Berriak

Aixerrotako ingurumena biziberritzeko lanak

2020/01/30

Aixerrotako ingurumena biziberritzeko lanak egingo ditu Udalak, kostaldeko txilardi atlantikoaren eremua handitzeko proiektu baten bidez

leheneratzeko eremua

Udalak Aixerrotako itsaslabarraren gainean dagoen eremuko ingurumena hobetzeko lanak egingo ditu laster, babestutako espezie autoktonoa den kostaldeko txilardi atlantikoa (Erica vagans) bere onera ekarriz. Zeregin horiek aste honetan hasten dira eta 31.162 euroko aurrekontua dute; horietatik %75 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jarriko ditu. Udalak, bere Ingurumen Arloaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, Galea inguruko itsaslabarren ingurumena lehenera ekartzeko lanak egiten ditu 2014tik, gure udalerriko gune pribilegiatua baita. Beraz, Aixerrotan egingo den jarduera Galean egindako ekintzen jarraipen gisa ulertzen da, han jada txilardi atlantikoa birsortzen ari baita. Kostaldeko txilardiak habitat-mota urria, delikatua eta biodibertsitate handikoa osatzen du, eta azken hamarkadetan galdu egin du bere hedadura potentzialaren zati handi bat gizakiaren ekintzaren ondorioz.

Esku hartuko den lurzatiak 3.100 m2 inguruko azalera du, eta Aixerrotako errotaren inguruan dago, oinezkoen pistaren eta itsaslabarraren artean. Eremu osoak, Arrigunagako hareatzatik Gotorlekuraino doanak eta aipatutako lursaila hartzen duenak, zortzi hektareako azalera du guztira. Getxoko eta inguruko herrietako biztanleek asko erabiltzen dute paseatzeko edo bizikletan ibiltzeko.

Habitat interesgarria eta babestua

Landare-estalduraren eta habitaten ikuspegitik, Aixerrota multzoan lau eremu nagusi bereizten dira: belardi erdi-naturala, sasitza, txilardi finkatua eta albitz-belardia (albitzak, tamaina handiko landare gramineoa, nagusi diren larrea). Hain zuzen ere, jarduketak helburu duen lurzatia albitz-belar eremu horretan kokatzen da. "Txilardi finkatuari hazten eta hedatzen laguntzea da lanekin bilatzen dena, giza jardueraren ondorioz azken hamarkadetan galdu duen lurralde potentziala berreskura dezan. Gainera, Europar Batasunaren ‘Habitataren Zuzentarauak’ babestutako eremua da”, Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotzia den Joseba Arregik azaldu duenez.

Bizkaiko alderdi honetako itsaslabarretan eta kostaldeko txilardietan hainbat flora- eta fauna-espezie endemikoak daude. Espezie horietako askok mehatxu-mailaren bat dute, habitat hori delikatua eta urria delako. Espezie hauen biziraupenean eragin zuzena du txilardiak: belatz handia, belatza, belea, harkaitz-zozo urdina, mozoloa edo txinbo burubeltza. Era berean, oso egokia da bertan narrastien zerrenda zabal bat aurkitzeko: Schreiber muskerretik hasi eta suge espezie ezberdinetaraino, ekosistemaren osasungarritasunean eta mikrougaztunen eta intsektu handien kontrolean paper garrantzitsua betetzen dutenak. Gainera, Arregik gehitzen duenez, "txilardiaren berreskurapenarekin apo lasterkariarentzat (Epidalea calamita) bizi-baldintzarik onenak sortu nahi ditugu, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan kaltebera gisa sailkatuta eta Europako Habitat Zuzentarauan sartuta baitago. Espezie hori Azkorriko eremura mugatuta dago, eta birsortzeko proiektatutako eremura hedatzea oso interesgarritzat jotzen dute adituek populazioaren biziraupenerako eta eskualdeko biodibertsitaterako”.

Aurreikusitako jarduerak

Azaldu den bezala, proiektu berritzaile honen helburua txilardi-eremu finkatuaren hedadura handitzen laguntzea da, eta, horretarako, gauzatu beharreko hainbat eragiketa proposatzen ditu. Lehenengoa, esku hartzeko eremua zatitzea eta babestea, hesi perimetral baten bidez (akazia-zurezko zutoinez eta ehiza-sare batez osatutako sistema batekin), pertsonak eta etxeko animaliak barrura sartzea eragotziko duena. Bestalde, txilardiaren landaketa bat egingo da, korroetan, jarduketa-azalera osoaren% 25ean, hiru arrazoirengatik: birsortze-eremu osoa babesik gabe ez uzteko; albitz-belardiak berak babestu ditzan eguraldi txarretik, errotze-urteetan; eta landarea ahalik eta gehien kontzentratu ahal izateko, txilardiaren landareztatze-dentsitate optimoa lortzeko. Hirugarrenik, itsaslabarraren ertzaren ondoan babes-zerrenda bat gordeko da, non sasitza nagusitzen den, aipatutako korroetan sasitza horrek aurrera egin ez dezan. Eta, azkenik, esku-hartzeko gunearen eta pasealekuaren artean proiektua azaltzen duen informazio-panel bat jarriko da.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +