2026/9/1

Getxo Kirolak-ek Fadurako padel- eta tenis-pisten pabiloi berriaren proiektua lizitaziora atera du
Getxo Kirolak-ek Fadurako kiroldegian padelpistaz eta tenis-pistaz estalitako pabiloi berri baten proiektua idazteko lizitazioa egin du. Atariko azterlan honen enkargua Thinking Fadura parte-hartze prozesutik sortu da, eta udal ikastaroetan nahiz bere kabuz padel erabiltzaile askok egindako eskaera handiari erantzuten dio. Pabiloi berria gaur egun estali gabeko tenis-pistek hartzen duten espazioan eraikiko da, gutxi gorabehera 19.500 metro koadroko azalera duen gune bat, estalitako 6 tenis-pista dituen eraikinaren ondoan.
Proiektuaren beharren programan jasotzen den bezala, pabiloi berriak gutxienez 13 padel-pista eta 4 tenis-pista izan beharko ditu. Hala, aurkezten diren proposamenek oinarrizko eskakizun horiek errespetatu beharko dituzte eta balizko hobekuntzak aztertu, hala nola pistetako batean harmaila mugikorrak sartzeko aukera edo padel pisten kopurua handitzea, ahal izanez gero. Era berean, pabiloiak berotze-ariketak egiteko gune ireki bat, komunak, banakako aldagelak eta aldagela kolektiboak, biltegi-gunea eta jendeari arreta emateko bulego txiki bat izan beharko ditu. Pabiloi berri hori errealitate bihurtu ondoren, Getxo Kirolak-en asmoa da egun frontoien eraikinean eskaintzen den padel jarduera guztia bertan zentralizatzea eta eraikinaren eraberritze integralari aurre egitea.
Aurreproiektua, oinarrizko proiektua eta ekipamendu berri hori gauzatzeko proiektua idazteko interesa duten enpresek 25 egun izango dituzte (abuztuaren 31tik aurrera) aurkezteko, eta lan horretarako aurrekontua 176.000 eurokoa da.