Berriak

Getxo Jazz aurten itzuliko da estatuko izen handiak, euskal taldeak eta Europako banda gazteak bilduko dituen eskaintzarekin

2021/06/07

Jazzaldiaren 44. edizioa ekainaren 30etik uztailaren 4ra egingo da Muxikebarrin eta Biotz Alai plazan

Osasun egoeraren ondorioz urtebete geldirik egon ondoren, Getxok Jazzaldiari ekingo dio berriro, aurten 44. edizioa ospatuko baita. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean, Bizkaiko jaialdiak Euskadiko Jazzaldiaren zirkuitua irekiko du berriz ere, egungo egoerara egokitutako programazioarekin. Estatuko jazzaren izen handiko artistak izango dira protagonistak oraingoan, Talde Lehiaketako banda gazteak edo euskal jazzaren aldeko apustua alde batera utzi gabe.

Muxikebarri zentroak jaialdiko kontzertu nagusiak hartuko ditu 19:00etan, baita Talde Lehiaketa ere, aurten goizeko ordutegira pasako dena. Horrela, lehian jardungo diren lau talde europarrek emanaldia eskainiko dute 13:00etan. Arratsaldean, 17:00etan, Biotz Alai plazan, «Hirugarren milurtekoa» atala izango da, eta euskal jazza eta banda gazteak uztartzen dituen doako eskaintza gerturatuko dio publikoari. Hilaren 3an eta 4an leku berean 12:30etik aurrera, egingo diren familientzako bi emanaldiek osatuko dute aurtengo programazioa.

Jazzaldia aurkezteko izan den prentsaurrekoan, Amaia Agirre Getxoko alkatea pozik agertu da jaialdiaren itzulerarekin. Azpimarratu duenez, «kultura gure nortasunaren ezaugarrietako bat da, eta horregatik, poz handia da jazz erritmoak publikoari berriz ere hurbiltzea». Halaber, nabarmendu du jazzaldiak Getxo Euskadiko abangoardia kulturalera eramaten duela.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak adierazi duenez, «40 urte baino gehiagoz, Getxok munduko leku askotatik ekarri du jazza, eta edizio bakoitzean onena erakutsi du, bai nazioarte mailan, bai Euskadin», eta musika hitzordu horrek «gure lurraldeko kultur agenda aberasten du». Bestalde, Iñaki Saitua ekitaldiaren arduradunak jazzaldia egungo egoerara egokitzeko egindako ahalegina azpimarratu du, «hori bai, kalitatea, musika aniztasuna eta gaztetxoentzako babesa mantendu dira jaialdiaren ezaugarri nagusi gisa».

Getx Jazz 2021eko kontzertu nagusiei dagokienez, Javier Colinak irekiko du aurtengo edizioa. Javier Colina Europako egungo kontrabaxu-jotzailerik ospetsuenetariko bat da, eta ezinbesteko pieza erritmiko bilakatu da fusio latinoetatik gertu dagoen edozein talderentzat. Hurrengo egunean, The Cuban Jazz Syndicate taldeak joko du, Espainian bizi diren musikari kubatar onenetakoek osatutako boskotea, talde ezberdinetatik etorriak eta musika ezagutza handia dutenak: Pepe Rivero, Miryam Latrece, Carlitos Sarduy, Ariel Brínguez eta Michael Olivera.

Maria João - Carlos Bica Quartet izango da jaialdiaren hirugarren egunean. Portugalgo jazzaren bi izen handi hauen arteko lankidetza 80ko hamarkadan hasi zen eta «Conversa» (1986) eta «Sol» (1991) diskoetan erregistratu zen. 10 urteko biren ondoren, bere bideak banandu egin ziren, eta, orain, 25 urte beranduago, André Santos (gitarra) eta João Farinha (teklatuak) musikarien konplizitatearekin topo egin dute.

Laugarren egunean Chano Domínguez eta Martirioren saioa hartuko du jaialdiak. Duela 20 urte mundua liluratu zuten kopla klasikoen berrinterpretazioarekin jazz moldaketekin, eta lankidetza hori ezinbesteko «Coplas de la madrugá» (1996) diskoan islatu zen. Orain, Ignacio Villa Bola de Nieve Kubako piano-jotzaile handia gogoratzeko elkartuko dira berriro, hispaniar hizkuntzako herrialdeetako ikonoa. Carles Benaventek, Tino di Geraldok eta Jorge Pardok osatutako hirukoteak emango dio amaiera Getxo Jazzari, ibilbide luzeko estilo ezberdinetako hiru musikari, Niño Josele gitarra-jotzailearekin batera.

Proposamen horri gehitu behar zaizkio Taldeen Lehiaketaren finalera iritsi diren lau taldeak, eta, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatu ahal izango dute ikusleek, Italia, Frantzia, Hungaria eta Espainia-Irlanda-Erresuma Batuko partaideen eskutik, bai eta Malu Garay Quintet, Baleen Lobak, Horda eta Los Aurora elkartuko diren Hirugarren Milurtekoa saileko kontzertuak ere. Capitán Corchea eta Hollywood Kids Band musikariek familientzako ikuskizunak eskainiko dituzte. Gainera, Jorge Lopez de Guereñuren margolan erakusketa izango da ikusgai ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean, «No Silence, No End» izenburupean.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +