Berriak

Diru-laguntzak

2021/03/08

Getxok 1.170.000€-tik gorako diru-laguntzak banatuko ditu herriko kluben eta kirolarien artean

Getxo Kirolak-ek herriko klubek eta kirolariek urte honetarako diru-laguntzak eska ditzaten epea zabalduko du asteazken honetan, martxoak 10. Guztira, 1.170.500€-ko laguntzak emango dira. Izan ere, helburua da bertoko klubei eta elkarteei hala nola banakako txapelketetan parte hartzen duten goi mailako errendimenduko kirolariei euren ohiko jardueratik eratorritako gastuak ordaintzen laguntzea.

Covid-19ak ere baldintzatu duen urte honetan, diru-laguntza lerro nagusiak iazkoen oso antzeko zenbatekoekin hornitu dira. Horrela, denboraldiko txapelketetan parte hartzen duten kluben eta errendimenduko kirolarien artean 656.900€ banatuko dira; oinarrizko kirolaren garapenerako 235.000€ bideratuko dira; ekitaldiak antolatzeko 197.000€-ko beste diru-laguntza lerro bat ezarri da; herriko kirolak sustatzeko 55.500€ erreserbatu dira; eta emakumezkoen kirolaren sustapenerako beste 25.000€ zuzenduko dira. Gainera, herriko jaietan kirol-jarduerak antolatzeko (500 €), ustekabean sortutako gastuak (100 €) eta muturreko kiroletan parte hartzeko jarduerak antolatzeko (500 €) lerroetan gutxieneko zenbatekoak egokitu dira. Kopuru horiek handitu ahal izango dira hurrengo hilabeteetan, pandemiaren bilakaera eta sortzen diren beharrak kontuan hartuta.

Laguntza horiek guztiak emateko, zenbait balorazio-irizpide bete behar dira; besteak beste, honako hauek: emakumeen kirola sustatzea, pertsona ezinduentzako jarduerak antolatzea eta klubek udalerriko kirol-politikan parte hartzea, eskola-kiroleko programen bidez.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +