2024/10/22
2,3 milioi euroko aurrekontua du lanak, eta maiatzean amaitzea aurreikusten da
Fadurako frontoien eraikinaren egitura indartzeko lanak abuztuan hasi ziren, eta erritmo onean egiten dute aurrera. Eraikina finkatzeko erabili nahi den obraren jatorria egituretan espezializatutako bi ingeniaritza entzutetsuk egindako proposamen teknikoa da, 2,3 milioi euro inguruko kostua du eta maiatzean amaitzea aurreikusten da.
Getxoko Udaleko Kiroletako zinegotzi Álvaro Gonzálezek gogorarazi duenez, "obra hau aldez aurreko funtsezko urratsa da eraikinaren barrualdea osorik eraberritu eta ekipamenduak eguneratu aurretik. Kontuan izan behar da 1973an eraiki zela, eta egungo kirol-beharrak garai hartakoetatik oso ezberdinak direla, eta proiektu handi horri aurre egin ahal izateko, eraikinaren egitura eta kokalekua erabat seguruak direla ziurtatu behar dugu".
Esku-hartzearen bidez, metalezko koroa bat jarriko da, egungo estalkiaren azpitik eraikineko hormen 320 metro linealak inguratuko dituena, gerriko gisa, kontrahorma gisa funtziona dezan eta eraikinaren egiturazko egonkortasuna ziurta dezan. Metalezko egituraz gain, estalkiari eusten dion barruko zutabe bat sendotzea eta hormigoizko perimetro-hormak nahiz kanpoko sarbideetako eskailerak birgaitzea ere sartuko dira lanetan.
Erreformaren zati handiena eraikinaren kanpoaldean egiten denez, erabiltzaileentzako ia eraginik gabe erabiltzen jarraitu ahal izango da, eta, hala, aldizkako analisi-sistema bat ezarriko da, planteatutako konponbideak espero den emaitza ematen duela ahalik eta epe laburrenean zehazteko.
Thinking Fadura instalazioen eraldaketa- eta hobekuntza-prozesuaren testuinguruan 2.000 pertsona inguruk parte hartu zuten partaidetza-fase batean jaso zen bezala, aurreikusita dago eraikinak erabilera berriak hartu ahal izatea, abonatutako pertsonen, kluben eta herriko kirol-elkarteen lehentasunei erantzuteko.