2025/2/12
Ospakizun bikoitza egin zen atzo asteartea, hilak 11, XVIII. “Getxo Sasoi Sasoian” Kirol Sarien galan, 2024ko kirolari onenen aitorpenarekin eta TikiToki Zentroaren inaugurazio ofizialarekin, Fadurako espazio sozial eta kirol espazio berria.
Ekipamendu hori Getxo Kirolakez gain erabiliko duten kluben kolektiboaren beharrak kontuan hartuta diseinatu eta eraiki da.
Hain zuzen ere, zentroa inauguratzen zuen zinta-mozketaren ondoren, “Elkarlanean” leloarekin egin zen galaren hasieran, Amaia Aguirre alkateak udalerriko klubak aipatu zituen, Getxo Kirolakekin izandako lankidetza eta Thinking Fadura prozesuan parte hartu izana eskertuz. “Beharrezkoa da, beraz, Fadurako instalazioak berritzeko Thinking Fadura prozesuaren barruan egiten ari zareten lan guztia balioestea eta eskertzea. Badakigu urte biziak izaten ari direla, inplikazio handikoak eta Getxo Kirolak eta klub eta elkarteen arteko lankidetza handikoak. Horregatik da hain beharrezkoa Getxo Sasoi Sasoian jaialdiaren leloa gogoratzea eta azpimarratzea: "Elkarlanean". Talde-lana. Kirolaren esparruan ondo ezagutzen duzuen modu bat da, eta ezinbestekoa kirol-lorpenak lortzeko, banaka edo taldeka, gaur sarituko ditugunak bezalakoak”.
Bakarkako eta taldekako sariak
Bakarkako sari nagusietan, epaimahaiak honako kirolari hauek izendatu zituen 2024ko kirolari onenak: senior mailan, Victoria Madariaga, Sanse Complutense klubeko jokalaria, Espainiako selekzioarekin lortu zuen 21 urtez azpiko Europako azpitxapelketagatik; eta José "Chefo" Basterra eta Rafael Villalonga, Madrilgo Club de Campoko hockeyko jokalariak, Parisko Joko Olinpikoetan Espainiako selekzioarekin lortutako diploma olinpikoagatik. Promesa kategorian, Maialen Narbona Punta Galea Tx. E.-ko txirrindularia, pistako zein errepideko probetan lortutako emaitza bikainengatik, baita taldekako Espainiako Erlojupeko Txapelketagatik ere, besteak beste; eta Telmo Fisher Aviron Bayonnais taldeko errugbi jokalaria, Espainiako selekzioarekin 18 urtez azpiko Errugbi 7-ko Txapelketan irabazitako zilarrezko dominagatik.
Sari kolektiboetan, senior mailan, Getxo Rugby emakumezkoen taldea, Ohorezko Mailara igotzeagatik; eta gizonezkoen Getxo Saskibaloiko bigarren taldea, Bigarren Nazional mailara igotzeagatik. Promesatan, emakumezkoen Getxo Igeriketa Waterpolo Bolue Elkartea, Espainiako Txapelketan lortutako 12 dominengatik; eta Getxo Rugby-ko 16 urtez azpiko mutilen taldea, Euskadiko Txapelketan lortutako garaipenagatik.
Sari bereziak
Marka Hautsiz Real Club Jolasetarentzat, Espainiako II. Hockey Plus Txapelketa antolatzeagatik; Kiroltasuna Alejandro Marín Dobaranentzat, atletismoari eskainitako dedikazio luzeagatik; Getxo Zabala Konektia enpresarentzat, dibertsitate funtzionalarekin lotutako kirol proiektuei ematen dien laguntzagatik; eta, azkenik, Aitzindaria Francisco Javier Izkoarentzat, Real Zaragoza eta Granada FC bezalako taldeetan egindako futbol ibilbideagatik.
Alkateak saritutako pertsona eta erakunde guztiak zoriondu zituen eta egindako lana eskertu zien. “Eta ez lehiatzeko orduan duzuen bikaintasunagatik bakarrik, baizik eta elkartasunaren, konpromisoaren eta komunitatearen aldeko lan desinteresatuaren eredu izateagatik”, esan zuen TikiToki Zentro berrian 360 lagun inguru bildu zuen galan.