktibo, eta gaur egun 5 kontinenteetako 47 herrialdek baino gehiagok osatzen dute.

"Bandera urdina lortzen jarraitzeko ahalegina merezi duela uste dugu, Ereaga eta Arrigunaga portu-eremuaren barruan dauden bi hondartza izateagatik. Gainera, Larrañazubiko gure Ingurumen Aretoa zentro urdin gisa jartzeko aukera ematen digu", azpimarratu du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzuen eta Ingurumen Kalitatearen zinegotzi arduradunak.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +