Berriak

XV. Laboral Kutxa Punta Galea Challenge

2021/10/26

XV. Laboral Kutxa Punta Galea Challenge surf-txapelketaren itxarote-denbora irekiko da azaroaren 1ean

Badator Laboral Kutxa Punta Galea Challengearen XV. edizioa, olatu handien nazioarteko surf-txapelketa, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz iaz izandako etenaldiaren ondoren. Proba honi argi berdea emango dion itxarote-denbora azaroaren 1ean abiatuko da eta martxoaren 31n amaituko da. Aurretik bost hilabete daude Galeako itsaslabarren inguruetara olatu handien etorrera erraztuko duten baldintza meteorologikoak gerta daitezen. Probak babesle berriak ditu, eta horrek ahalbidetuko du sarietara bideratutako zenbatekoa %50 hedatzea. Beraz, hobekien sailkatutako surflarien artean 20.500€ banatuko dira. Gainera, telefono mugikorretarako aplikazio bat sortu da, proba zuzenean jarraitzea ahalbidetuko duena eta urte osoan zehar edukiak eskainiko dituena.

 Amaia Agirre alkateak eskertu nahi izan die babesleei “surfaren munduan hain garrantzitsua den proba honen aldeko euren babesa. Hain zuzen Europako olatu handien txapelketa urtetsuena dugu hizpide. Mundu mailan ospetsuak diren olatu handien surflariek maite eta aintzakotzat hartzen duten lehiaketa bat zeinetara, urtez urte, itsu-itsuan etorri ohi diren argi berdea piztean eta Galeako itsaslabarren aurrean olatu handiak lehertzen hastean. Bide batez aurkezpen hau aprobetxatu nahi nuke eskertzeko eta aintzatespena adierazteko batzorde antolatzaileari, Getxo Surf Taldea, Euskal Herriko Surf Federazioa eta Getxo Kirolak partaide dituena. Zalantzarik gabe, Punta Galea Challenge lehiaketaren tradizioak eta honek pizten duen zaletasunak neurri handi batean zuen profesionaltasuna eta jarduketa egokia dituzte oinarri”.

Txapelketan parte hartuko duen Alberto ‘Tito’ Ortega surflariak, berriz, Galeakoa mundu mailako txapelketa dela azpimarratu du, eta “olatu oso ona izan daitekeela, oso egun gutxi dituela. Urtean egun bat badago, hara joan behar dugu, ahalik eta gehien eman eta egiten dakiguna frogatu”.

Aurreko ediziotan bezala, erakundearen helburua da hilabete hauetan topatzea 5etik 7 metrora bitarteko altuerako olatu indartsuak bermatzeko baldintzak dakartzan egun egokia. Horrela, argi berdearekin kontatu bezain laster, surflariei deituko zaie 3 egun lehenago eta bitarteko asko erabiliko dira, bai partaideek segurtasun baldintza onenekin lehiatu ahal izateko baita Galeako ingurune naturalean, beste behin, 20.000 lagun batu daitezen ere. Beste urte batez, Getxoko Udalak doako autobus zerbitzu bat eskainiko du, ikusleak Bidezabaleko metro geltokitik Galeara eramateko.

Beste behin ere 24 izango dira lehiakide taldea osatuko duten surflariak. Erdia nazioartekoak izango dira; horien artean egiaztatu dute bere partaidetza egungo Punta Galea Challengeko txapeldunak, Lucas Chianca brasildarrak, Alex Bothelo portugaldarrak eta Pierre Rollet baionarrak, azken edizioko protagonista bikainak. Halaber aurreikusten da Getxora etortzea Nic Lamb kaliforniarra eta Grant Twiggy Baker hegoafrikarra, olatu handiko zirkuituko eta proba getxotarreko historikoak, hala nola Antonio Laureano etorkizun oparoko gazte portugaldarra. Lehiakide zerrenda osatuko dute tokiko 12 surflariek; horien behin-betiko zerrenda hurrengo sei egunetan emango da ezagutzera eta hautaketaz arduratuko dira batzorde antolatzailea eta surflarien kolektiboa.

Kirol arlo soilean pizten duen interesa alde batera utzita, Laboral Kutxa Punta Galea Challenge ospakizuna itsas eta irristaketa kirolekin lotutako industriaren sustapenerako Getxoko Udalaren apustuari dagokio, ekonomiaren eta ongizatearen sorrera-iturri izateagatik. Horrela, udalerriak barne hartzen ditu sektorearekin lotutako 60 bat enpresa, erabat okupatuta kudeatzen du Getxo Itsas Hub egoitza eta ekosistema bat osatzen du Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Sopelako udalarekin eta probintziako beste hainbat udalekin, euskal unibertsitateekin eta horiekin lotutako eragile ugarirekin batera.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +