2026/4/7
Getxo Kirolak-ek 26.085 abonaturekin itxi zuen iazko ekitaldia. Hau da, 1.077 pertsona gehiago aurreko urtearen aldean. Getxoko kiroletako udal-erakundearen abonuen eta kudeaketaren adierazle nagusietako batzuen bilakaerak, laugarren urtez jarraian, goranzko joera berretsi du.
Álvaro González Getxoko Kiroletako zinegotzia pozik agertu zen datuekin, eta gogorarazi zuen "kirol-eskaintza modernizatzeko egiten ari den lanaz gain, bereziki Aukeran programarekin eta 60 urtetik gorako pertsonentzako eskaintza zabaltzearekin, erronka handienetako bat udal-kiroldegietako instalazioak hobetzea eta berritzea dela, jarduerak ematen jarraitu ahal izateko. Eta, bereziki, Fadurarena, Thinking Fadura izeneko prozesu irekiaren bidez. Prozesu horrek lehen fruituak eman zituen iaz TikiToki Zentroa abian jarri zenean, eta aurten jarraipena izango du harmailen eraikina osorik berritzeko obrarekin, atletismo-eremuari, errugbi-guneari eta belodromoari zerbitzua ematen diena". Era berean, Gonzálezek gogorarazi zuenez, "emaitza onak lortzeko joera hori ez litzateke posible izango Getxo Kirolak-en modu batera edo bestera lan egiten duten pertsonarik gabe. Hori dela eta, aurten ere eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiet hartutako konpromisoagatik eta egindako lan onagatik".
Kirol-programa eta -jarduerei dagokienez, 2025ean 16.608 pertsonak hartu zuten parte. Horietatik 11.706k ikastaro-programetan eman zuten izena; 2.074 haurrek eskola-kiroleko jardueretan; eta 3.890 pertsonak udalerrian egin ziren 300 ekitaldi ingurutan.
Urteko instalazioen erreserba-kopuruari dagokionez, 24.673 dira guztira (2024an baino 1.077 gehiago). Ohikoa denez, gehien eskatzen diren instalazioak padel (13.158 ordu), tenisa (9.028 ordu), frontoiak (2.427 ordu) eta kiroldegiko kantxak (1.582 ordu) dira. Gainera, Getxo Kirolak-ek astean 1.368 ordu utzi zizkien herriko klubei eta kirol-elkarteei entrenamenduak eta jarduerak egiteko.
Ekonomiari dagokionez, Getxo Kirolak-ek 13,8 milioi euro pasatxoko aurrekontua kudeatu zuen, eta % 35,72ko autofinantzaketa-ehunekoa lortu zuen.
Interesa duten pertsonek eskuragarri dute Getxo Kirolak-en webgunean iaz egindako kudeaketa zehatz-mehatz jasotzen duen argitalpena.