2024/10/24
Getxo Uretan Blai ekimenak talde-lana eta ingurumenaren zaintza landuko ditu kirolaren bidez
Getxo Kirolak-ek herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako kirol programazioa zabaldu du Getxo Uretan Blai ekimenarekin. Ekimen horri esker, herrian tradizio handia duten bi kirol nautiko praktikatu ahal izango dituzte, bela eta arrauna, hain zuzen ere. Proposamen hau 1. eta 4. mailako ikasleei zuzendutako eskola-igeriketako programaren jarraipena da. Hainbat belaunalditako ikasle getxoztar ugarik Fadura eta Gobelako igerilekuetan igeri egiten ikasi dute. Hala, orain, 5. eta 6. maila egiten dutenek, eskola-urtean zehar, aukera izango dute itsas kiroletan hasteko, ikuspegi hezitzailea, inklusiboa eta ingurune naturalarekiko errespetuzkoa izango duen metodologiarekin.
Getxo Bela Eskolak koordinatutako bela programaren helburua da ikasle getxotarrak nabigatzen hastea, herriko itsasertza modu praktikoan ezagutzea, ingurumena zaintzeko beharra sentitzea eta kontzientzia ekologikoa garatzea, kirola naturarekiko errespetuarekin lotzeko.
Era berean, arrauneko prestakuntzak, Getxo Arraun klubarekin lankidetzan, kirol tradizional hori hurbiltzea du helburu, jarduera fisikoa eta talde-lana egitearen balioak, lankidetza eta ahalegin partekatua sustatuz.
Irailean, lehen fase pilotu bat egin zen, eta San Nikolas ikastolako ikasleek parte hartu zuten, oso balorazio positiboarekin. Eta apiriletik ekainera bigarren fase bat antolatzea aurreikusi da, udalerriko ikastetxe gehiago sartzeko.