Berriak

Gorrondatxe-Azkorri hondartzan “Urrezko Iltzea” ipini dute

2012/02/13

Puesta del Clavo de Oro

Geologia-zientzietako Nazioarteko Batasunak Gorrondatxe hondartzako itsaslabarrean dauden estratuek duten balio geologiko izugarria aitortu du, gaur bertan Estratotipoa Lutetiar aro geologikoko munduko erreferente izendatuz ofizialki. Horregatik, hondartzan azaleratutako sekzioaren geruzan “Urrezko Iltzea” delako bereizgarria erakusten du. Berezigarri horrekin estratigrafiaren alorrean bitxiak diren eta ezaugarri bereziak dituzten lekuak aintzatesten dituzte adituek. Gaur goizean bertan  ipini dute aipatu estratuak, 48 milioi urte inguru dituzten estratuak dauden toki berean. “Urrezko Iltzea”-ren ekintza ofizialetan izan dira Imanol Landa Getxoko alkatea, Xabier Orue-Etxebarria EHU/UPVko Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedraduna eta Gorrondatxeko estratotipoa ikertu duen taldeko burua eta Eustoquio Molina Nazioarteko Paleontologia Azpi-batzordeko presidentea, beste agintari batuekin eta nazioarteko elkargo zientifikoko beste ordezkari batzuekin batera.
Imanol Landa alkateak, EHU/UPVko ikertzaile taldeak hainbat urtez egindako lana eskertu ondoren, Getxorentzat berezigarri honek duen garrantzia azpimarratu du. “Izendapen horrek zenbait eremurengan du eragina, nazioarte mailako zientzialarien esparruan, turistikoan, Zumaiakoarekin batera, etorkizunean parke geologiko bat egin daitekeelako, eta baita hezkuntzakoan eta pedagogikoan ere”. Egoera horren eraginez munduko hainbat eta hainbat ikertzaile etorriko da Getxora bere ikerketa lanak egitera.

Lutetiarrean, Gorrondatxe-Azkorriko hondartza, arroka eta sedimentuak, eta bere inguru osoa itsas hondoan zeuen, mila metro inguruko sakoneran, eta planetako tenperatura gaur egungoa baino beroagoa zen. Arroketan geratu dira idatzita eta itsatsita gure planeta, Lurra, sortzerakoan eta bere bilakaeran izandako gertaera zenbatezinak. Harri horietan dago idatzita bere historiaren zati bat. Historia luzea, bada, geologoek berritu asmo dituzten gertaerez beterikoa. Lurraren azaleko hainbat lekutan azaleratutako haitzetan gordeta geratu den informazioa ikertuz eta “irakurriz” berritu gura duten historia, ondoren arroka horiek  Geologia-Denboren eskala izena hartzen duen eskalan antolatzeko. Eskala hori denborazko eremu bat da, balio globalekoa, denbora-tarteetan banatzen dena (Eon, Aro, Periodo, Epoka eta Estaietan) eta bere definizioa Estratigrafian oinarritzen da, hau da, sedimentuak batuz eratzen diren haitzetan agertzen diren estratu edo geruzen ikerketa eta interpretazioan.


Mundu osoko geologoentzat Gorrondatxeko estratotipoak balio izugarria dauka. Xabier Orue-Etxebarriak 1977an hasi zituen Gorrondatxeko estratuei buruzko ikerketa lanak, eta bere ustez “leku aparta da, berezia. Horregatik agindu ziren ikertze lanak. Horien emaitza izan zen ,besteak beste, bi fosil espezie berrien aurkikuntza: bizkaiensis eta gorrondatxensis deitu genituen, azken izena hondartzaren omenez”.
Nazioarteko Paleontologia Azpibatzordeko presidenteak, Eustoquio Molinak, honen harira nabarmendu duenez ere “ebakidura sinestezina da, agerian dagoena, estraktu guztien laginak har daitezke, indar handikoa da, 47,8 milioi urteko antzinatasunarekin. Garai haietan zer gertatu zen jakin nahi duen ikertzaile oro etor daiteke Gorrondatxera”.

“Urrezko Iltzea” ipintzeaz gainera, Gorrondatxe-Azkorri hondartzako sarbidean estratotipoaren ezaugarriei buruzko  informazio-panela lekutu dute gaur. Gorrondatxe-Azkorri eta Getxoren izenak, hartara, geologia liburuei lotuta agertuko dira etorkizunean.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +