Berriak

Getxoarte 2021

2021/04/20

Getxoartek 2021eko programazioari ekingo dio, tokiko sorkuntzari begira. Pandemiaren ondorioek markatutako urte baten ondoren, tokiko sektore artistikoa izango da proposamenaren lehentasuna, eta hiru ardatzetan egituratuko da: Bitartekaritza eta Egoitza Programa, urte osoan zehar garatuko dena eta Getxoko artisten, kolektiboen eta hezkuntza-zentroen arteko interakzioa bilatuko duena; «Kalekoak», uztailaren 5etik 18ra bitartean adin guztietako publikoentzako jarduerak biltzen dituen jaialdia; eta, azkenik, Romo Kultur Etxean urte osoan eginiko lana erakutsiko duten jardunaldiak.

Bitartekaritza eta Egoita Programak, Ibon Garagarza eta Miren Begoñe Bilbao komisarioen gidaritzapean, honako helburu hau du: tokiko eragileekin proiektuak garatzea, arreta berezia jarriz arte-hezkuntzan eta artista getxotarren lanaren hedapenean, baina inguruko mugimendu eta ekintzei bizkarra eman gabe. Ekimena duela gutxi abiatu da Getxoarte 2021 Egoitza Bekaren deialdiaren eskutik, zeinaren helburua da estatuko artista baten eskutik diziplina anitzeko sorkuntza eta/edo ikerketa proiektu irekia bultzatzea. Eskabideak jasotzeko epa apirilaren 30ean amaituko da eta emaitza abenduan Romo Kultur Etxean egingo diren jardunaldietan aurkeztuko da.

Aldi berean, programak «Artista bat auzoan/Mi vecin@ es artista» proiektuari berrekin dio. Horren bitartez diziplina anitzeko (pintura, ilustrazioa, argazkigintza, antzerkia, eskultura)artista getxotarren bizipenak hurbildu eta haien lana ikusaraziko ditu. Bigarren ekitaldi honetan Esti Amo, Eriz Moreno, Igor Sarralde, Albar Cirarda, Olatz Otalora, Marta Iraurgi, Raquel Asensi eta Juan de la Rica artistek hartuko dute parte. Lehenengo fasean, maiatzetik ekainera, Kultur Etxeko sare sozialetan zabalduko diren bideoen bidez, sormen-prozesuak azalduko dituzte, eta egungo egoerak nola eragin dien azalduko dute. Bigarren fasean, urritik abendura, tailerrak, topaketak edo artisten estudioetara bisitak antolatuko dira.

Azkenik, programaren barruan ere, joan den ostiralean Esteban Ramos Erdozia argazkilariaren «Hezetasuna» proiektua aurkeztu zen Getxoarterekin elkarlanean dagoen Bi Hormetan erakustokian. Horretan, uztailaren 18ra arte, artistak Getxotik dagoeneko desagertu den paisaia erakutsi du. Gainera, hezkuntzaren atalean, sorkuntza garaikidea haur eta gazteei hurbiltzeko asmoz, proiektu artistikoak bultzatuko dira, tokiko bi sortzailek koordinatuta hezkuntza-zentroetan. Oraingoan, Raquel Asensi artistak Algortako Zubileta Eskolako lehen hezkuntzako ikasleekin lan egingo du ingelesez, eta Olatz Otalorak, berriz, Artaza-Romo institutuko Batxilergo Artistikoko ikasleekin.

Kaleko ekitaldiak

Bestalde, uztailaren 5etik 18ra, Getxoarteren bigarren ardatzari dagokion ekimena izango da, kaleko ekitaldien programa, hain zuzen ere, bitartekaritza-programarekin lotzen dena. Horretan, familiarteko eta publiko orokorrarekiko interakzioa bilatuko da hurbileko hainbat diziplinatako tailerren bidez (pintura, eskultura, argazkia), argazki-rallyak, aire zabaleko pintura-lehiaketak eta tokiko arte publikoa ezagutzeko ibilbideak. Horrez gain, «Regoyos abiapuntu-Desde Regoyos» proposamena aurkeztuko da. Bertan, arkitektura, ikerketa eta historialarien artista eta profesionalak gonbidatuko dira sorkuntza-prozesuetatik bizi garen lekuari eta uneari buruz hausnartzera.

Azkenik, abenduaren 17tik 19ra bitartean, jardunaldiak egingo dira Romo Kultur Etxean. Horietan, urte osoan zehar egin diren Bitartekaritza eta Egoitza Programaren baitako ekimenen emaitzak izango dira ikusgai, beste ekitaldi batzuekin batera: tailerrak, erakusketa…

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +