2023/4/3
Getxo Kirolak-ek iazko ekitaldia 23.470 pertsona abonaturekin itxi zuen; hau da, aurreko urtean baino 1.144 gehiago. Abonamenduen zifra maximo historikotik urrun badago ere (2015ean 27.000 baino gehiago izan ziren), udalerriko kirol-erakundearen jarduera-memorian jasotako datuen arabera, oro har gehitu egin dira kirol amateurraren, eskola-kirolaren eta kirol federatuaren jarduerak nahiz instalazioen erabilera.
Neguko eta udako kanpainetan zehar, 5.300 lagun inguruk hartu zuten parte Fadurako eta Gobelako kiroldegietan ematen diren kirol-ikastaroetan. Zenbateko horri fitness eta muskulazioko gimnasioetan matrikulatutako 745 pertsona batu behar zaizkio. Eskola-kirolari dagokionez, Lehen Hezkuntzako 2.126 ikaslek parte hartu zuten Multikirolak eta igeriketako programetan. Gainera, kirol federatuari erreparatuta, Getxo Kirolakek 302 ekitaldi antolatu zituen, eta horietan 4.000 kirolari baino gehiagok parte hartu zuten.
Abonatuek Fadurako eta Gobelako instalazioak alokatzeari dagokionez, berriz, oso nabarmena izan da padeleko pisten okupazioa (14.713 ordu urtean), eta, ondoren, teniseko pistena (7.042 ordu) eta pilotalekuena (2.387 ordu).
2022an, Getxo Kirolak-ek 13,6 milioi euro inguruko aurrekontua izan zuen, eta horietatik 2,5 milioi baino zertxobait gehiago irabazi zituen tasa eta bestelako sarrera gisa.