Bertsolaritza Getxon

SARRERA

BERTSO GIROA

Eskualde osoan egindako ahozko bilketaren emaitzen arabera, esan daiteke, auzune bakoitzean bazela baten bat, egun izendatuetan bertsotan egiteko joera zuena, 36ko gerratera arte. Eta 36a baino beranduago ere bai hainbat lekutan. Auzoko jaietan, aratoste errondetan, etxeko ospakizunetan, ganadu ermandadeko batzarretan, bertso-afariak, teile-bodak, enpresako bazkariak... eta batez ere Santa Ageda bezperan jarduten zuten auzoko bertsolariek.

Ortuariak saltzen ziren plaza egunetan edo ganadu ferietan ohikoak izan ziren bertsopaper saltzaileak 1936ko gerratea baino lehen. Hauen artean ezagunenak, Prudentzio Abarrategi Mantxu urduliztarra eta Manuel Ardeo Pilatos

BERTSOLARIAK

Aurrekoez gain Erandiotik Lemoizera, nahi asagoko herrietan, baziren plazarik plaza zebiltzan eskualdeko bertsolariak: Asensio Bidaurrazaga Errotari (Getxo), Florentzio Zarraga Plantatxu (Leioa-Berango), Pedro Kastresana Kastra (Loiu), Luis Llona (Leioa), Manuel Ardeo Pilatos (Berango), Eusebio Roura Eusebito (Sopela), Jose Dobaran Unbe (Laukiz-Lauroeta), Eusebio Zubiaga (Urduliz), Patxo Abarrategi Pastore (Erandio), Bittor Bilbao Karreteru (Astrabudua-Erandio) eta Prudentzio Abarrategi Mantxu (Urduliz).

EMAKUME BERTSOLARIAK

Bertsoaren transmisioa. Emakume bertsolaria

Getxon bizi-bizi egon da, XX. mendean zehar sikiera, koplaritza eta bertsolaritzaren transmisioa. Amak izaten ziren, aitortu digutenaren harira, ahozko ondarea seme-alabei irakasten zietenak. Batu ahal izan ditugun koplak Bizkai osoan ezagunak dira. Batzuek, itxura baten harrigarri badirudi ere, Euskal Herriko beste muturreko kantetan dute iturria, nahiz hizkeraz bertokorik azaldu neurri baten. Halakoa da, lehen atalari dagokionez, Villaberde aldea-etxeko ugazabari amak kantatu ohi zion hau, eta Lemoizen ere jaso dugun hau:

Altzak ez deko ezkurrik

gaztaik bere ez hazurrik,

nire lagunek esan deizule

nik esan badot guzurrik.

Edo Errodrigotxu Baltzategikoarenak:

 

Emakumeen garrantzia hau ez zen mugatzen etxe barruko transmisioara. Txandresa izeneko andre bertsolari ospetsu bat egon ei zen Perune aldea-etxean. Jatorriz urduliztarra zen baina umetan etorri ei zen Getxora bizitzen. Beste batzuek, ostera, Getxora ezkontzaz etorri zela esan digute. Tamalez ez zaigu haren bertsorik heldu. Diotena da, bertsotan oso ondo egiten zuela eta bertsozaleak etxe ingurura batzen zitzaizkiola.

Kurtimentuko andrearen entzutea be gaur arte heldu da. Bertsolari ona izan zela esan digute. Lekuko batzuek sorgintzat daukate; beraren etxe ondoko Kurtimentuko landan sorginak batzen ei zirelako. Ezagutu zuten lekukoek aho batez diote tamal handia dela andre horren bertsorik grabatu ez izana. Aldi hartan gizartean gizonak zuen papera dela medio, ez ei zuen plazan kantatzen, baina etxe ingurura hurreratzen zirenei bertso ederrak kantatzen ei zizkien.

 

GERRA AURREKO BERTSOLARITZA

Errepublika garaian, eskualde osoan legetxe, oholtza gaineko bertso-saioak ugaritu ziren Berangon. Mende hasieran idi-probekin batera egiten ziren saioak. Urtero ez ziren saioak era ofizialean eratzen. Baina erromeri edo jokorik bazen, inguruan ibiliko ziren eskualdeko bertsolariak. Era informal edo berezkoan egiten zen bertsotan sarritan. Halaxe taberna barruan edo txosna inguruan batzen ziren bertsotan. Oholtza gaineko saiorik zegoenean, kantatu behar zutenei adi egoten ziren garaitiko bertsolariak.

Jaietaz gain, bertsopaperak ere saltzen zituzten. Adibidez manuel Ardeok honela saltzen ei zituen Bertso barriak Pilatosek jarriak! Saltzen zituen bertso guztiak ez ei ziren berak eginak. Bere anaia Ramonek idazten ei zizkion eta beste bertso-jartzaile batzuenak ere izaten ei ziren batzuetan. Esaterako, Asensio Bidaurrazaga Errotari bertsolari getxoztarraren aita, Enrike, bertsolari ona izan ei zen. Bertsoak jartzeko zaletasun ikaragarria zeukan, gainera; baina saltzeko orduan ez ei zuen gogoko bertso jarriak bere izenpean argitaratzerik. Gerraostean, baina, gehienak erre egin zituzten, guztiak ez baziren izan, euskaraz idatzita egoteak arazoak ekarriko zizkien beldurrez.

Aurretik ere egon ziren arren, giro horretan asko ugaritu ziren txapelketak

Getxon antolatu ziren eskualdean dokumentaturik dauden lehenengo txapelketa biak. Errepublika denboran Berango, Sopela, Leioa eta Erandion jokatzen ziren txapelketekin alderatuta, ageriko diferentzia bat dago: Getxoko txapelketetara, aldi hartan Euskal Herri osoan osperik handiena zuten bertsolariak ekartzen zituztela: Txirrita, Pello Errota, Frantsesa, Aizarna, Urretxindorra, Balendin Enbeita.... Lehenengo txapelketetan eskualdeko bertsolariek ez zuten parte hartu, guk dakigula. Gerora, Errepublikako azken urteetan, inguruko herrietako joera nagusitu zen eta eskualdeko bertsolariak parte hartzen hasi ziren eta eskualdeko bertsolaria Prudentzio Abarrategi “Mantxu”, 1935eko Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalista izan zen.

Gai-jartzaile bako txapelketak izaten ziren. Mikrofono barik kantatzen zuten, jakina, eta Andra Mari eliza aurreko zelaian jokatzen ziren. Gaur probalekua dagoen lekuan jokatu ziren hasierako bertso txapelketak. Txirrita, Pello Errota, Frantsesa, Aizarna, Urretxindorra, Balendin Enbeita... Aldian aldiko bertsolaririk onenek kantatzen zuten Getxon.

 

ERREPUBLIKA SASOIKO BERTSO GIROA

Talde nabari bi zeuden Getxoko Andra Mari auzoan gerra aurretik, Goierrikoa eta Bearrikoa. Talde bi horien artean lehia handia zegoen, eta bertsolaritza ere dema gogo horren beste esparru bat gehiago zen eta bakoitzak itzal handiko bertsolari banarekin: Asensio Bidaurrazaga Errotari eta Peruneko Patxiku Gorordo

Lehenengo taldea elizatik beherakoak ziren: bearritarrak. Elizatik beherakoak Benantzioren tabernan elkartzen ziren eta Algortara joaterakoan,Gurugu, Isidroren taberna eta Txiki Otaegi enparantzako Jolasaurrera ibiltzen ziren. Asensio Bidaurrazaga Errotari, Zelaia eta Goiritarrekin ibiltzen zen. Goierriko taldean euskara nagusi bazen ere, ez zen berdin gertatzen Bearrikoan. Agian horrexegatik garatu zuen Bidaurrazagak bertsoak erdaraz kantatzeko jasa. Errepublika garaian bietara egiten ei zuen, entzule erdaldunen bati zuzentzen zitzaionean gazteleraz egin ohi zuen.

Bigarren taldea Andra Mariko elizatik gorako partean bizi zirenek osatzen zuten: goierritarrek. Horiek Saratxagako taberna-dendan batzen ziren. Patxiku Gorordoz gainera, Erretureta aldea-etxeko Norberto Aurre bertsolaria ere talde horretan zebilen, Dilizbarrin jaio eta Etxebarrira ezkondutako Anton Madariaga bertsolariarekin batera.

Santa Ageda kantuan talde ezberdinetan irteten ziren gure protagonista biak, bata Bearrikoekin eta bestea Goierrikoekin. Etxekoak koplatzen zituztenean, taldeko kantari edo solista egiten zuten. Errepublikako azken urteetako txapelketetan parte hartu zuten biek. Aldi horretan, zelanbaiteko erresumina zegoen auzo bien artean eta bertsolariak ere elkar ikusi ezin horrek harrapatuta zeuden, antza. Desafioetan sarri amaitzen ei zuten batak bestearekin haserre Asensiok eta Patxikuk. Bakoitzak bere jarraitzaile taldea zeukan, desafioei tentsio puntu handiagoa ematen ziena. Andra Mari eliza aurreko zelaian egin zen saio baten ondoren itzelezko haserrea sortu ei zen euren artean. Inuzentekeriengatik izaten ziren gehienetan euren arteko kezkak.

Sasoi honetako bertso gutxi ailegatu zaigu baina hona hemen Anton Madariagak lo egin ezin zuen ilobari kantatutakoa

Hasi goiko kaletik

beheko kaleraino,

ez daulako gehiaurik

oilo baltza baino.

Oilo baltzak eiten dau

arrutze zurie,

bere barruen dago

biguntxu umie.

Edo Antonek, aldea-etxe bateko neskatoari kantatutako bertsoa. Koplaritzaren Bizkai sartaldeko garapen eredua ulertzeko urregorria:

Arantza bere ez ta ostoa txiki

kanta hau sartu loratxu

orain hemendik behar genduke

damatxu gazte bersotu.

Damatxu gazte bertsotuteko

dogu kolore gorria,

musu erdi bet hartuko nauke

klabelinaren orria.

Klabelinaren orriarekin

larrosa maiatzekoa,

zeuri begire hementxe nago

damatxu bihotzekoa.

 

Talde bietan bazegoen gaurko bertsogintzari adituta bitxia dirudien joera bat: flamenko eta zarzuela doinuak erabiltzen zituzten bertsotarako, euskal doinu herrikoiekin batera. Inazio Bilbao izeneko getxoztar batek zabaldu ei zuen bertsotan flamenkoz egiteko joera. Euskaraz egiten zuen beti, baita erdara nagusitzen zebilen gerra aurreko urteetan ere.. Goierriko taldearekin ibili ohi zen Jose Alvarez ere, flamenko doinuetan abestutako bertsoen zale handia zena.

San Roke eta Andra Mari egunak

Antzina San Roke eguna ospatzen zen Getxon, hau da, abuztuaren 16a. Gure artean ohitura izan denez, herriko patroiaren osteko egunean arimen meze egiten zen. Etxeko hildakoak gomutatzeko eguna zen, eta etxetik kanpora ezkondutako senitartekoak Getxora itzultzen ziren, mezatara eta bazkaritara. Mezaostean herri musikari eta bertsolariak egoten ziren ia beti. Asensio Bidaurrazagak eta Patxiku Gorordok urtero kantatzen ei zuten San Rokeetako saioan. Batzuetan, Norbeto Aurrek laguntzen zien. Getxoztarrekin batera Leioako Plantatxu eta Luis Llona, inoiz baita.

Andra Mari egunez ere, derrigorrezkoa izaten zen mezaosteko bertso-saioa. Beraz, betsolariak bi egunez izaten ziren jarraian. Beterriko ate ondoko landan mahaia paratu eta bertatik abesten zuten batere mikrofono barik.

Gazteria sano bertsozalea zen gerrate aurretik, musika saioak baino nahaigo zituen bertsoak. Ordu birainoko saioak izaten ziren eta entzuleak bertan segitzen zuten adi, ez zitzaien luze egiten, urrean.

Getxoko bertsozaleek estimu handian zuten Manuel Ardeo Pilatos. Barrabasa zan, barre nahie itten gendun hareri entzunte. Zaharreri batez bere, eskandalu gustaten ekien! Orduko entzule askoren iritzian, Luis Llona eta Pilatos ziren orduko bertsolaririk onenak.

 

 

GERRA

40ko HAMARKADA

1936ko gerrateak goiak eta beheak astindu zituen Bizkai osoan. Eta gure eskualdea ez zen salbuespena izan. Aurreko atalean aipatu ditugun bertsolarietako batzuk, Ardeotarrak, berbarako, zaharregiak ziren gudura joateko, eta etxean lotu ziren baina sasoi goibel horren lekukotzat balio duen, Manuel Ardeo Pilatosek bota zuen bertsoa:

 

 

Alde batetik balazok

ta bestetik kañonazok,

etxen negarrez dagoz

aurean gurasok.

Bertsolari guzti-guztiek parte hartu zuten eusko gudarostean gerran. Hau da, frankotarren aurka borrokatu ziren, eta ondorioz, gerrako galtzaileak izan ziren. Hara: Asensio Bidaurrazaga Errotari, Patxo Abarrategi Pastore, Jose Dobaran Unbe, Pedro Kastresana Kastra, Florentzio Zarraga

Luzea da gerraostetik euren berririk ez dugun bertsolarien zerrenda: Bittor Bilbao Karreteru, Korbera, Gandariasen pinudietako behargina, jatorri andaluziarreko bertsolaria... Batzuek gerran hilko baziren ere, beste batzuek, bizirik atera ziren arren, oholtzetatik eta bertso girotik desagertu ziren.

Gerra aurretik plazarik plaza zebiltzan bertsolarietako batzuek bertsogintzari eutsi zioten gerraostean ere: Manuel Ardeo Pilatos, Asensio Bidaurrazaga Errotari, Luis Llona, Florentzio Zarraga Plantatxu... Belaunaldi berriek, Jose Dobaran eta Pedro Kastresanak, esaterako, oholtzetatik desagertutako gerra aurreko bertsolarien hutsunea bete behar izan zuten. Eta ondorioz, indar eta presentzia handiagoz eutsi zioten bertsogintzari, auzo eta herrietatik askoz sarriago deitzen zieten eta.

Gerrateak eta osteko diktadura luzeak eragin handia izan zuten euskal kulturaren ibilian, eta ondorioz, bertsolaritzan ere berdintsu.

 

 

Aldaketarik handiena euskararen transmisioan nabaritu zen. Gure eskualdeko etxe askotan, seme-alabei euskara irakasteari utzi zioten. Hala ere, erdalduntze prozesua gerra aurretik hasia zen. Erdaraz kantatzen zuten bertsolariak baziren Sopelan, Berangon eta Getxon, gutxienez. Baina gerra osteko beldurrak jarrera hori areagotu egin zuen. Bertsolariek kantuan jarraitu zuten, era pribatuagoan gerrate osteko urteetan eta publikoagoan 1958. urtetik aurrera. Bertsolari berriak sortu ziren, baina gerra aurreko gurasoak zituzten guztiek, salbuespenak salbuespen. Gerrak euskararen transmisioari egin zion kalteak bertsolaritzari zuzen eragin zion. Aurretik bertsolari ziren gehienek, era batera edo bestera, bertsolaritzari eutsiko zioten, baina 36a baino lehenago zegoen herri eta auzo bertsolarien kopuruak behera egin zuen, berriak agertzen hasi baino askoz lehenago.

Gerraosteko urteetan, euskal kulturak, Errepublika sasoian zuen gizarte presentzia galdu zuen, baina horrek ez du esan gura desagertu zenik. Orduko lekukoek diotenez, beldurra nagusitu zen. Gazte asko hil ziren gerran eta irabazleek izugarrikeri handiak egin ei zituzten. Frontera joandako asko ez ziren sekula bueltatu, beste asko kartzela eta kontzentrazio eremuetan hil ziren eta beste hainbat etxetik asago eduki zituzten urteetan, lanera beharturik edo kartzelan.

Multzo handietan etorritako etorkin erdaldunei, euskal hiztun komunitatearen ahultasuna, gizarte eta teknologien aldaketaren hizkuntza erdara izatea eta euskara plano publikoan baztertua izana batu zitzaizkion. Ondorioak, eskualdea erdalduntzea eta euskararen atzerakada izan ziren. Arrantzale giroetan ere nabarmen egin zuen atzera; Algortako Portu Zaharrean 60ko hamarkadan desagertu zen euskara.

GERRA OSTEA

Bertsolaritzak egoera berri horretara egokitu behar izan zuen. Eta horretarako, bide ezberdin bi garatu zituzten gure eskualdeko bertsolariek, 1939tik 1945era behinik behin.

Gerraostean, euskal kultura eremu pribatura mugatuta lotu zen, publikoki euskaraz adieraztea galarazita zegoen eta. Eta etxe barruetan ere, euskararen transmisioa eteteko hautua egin zuen familia askok. Dena den, aurreko hamarkadetatik zetorren gazteen artean erdararen aldeko jarrera aktiboagoa, euren arteko hartu-emanetan euskara baztertzea, azken baten. Eta etxe barruan, euskara gurasoekin egiten zuten. Egoera hori gerraostean hautsi zen, gurasoekin ere erdara egiten hasi ziren. Euskarak, euren esanetan, ez zuen etorkizunerako balio.

Egoera horretan jarrera bikoitza garatu zen eskualdeko bertsolarien artean . Batetik, bertsogintzari esparru pribatuan, etxeko ospakizun eta nekazari auzoetako jai txikerretan euskara hutsean kantatzen segitzen zutenak zeuden: Luis Llona, Pedro Kastresana, Jose Dobaran Unbe, Eusebio Roura Eusebito...

 

Bestetik 36ko gerra aurretik agertu zen bertsotan erdaraz egiteko joera indartu zen. Euskarazko bertsogintzaren doinu, neurri eta errima kontzeptu bera erabiltzen zuten, erdaraz aritzen ziren bertsolariek. Izan ere, euskaldunak ziren guztiak. Euretariko batzuk, gainera, euskaraz kantatu izan zuten, erdaraz hasi baizen lehenago.

Egoera politiko eta soziolinguistikoaren aldaketarekin, bertsolaritza erdaldundu egin zen. Erdarak zuen ospea eta miresmena, etorkizuneko bizimodu berriaren hizkuntza zen. Eta hiztunek hizkuntza ohiturak aldatu ahala, bertsolari batzuek gauza bera egin zuten. Joera erdalzaleko bertsolariek ez zieten seme-alabei euskararik transmititu.

Erdarazko bertsolaritzaren aitzindari ondoko hauek izan ziren: Sopelako Urrutxua, Getxon Asensio Bidaurrazaga, Gerrikabeitia abizeneko beste bategaz batera eta Berangoko Manuel Ardeo Pilatos. Gerraostean moda hori indartu egin zen. Hala, Getxoko andramarietan, Asensio Bidaurrazaga erdara hutsezko bertso-saioak egiten hasi zen. Ardeok gero eta gehiago tartekatzen zituen gaztelerazko testu eta bertsoak, euskarazkoen artean.

ESPARRU PUBLIKOA BERRESKURATZEA (1945-1958) SANTA AGEDA

Gure eskualdeko herrietan, beste euskal herri askotan legez, egun nagusi bi egon dira bertsotarako: herriko patroiaren eguna, eta Santa Ageda bezpera. Gerora bertsolari handi izandako askok, Santa Ageda bezperan egin izan du bere debuta, Getxon nahiz Azpeitian.

Sasoi horretan, euskaltzaleak elizaren babespean ahalegindu ziren euskararen aldeko ekintzak garatzen. Frankismoak uzten zien zirrikitu bakarra zen. Zezeilaren laua egutegi kristauan onarturiko jaia izateak ere laguntzen zuen zapalkuntza saihesten. Bizkaiko hainbat herritan Santa Ageda euskaraz kantatzearen aurkako neurriak hartu zituzten agintariek.

1945. urtean, hamabost urte inguruko gaztetxoak taldean batu ziren. Asmoa Getxoko Beterrin Santa Ageda bezperan kantatzen irtetea zen. Aldi hartan, taldearen antolatzaile eta buru Julen Billalabeitia txistulari ezaguna izan zen. Berak dioenez, doinu berbera erabiltzen zen Getxotik Mungiara. Hogeita hamarreko hamarkadan eliza eta batzokien bidez zabaldutako Aitzaldu daigun doinuak, orduan, ez zeukan indar handirik. Doinu zaharra erabiltzen zen, Berinkatua ixen deidela koplarekin hasi ohi zena.

Getxoko gazteei Asensio Bidaurrazagak prestatu zizkien koplak. Berak sortuak ei ziren batzuk, Lumoko bere amari ikasiak beste hainbat eta hirugarren batzuk gerra aurrean modan zeudenak ei ziren. Zezeilaren lauan kanturako prest atera ziren gazteak.

 

Billalabeitia jaunak fintasun handiz gorde zituen Asensiok getxoztar gazteentzat eginiko koplak, eta 56 urte beranduago guri eman zizkigun.

Lehenengo zatia, derrigorrez egin beharrekoa, sarrerakoa da. Horretan etxeko jendea bedeinkatzen dute kantariek.

Bigarrena martiriaren gainekoa da, ezinbestekoa, aurrekoa lez. Zati horretarako kopla bakarra idatzi zien Asensiok, bakarrarekin nahikoa zela eta. Lekukoen esanetan, sekula ez zen elizarakoa izan.

Atzenik hirugarren zatian, etxekoak koplatu edo bertsotu ohi dira. Gazteak gehien erakartzen zituen zatia zen, eta bere baitan hiru azpiatal ditu. Lehenengoan etxekoak koplatzen ziren, tradizioko gizarte mailaketa gogoan dela: lehenik etxeko jauna, bigarrenik etxeko andrea, gero aingerutxo edo sein jaioberria, laugarrenik etxeko zaldun edo semeak, gero etxeko alabak (gazteek neskalagunak bilatzeko baliatzen zutena), mutilzahar-neskazaharrak gero, eta morroi-neskameak azkenez. Hirugarren zatiko bigarren azpiatalean eskaera egiten zen, etxekoei opariak eskatzen zitzaizkien.

Ondoren Asensio Bidaurrazagak 1945ean Getxoko gazteei idatzi zizkien koplak, gehi bere arreba Bixenta eta Esperantzak gehitutakoak:

 

1. Berinkatua izan deidela

etxe honetako jendia,

pobre ta umilde dabillenantzat

badeuke borondatia.

2. Sante Ageda ez da ixeten

bera hillian hillian,

Sante Ageda urtean behin da,

bera zezillen bostian.

3. Santa martiri maitia

dago errukiz betia,

berak alkantzeu egin deiskula

osasuna ta bakia.

4. Etxe honetako patroia jaunak

urregorrizko bizarra,

urregorrizko bizarra eta

diamantezko espalda.

5. Etxe honetako andra zabala

leku oneko alaba,

hortxe bidian esan doskue

limosniria zareala,

limosnatxu bat pagetan bazu

berak emongo dotsula.

6. Hortxe goien bost ardi

hiru jantzan ta bi adi,

etxe honetako seintxu txikerrak

angerutxue dirudi.

7. Arantza baltza hosto txikia

puntaran zaku loratxu,

orain hemendik behar genduke

zaldun gazte bat koplatu.

8. Piparra dekot ezpanian

ezin edan eztaunian,

kuartilotxu bet edango neuke

“Felipe” zeure izenian.

9. Eder eleizan altara

nire begiak lotara,

orain hemendik eron daiguzan

neska galantak koplara.

10. Errekaldian urteten daude

udabarrian loriak,

harexek baino ederrau dire

“Maritxu” zeure begiak.

11. Idi zuriek ekarten daude

mendi altutik otea,

zuriz ta gorriz plegaurik dago

“Maritxu” zeure dotea.

12. “Bixenta” non zara

hamen agiri ez zara,

ondo galanta ta ondo ederra

joten zara zu plazara.

13. Hortxe goiko kamaretan

ohetxu zuri ederretan,

lo gozotxu bet egingo neuke

“Mari” zeure besoetan.

14. Hamaseiko maraga zabalak

larogei pezeta ditu,

guri bostxu bet emonaganaitik

irurogeta gelditu.

15. Halako etxe zabaltxuetan

oilloak bere badira,

txarririk hilten ez badozue

arrautzak bere igual dira.

16. Solomoaren luzia

haren koipearen gozoa,

zatirik kentzen ibili barik

ekarri-egizu osoa.

17. Etxe honetako andra zabala

duzti da borondatea,

nagon lekutik entzun egin dot

urdaian zarraztadea.

18. Limosnatxua hartu dogu ta

bagoaz beste aldera,

adiosikan ez dogu eta

 

BERTSOLARITZA MODERNOA 1958-1980

TXAPELKETA AURREKO GIROA

 

Erlijio ospakizunetatik haruntzago zabaldu ziren bertso-saioak 50eko hamarkadan. Gure eskualdean 50eko hamarkada amaierarako bertsolaritzak esparru publikora nahiko hedaturik zegoen. Horren adierazgarri da, Alfonso Irigoien euskaltzain, gai-jartzaile eta bertsozale handiak 1958. urteko uztailaren hamarrean Aita Antonio Zabala, Auspoa liburu saileko arduradun ospetsuari idatzitako gutuna:

“Batez be, Txorierri ta itsasaldean, oindino bizirik dago bertsotarako gogoa, ikusi dodanez. Oraintsu, Leioan izan nintzan, hiru bertsolari egozala, ta arratsalde osoan gelditu be egin barik ekin eutsien. Bata Sopelakoa zan, bestea Loiukoa eta bestea Leioakoa. Halan da guztiz be, bertso paperik ez neban eskuratu ahal izan. Gerra aurrean, asko egiten zireala esan eustan batek, baina ordurik hona, ez ei da egin...”.

Beraz, 50eko hamarkada amaieran Txorierrin eta hurreko itsasaldean, gure eskualdeko bertsolaritza osasuntsu zebilen eta ondorioz Bizkaiko lehenengo bertso txapelketa Uribe Kostako bertsolaritzan oinarritu zen.

BIZKAIKO LEHENENGO BERTSOLARI TXAPELKETA, 1958

Euskara bultzatzea izan zen lehenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatzearen arrazoia. euskara guztiz baztertuta zegoen garaian, egoera horrekin kezkatuta zeudenentzat. Alfonso Irigoien Etxebarria (Bilbo, 1929-1996) izan zen gerraostean Bizkaiko bertsolaritza biziberritu zuen gizona. Bertsolaritzan hainbat aldaketa eragin zituen; hala, Bizkaian bertso-saioetan gai-jartzaile egiten lehenengoa bera izan zen. Are gehiago; Jon Lopategi bertsolariak esan zigun lez: sasoi hatan Alfonsok administretan eban Bizkaiko bertsolaritzea. Bertso-saioak antolatu, Herriko Etxe eta bertsolarien arteko loturak egin, gaiak paratu, taxistarena egin... eskertu ezineko beharra egin zuen bilbotar honek

 

Bertsolaritzak esparru publikoa berreskuratzeko pausu kualitatiboa txapelketa antolatzea izan zen. Txapelketa antolatzeko beharraren zatirik handiena bere gain hartu zuen Irigoienek.

Irigoienen testuaren arabera orduan Bizkaian entzutetsuenak zirenei, gutun bidez egin zien gonbitea Euskaltzaindiak.

Balendin Enbeita muxikarra,

Juan Ormaetxe Taket larrauritarra,

Asensio Bidaurrazaga getxoztarra,

Luis Llona gonbidatua izan arren bere adiskide eta herrikide Florentzio Zarraga Plantatxu agindu zuen finalera, bere ordez.

Eusebio Zubiaga urduliztarra

Pedro Kastresana loiuztarra

Jose Alberdi mañariarra

 

Alfonso Irigoienek egin zituen finaleko aurkezpen eta gai-jartze beharrak. Jose Alberdi ordurako ohituta zegoen gaia emanda kantatzen. Baina bere bertso-kiderik gehienak ez; haiek, kolpean, ezarritako gai barik abestu ohi zuten. Esaterako, Alberdik ondo akorduan dauka Asensio Bidaurrazaga Errotari, gure eskualdeko bertsolaririk gehienak legetxe, ez zegoela gaia jarrita kantatzera ohituta. Eta, iurretarraren iritzian, bere erara ibili zen, ez zuen emandako gaiarekin lotura garbirik zuen bertsorik botatzen.

Guztiek erabiltzen zituzten antzerako doinuak. Eta txapelketa hartan erabili zirenen erakusgarri, Mutil koxkor bat eta Sastarretik hasita abestu zizkigun.

Alberdiri oso berezia begitandu zitzaion gure eskualdetik joandako bertsolariek egiten zuten bertsoera. Alberdik ordura arte ez ei zuen ikusi zortzikoa errima joko ezberdin birekin egiten. Salbuespena, Pedro Kastresana Kastra ei zen: batzuetan modu batera eta besteetan bestera egiten zuen. Agian, joera horretan, Markinako bertsolariekin idi-proben bitartez zeukan hartu-eman handiak zerikusia izango zuen.

