2023/2/1
Gazteria Zerbitzuak 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako doako orientazio soziolaboral eta juridiko zerbitzu berria jarriko du martxan otsailean. Gonzalo Ayo Gazteria zinegotziak adierazi duen bezala, “zerbitzu honen helburua da udalerriko gazteei laguntza eskaintzea, beren egunerokoan sortu ahal zaizkien legezko zalantzak direla eta”. Ildo horretan, zinegotziak azpimarratu duenez, “kontu txikiei irtenbidea eman nahi zaie eta kasurik konplexuenetan zerbitzu espezializatuetara bideratu erabiltzaileak”.
Batez ere, honako gai hauekin zerikusia duten oinarrizko gaiei erantzungo zaie:
-Etxebizitza (alokairu-kontratuak, fidantzak…)
-Lan-kontratua (kontratuak, langileen eskubideak…)
-Fiskalitatea eta zergak (PFEZ, jarduera ekonomikoak…)
-Ekintzailetza (forma juridikoak, nola hasi zure jarduera, oinarrizko izapideak…)
Doako zerbitzua da, eta bertan erabiltzaileak orientatzen saiatuko dira eta egindako kontsultei erantzuteko tresnak eskaintzen. Dena den, zerbitzu horrek ez ditu eta ezin ditu ordezkatu, inola ere, sektoreko profesional espezializatuek emandako zerbitzuak; izan ere, egokitzat joz gero, haiengana jotzea gomendatuko da.
Zerbitzua erabat konfidentziala izango da. Bertara sartzeko, posta elektroniko bat bidali behar da prest@getxo.eus helbidera, bertan adieraziz harremanetarako datuak, kontsultaren deskribapen zehatza eta erantzuna jasotzeko kanala (emaila, bideokonferentzia, WhatsApp edo aurrez aurre).