Berriak

Getxoz gozatzeko planak 2021

2021/03/25

85 plan eta esperientzia turistiko Getxon disfrutatzeko Aste Santutik aurrera

 

Planak

Getxoko Turismo Bulegoak, udalerriko 261 enpresarekin elkarlanean, "Getxoz gozatzeko planak 2021" eskaintzaren berri eman du. 85 plan eta esperientzia turistiko dituen programa honek du helburu krisi sanitarioaren garai honetan herritarrei eta bisitariei hurbiltzea udalerrian egin daitezkeen eta tokiko sektorearekin elkarlanean antolatutako planen eta esperientzien eskaintza guztia.

Turismo zinegotzia Irantzu Uriartek adierazi duen bezala, beste behin ere, eskaintzaren helburua da Getxo hainbat eta hainbat jarduera egiteko leku gisa kokatzea, publiko eta gustu guztientzat, eta, beraz, merezi du behin eta berriz bisitatzea. “Aurten”, esan du Irantzu Uriartek, “mugikortasun-murrizketak kontuan hartuta, kanpaina bereziki Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidegoan egingo da. 2021ean, tokikoaz are gehiago gozatu behar dugu, gure herriak beste era batera bizi, eta, horrela, gure ekonomiari eusten lagundu. Alde batetik, baliabide ezagunenen ordezko planak eskaintzen ditugu, erakargarriak izan daitezen, Getxo ezagutzen duten bisitariak eta txangozaleak beren egonaldia errepikatzera anima daitezen eta, bestetik, bisitarien egonaldia luzatzea, tokiko enpresetan eta udalerri osoan eragin ekonomiko handiagoa lortzeko".

Aurrekoetan bezala, eskaintza itsasoarekin eta irristatze-kirolekin lotutako planetan banatzen da: "Getxo Kosta" (28 plan), Getxo Monumental-Kulturala (17), Getxo Aktiboa eta Ongizatea (31) eta Getxo Enogastronomikoa (9). Planen eskaintza guztia www.getxo.eus/planak webgunean kontsulta daiteke.

Tokiko enpresak ahalegin handia egiten ari dira bezeroei ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko, beren zerbitzuak ematean higiene-, osasun- eta segurtasun-neurri guztiak aplikatuz. Alde horretatik, azpimarratu behar da jarduera asko bermatuta badaude ere, gaur egungo egoera dela eta, aldez aurretik erreserba egin behar dela. Gainera, jarduera asko "neurrira" egin daitezke, "burbuila-taldeak" mantendu ahal izateko eta beste pertsona batzuekin harremanetan ez jartzeko.

Aste Santuan egitekoak

Plan-eskaintzak Aste Santuko oporretan egingo diren hainbat ekimen jasotzen ditu:

- Abratik 2,5 orduko zeharkaldia belaontzi batean. Apirilaren 1, 2, 3 eta 4an. 11:30etik 14:00etara. 45€ pertsona bakoitzeko.

- Gozatu iluntzeaz itsasontziaren estalkitik. Apirilaren 1, 2, 3 eta 4an, 18:30etik 21:00etara. 49€ pertsona bakoitzeko.

- Nabigazio Lizentzia ikastaroa (berria). Apirilak 11. 130€. 6 ordutan nabigazio-lizentzia lortzeko beharrezko teoria eta praktika ematen dira. Parte-hartzaileek motordun itsasontzi bat eta belaontzi bat nolakoa den ikasteko aukera izango dute. Nabigazioa Abran eta Bilboko itsasadarrean egingo da, ahal den guztietan eskala tekniko labur bat eginez.

- "Altxorraren bilaketa belaontzian" Gynkhana. Jack Smith piratak, zenbait itsasontzi arpilatu ondoren, altxor bat ezkutatu zuen Abrako badian. Itsasoratu zaitez eta 4 ordutan zehar Abrako gunerik politenak ezagutuko dituzu pirataren ezkutuko asmakizunak deszifratzen ditugun bitartean. Neurrira, gutxienez 3 pertsonako taldeentzat. 60€ pertsona bakoitzeko.

- Surf ikastaroa. Ikaskuntza pertsonalizatua monitore kualifikatuekin eta talde murriztuekin. 10 ordu 5 egunetan. 150€.

- Belaontzian produktuak dastatzeko aukera itsasadarrean zehar. Neurrira, gutxienez 4 pertsonako taldeentzat. 79€-tik aurrera pertsona bakoitzeko.

- Bizkaia Zubiko oinezkoentzako pasabidera igotzea. Egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 9 €.

- Bisita audiogidatua itsasontziz–Bote Tours. Egunero. 6€-tik aurrera pertsona bakoitzeko.

-"Jauregiko arroken istorio sekretuak" bisita. Bizkaia Zubitik Punta Begoñako Galerietara. Apirilaren 4a. 11:00etatik 13:00etara 3€ pertsona bakoitzeko.

- Hegaztien behaketa Galean. 08:00etatik 11:00etara. Neurrira, gutxienez 2 pertsonako taldeentzat. 25€/ pertsonako.

- Running Getxon. Profesional baten eskutik. 30€/ pertsonako (3-5 pertsonako taldeak).

- Basoko bainua. Neurrira, gutxienez 4 pertsonako taldeentzat. 5 €-tik aurrera pertsona bakoitzeko.

- Master Class Tamarises Izarra. Javier Izarra sukaldariaren eta bere taldearen eskutik, esferifikazioak eta gelifikazioak egiten eta sifoia eta huts-teknikak erabiltzen ikasi ahal izango da jatetxeko sukaldean. Data: apirilaren 6a, 18:30etik 20:00etara. Prezioa: 40 €/ pertsonako.

- Euskal garagardo artisauen dastaketa. Txinuk tabernan, bost garagardo dastatzeko aukera izango da. Garagardoak estilo, elaborazio-prozesu, jatorri eta ezaugarri desberdinetakoak izango dira, eta herrialdeko produktuen mokadua izango dute lagun. Eguna: apirilaren 3a, 12:00etatik 13:30era. Prezioa: 15€.

- Pintxoak. Getxoko edozein auzotan, pintxo gozoak dastatzeko aukera. Establezimenduen zerrenda gidan bertan agertuko da.

Informazio gehiago eta erreserbak Turismo Bulegoan (Ereaga), 94 491 08 00 telefonoan eta infoturismo@getxo.eus helbidean.

Bizkaia Zubiaren ondoko Turismo Informazioko Gunea asteburu honetatik aurrera irekiko da, astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:30era eta 15:30etik 18:00etara. Jaiegunetan, 10:00etatik 18:00etara.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +