Berriak

I Paisaiaren ekintza-plana

2016/02/23

Presentación

Getxoko Udalak Paisaiaren I. Ekintza-Plana abiatuko du, “Getxo Paisaia: Arrigunaga-Ereaga” izenarekin

Martxotik irailera egingo da ikerketa

Getxoko Udalak paisiaiari buruzko ikerketa abiatuko du eta kostaldea izango du aztergai, Arrigunagatik Ereagaraino.  Paisaiaren I. Ekintza-Planaren barruko ikerketa da, hain zuzen ere, “Getxo Paisaia: Arrigunaga-Ereaga” izenarekin, Imanol Landa alkateak gaur eskainitako prentsaurrekoan iragarri duenez. Lehenengo ikerketa prozesu horrek barne hartuko du Getxoko 7 kilometroko kostaldeko zati bat,  kilometro bat pasatxo duen zatia, hain zuzen ere. Eremu horretan, paisaiak gune oso esanguratsuak dauzka, esate baterako La Cantera, (Arrigunagan), Abasotako lurmuturra, Jeneratxu parkea, Ereaga hondartza, edo Punta Begoñako galeriak. Martxotik irailera arte, Getxoko enpresa batek ikertuko du gure paisaia; paisajismoan, ingurumenean, hirigintzan eta parte hartzean adituak diren teknikariek egingo dute ikerketa. Eta informazio-jardunaldiekin, gidatutako bisitaldiekin eta lan-tailerrekin tartekatuko da. Ikerketaren idazketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntzarekin egingo da, 21.000 €rekin, eta Udalak, bestalde, parte-hartze planerako diru-laguntza emango du, 8.000 €. 

Paisaiaren ekintza-plana, paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko tresna da. “Udalak uste du udalerriko paisaia naturala dela bere aktiborik garrantzitsuenetako bat, are gehiago ulertzen badugu Getxoko troken, hondartzen eta malden irudia “fatxada” bat dela bisitariarentzat, eta euskal lurralde osoarentzako aurkezpen-gutun moduko bat dela. Horregatik, plan hau etorkizuneko ekintzak paisaiaren ikuspegitik antolatzen dituen tresnatzat du udalak, horrela ingurumenaren, kulturaren eta ikuspegiaren balioak errespetatuz”, adierazi du Imanol Landak. 

Paisaiaren ekintza-plana tresna gisa

Plana idazten denean, Arrigunaga eta Ereaga arteko kostaldeko paisaiaren ezaugarri esanguratsuenak identifikatuko dira, hiri-bilbeko zati kaltetu eta berezienetakoa baita. Prozesu horretan, alderdi teknikoak, kulturalak eta sozialak aintzat hartuta, paisaiak dauzkan balio nagusiak eta bizi dituen gatazka garrantzitsuenak identifikatzen saiatuko dira. Hirigintza zinegotziak, Joseba Arregik, azaldu duenez “planak aurreikusten du teknikariek zenbait “paisaia-unitate” eratu ditzatela, hau da, antzeko babes, kudeaketa edo antolaketa premiak dauzkaten lurralde-zatiak”. Sei gune edo “paisaia-unitateetan” banatuko da egitasmoa: punta Begoña-Tamarises; Tamarises-Portu Zaharra; Portu Zaharra-Jeneratxu; Usategi; Abasotako lurmuturra; eta Arrigunaga.

Planaren azken xedea “paisaia-kalitateko helburuetan” jasotzen da, hau da, Getxok bere inguruneko paisaia-ezaugarriei dagokienez dauzkan nahietan. “Beste modu batean esateko, planaren emaitzak euskal kostaldearen alde honetan etorkizunean egingo diren ekintzetan erreferentzia-puntu bat edukitzeko tresna bat emango du. Izan  ere, getxotarrok, itsasadarreko bestaldeko gure auzokoek eta, itsasotik zein lurretik, gero eta gehiago datozkigun pertsonek oso atsegina dugun alderdia baita”.

Aurtengo udarako ezagutuko dira planaren emaitzak, Arregik iragarri duenez. 

Ikerketan herritarren parte hartzea

Ekintza-planen idazketarako herritarren parte hartzea bilatzen da, teknikariei Getxoko paisaiaren kultura eta nortasun izaerako dimentsioa bereganatzen laguntzeko. Zentzu horretan, paisaiaren ekintza-planaren idazleek herritarrengana hurbildu nahi dute, itsasoko fatxada beraientzat zer den bertatik bertara jakiteko. Hori guztia ikerketa gisa planteatzen da, teknikariek gidatua, baina herritarrentzat irekitako alde bat izango duena, baita gidatutako bisitaldiak ere, ikertuko den kostaldeko zatian zehar.

Horretarako, zenbait ekintza publiko prestatu dira, Getxoko paisaiari dagokion balioa emateko. Era berean, paisaiari buruzko informazioa bilatuko da. Izan ere, martxoaren 4an, informazio-jardunaldia egingo da, eta bertan Getxoko kostaldeko paisiari buruzko hitzaldi bat eskainiko dute bi paisaia-teknikarik. Hitzaldia 18:30ean hasiko da Villamonteko Kultur Etxean, sarrera librea dela, gehienez 60 lagunentzat. Ondoren, lan-taldea osatuko da 20 lagunekin, parte-hartze  prozesu horretarako berariaz hautatuko direnak (kolektibo desberdinen artean hautatuko dira, hala nola, inguruko auzo, gazte eta emakume elkarte, ezgaitu, kirol eta itsas talde eta ostalarien artean, uste baita lotura berezia dutela planak helburu duen eremuarekin. Gainontzeko plazak hiritarrentzat geratuko dira libre).

Biharamunean, martxoaren 12an, 11:30ean, bisita gidatua egingo da Arrigunagatik Ereagaraino, eta gure paisaiaren ezaugarriak ezagutzeko aukera aparta izango da.

Azkenik, bi tailer antolatuko dira: bata, aldez aurretik idazle-taldeak ezarritako helburuak baloratu eta aztertzeko; eta bigarrena, helburuak lortzeko idazle-taldeak aldez aurretik ezarritako ekintzak baloratzeko.

Bisita eta tailerrak ere dohainik izango dira eta ostiral honetatik, otsailaren 26tik, aurrera eman daiteke izena: getxopaisaia@getxo.eus edo 94 643 06 54 tel.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +