2024/5/22
Getxo Kirolak-ek klubekin koordinatu ditu lanak, jardueran eraginik izan ez dezaten, eta horien kostua 2 milioi eurotik gorakoa izango da
Getxo Kirolak-ek Bolue eta Gobelako futbol-zelaietako eta Fadurako erabilera anitzeko zelaiko belar artifiziala berrituko du datorren astetik aurrera. Kontuan izanik lehiaketa-denboraldia amaitzear dela, Getxoko udaleko kirol-erakundeak udako hilabeteetan egingo ditu berrikuntza-lan horiek, eta ia 1,5 milioi euroko kostua izango dute. Modu horretan, zelai horietan 11 futbol-klubetan multzokatutako 1.700 kirolari entrenatzen eta lehiatzen direnez, berritzeko obra hori amaituta izango da datorren denboraldia abian jarri aurretik.
Azken belaunaldiko belar artifiziala jartzeaz gain, Fadurako erabilera anitzeko zelaian ureztatze-kanoiak, errugbiko zutoinak eta beisbola jokatzeko behar dena instalatuko dira. Halaber, ureztatzeko kanoi berriak instalatuko dira Bolue 1 eta 2ko zelaietan, Bolue 3an daudenak berritzearekin batera. Era berean, obrako hilabete horietan, Bolueko zelaietako aldagelak handituko dira. Bolue 1 eta 2ko zelaiei dagokienez, 4 aldagela berri, botika-kutxarako gune bat eta komunak berrituko dira; Bolue 3an, berriz, lehendik dauden aldagelak handituko dira.
Obraren kostuaren zati bat (550.000€) Getxoko Udalak finantzatuko du Gobernu Irekiaren eta Modernizazioaren arloak sustatzen dituen aurrekontu parte-hartzaileen testuinguruan. Zehazki, eta iaz herritarrek egindako bozketaren emaitza moduan, zenbateko hori Bolue 1 eta 2ko aldagelak eraberritzeko eta Bolue 1eko zelaiko belar artifiziala berritzeko erabiliko da.