Berriak

Komisario-talde berria Getxoarten

2019/05/23

Getxoartek komisario-talde berria izango du aurten hasita. Komisario berriek azken bost urteotan programen arduraduna izan den Eduardo Hurtado ordezkatuko dute. Horrela, pertsona bakarreko komisariotzak taldeko-zuzendaritzari leku egingo dio eta horri esker ikuspegi eta ahots anitz izango ditu Getxoartek. Iaz bezala, programetan eginiko lana Romo Kultur Etxean izango da ikusgai, abenduaren 13tik 15era.

Julia Morandeira eta Isabel de Naverán ikertzaile getxotarrak Programa Eszenikoaz arduratuko dira, publikoari proiektu garaikide eszeniko-performatiboak gerturatzea helburu duen ekimena, hain zuzen ere. Morandeira Madrilgo Maiatzaren Biko Arte Zentroaren La Escuelita ikerkuntza-laborategiko zuzendarikidea da. Halaber, Teatros del Canal zentroetako zenbait ekimen zuzentzen ditu. Bestalde, Isabel de Naveránek arte eszenikoen ikerkuntzan jardun da azken urteotan. 2016tik 2018ra  “Elipsiak” dantza zikloaren komisarioa izan zen Azkuna Zentroan eta 2017. Urtetik Aurrera Madrilgo Reina Sofía Museoaren dantzarako aholkularia da. 2010ean, Bulegoa Zenbaki Barik  arte- eta ezagutza- bulegoa abian jarri zuen Leire Vergara, Miren Jaio eta Beatriz Caviarekin batera eta 2018an proiektu horrek Gure Artea saria jaso zuen.

Erakusketa programari dagokionez, praktika artistiko garaikideari eta ikerkuntza-proiektuetara zabalik dago eta Okela Sormen Lantegiko kideak diren Sahatsa Jauregi eta Irati Urrestarazu izango ditu arduradun berriak. Proiektu hori 2014. urtean abiatu zen Bilbon, Euskal Herrian egungo artearen testuingurua aktibatu eta  artista plastikoen eta bisualen arteko harremanak sustatzeko asmoz. Antolatu duten ekimen nagusien artean aipatu behar dira Artist Meeting Point delakoa, artisten sare digitala eta Getxoarte eta Bilboko Loraldia jaialdirako erakusketak.

Azkenik, Ibon Garagarza eta Miren Begoñe Bilbao arduratuko dira Bitartekaritza eta Arte-egoitzen Programaz. Biak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretan Lizentziadunak dira eta 1998 geroztik arte-hezkuntzan jarduten dira, zenbait erakunderekin elkarlanean. 2009tik aurrera Zirri Marra Arte Tailerra zuzentzen dute eta 2017. urtean Bi Hormetara erakusgunea zabaldu zuten; horren bitartez, tailerrean eginiko lana osatu eta artearen eremuan hezkuntza duen garrantzia nabarmendu nahi dute.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +