2023/3/3
Udalak, Gizatiar, Romo-Areetako emakumeen elkartearen laguntzarekin, emakumeentzako aplikazio eta tresna informatikoei buruzko hiru ikastaro abian jartzea bultzatu du. Udalaren 15.000 euroko inbertsioa duten ikastaro horien helburua, emakumeek Interneten eskuragarri dauden informazioa eta kultura eskura izatea sustatzeaz gain, tresna digitalak ezagutzea ere da, kasu askotan dagoen arrakala digitala gainditzeko eta beren ahalduntze digitalean aurrera egiteko.
Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak azpimarratu du “ikastaro hauen bidez emakumeek beren egunerokoan teknologiak inplementatzeko helburua lortu nahi da, haien erabilera erraztuz eta sustatuz. Berdintasun Zerbitzuaren plangintzaren lehentasunetako bat da, eten digitalak genero-osagai garrantzitsua duelako. Abantaila asko lor daitezke dinamizazio digitalaren bidez, esate baterako, gizarte- eta familia-komunikazio handiagoa eta hobea, segurtasun eta autonomia handiagoa, izapidetze elektronikoko zerbitzu espezifikoetarako sarbidea eta erabilera hobetzea, eta onura ludikoagoak, hala nola ikaskuntza autonomoa, kultura-ondasunetarako sarbidea edo entretenimendu digitala”.
Bestalde, Mercedes Lerjarzak, Gizatiar elkarteko buruak, nabarmendu du elkarteak arrakala digitala atzeman duela bazkideen artean eta “uste dugu tresna berrien ezagutzarekin eta praktikarekin gizarte-komunikazio handiagoa lor dezakegula, independentzia handiagoa izan dezakegula eta seguruagoak sentitu gaitezkeela. Izapide asko digitalki kontrolatzen ez baditugu, eremu batzuetan baztertuta geratzeko arriskua dugu, eta, horregatik, mugikorra, tableta, ordenagailua... erabili behar ditugu, bakoitzaren interesen eta beharren arabera”.
Areetako akademia batean egiten ari diren ikastaroak Getxoko emakumeentzat dira, 60 urtetik gorakoek lehentasuna izanik. Lehen ikastaroa telefono mugikorrari buruzkoa da, bere aplikazioak eta erabiltzeko era segurua; bigarrena posta elektronikoari buruzkoa eta hirugarrena Internet bidezko kudeaketak egiten ikasteko (erosketak, sarrerak, Osakidetzaren osasun karpeta, izapideak Udalaren webgunean…) . Guztira 120 emakumek hartuko dute parte, zortzi taldetan banatuta. Goizalde Pérez Etxebarriak, mugikorra erabiltzeko ikastaroko parte hartzaileak uste du gaur egun telefonoa gero eta beharrezkoagoa dela zenbait izapideak egiteko. “Beldurrak kendu eta hobeto erabiltzen ikasi nahi dut, Internetera sartu ahal izateko. Horregatik mota honetako ikastaroetan parte hartzera animatzen dut”, amaitu du Goizalde Pérezek.
Interesa duten emakumeek izena eman dezakete saioetarako prestatutako itxaron-zerrendetan, 688714023 telefono-zenbakiaren bidez.
Era berean, aurrerantzean Udalak arrakala digitala murrizteko ikastaro gehiago abian jartzeko asmoa du, horien artean, adinekoentzat eta etorkinentzat, Eusko Jaurlaritzako KZguneak Urgull Zentroan eta Romo Kultur Etxean eskaintzen dituenekin batera.