 

 

Martzel Andrinua pasiotarrak argi azaldu zigun txapelketa hartara aurkeztu ziren bertsogintza eredu bien berri: mendebaldekoa eta ekialdekoa. Oraingoz aurreratuko dugu, 1958. urteko txapelketak ordurako Lea-Artibai eta Durangaldean nagusi zen, eta Gipuzkoatik ei datorren bertsotan egiteko modua hobetsi zuela. Oraindino ere koplaritzaren usain nabaria duen mendebaldekoa, gutxiagotzat hartu zuten.

Florentzio Zarraga Plantatxuk pandero eta guzti igo gura izan zuen oholtzara egun hartan. Berarentzat ohikoa zen, antza, bertsoren batzuk panderoaz laguntzea. Txapelketa arduradunek ez zioten onartu. Horretan ere agerian geratu zen, orduan Bizkaian bizirik zeuden bat-bateko bertsogintza eredu bien arteko talka. Mendebaldeko ereduan bestelakoa zen doinu eta bertsoaren arteko hartu-emana ulertzeko modua.

 

Balendin Enbeita izan ei zen txapelduna, epaile gehienek, gerora Gabriel Arestik gutun baten bidez adierazi zuen moduan, Taket izan bazuten ere puntuetan aurretik

58ko TXAPELKETAREN ERAGINA ESKUALDEAN

 

Herrietako ospakizunetan bertsolaritzari lekua egitea normal bihurtu zen, luzaroan esparru publikotik baztertuta egon eta ostean. Joera horrek, bestalde, erdarazko bertsogintza zokoratu eta desagerrarazi egin zuen. Bertsolari batzuek euren sorkuntza elebidunari eutsi bazioten ere, oholtza gainera kanpoko bertsolariekin igotzen zirenean oso ondo zekiten euskaraz arituko zirela. Pilatos, kasurako, sasoi horretan hil zen.

Ordura arte gure eskualdeko saiorik gehienak, Getxoko saiorik garrantzitsuenen salbuespenarekin, eskualdeko edo asko jota Mungialdeko bertsolariak egin bazituzten, ordutik aurrera Euskal Herri osoko bertsolaririk ospetsuenek normaltasunez hartuko zuten parte. Horrek, neurri batean, eskualdeko bertsolariak bigarren mailara baztertu zituen eta beraien lekuan ekialdekoa bertso eredua hobetsi zen.

 

Horrek gure bertsolarietako batzuk behin betiko baztertu zituen (Luis Llona, Asensio Bidaurrazaga...) eta beste batzuek zortziko nagusira egokitu, txikian lau errimatara egin eta aurrera jarraitu zuten: Jose Dobaran Txori, Eusebio Roura Eusebito, Pedro Kastresana... Saiorik garrantzitsuenetatik baztertuta, auzo txikietako zein nekazaritza inguruetakoetan jarraitu zuten. Saio nagusiak egiten jarraitu zuten, baina gehienetan, bertsolari “hoberik” ekartzeko aukerarik ez zegoenean baino ez.

 

Bestetik, txapelketak entzutera joateko ohitura horrek eskualdeko bertsozaleari Euskal Herri osoko bertsolariak ezagutzeko aukera eman zion. Bilbo nahi Donostiako txapelketa nagusietara hutsik egiten ez zuten bertsozale taldeak sortu ziren herririk gehienetan eta saio garrantzitsuenetara Txapelketetan ondoen ibilitakoak agertzen hasi ziren.

Ezaugarri teknikoetan aldaketa handi bat eragin zuen 1958ko finalak. Han egon ziren bertsolari gehienentzat mikrofono aurrean egiten zuten lehen saioa izan zen hura. Ordutik aurrera, normala izango zen ahotsa zabaldu eta indartzeko bitarteko teknikoak erabiltzea, baina artean ez zen horrela.

TXAPELKETA HANDIEN ETENALDIA

 

1958. urtean Bizkaikoarekin ospatzen hasi ziren herrialde eta nazio mailako txapelketek bultzada handia eman zioten bertsolaritzari. Aurretik aztertu ditugu gure eskualdean zelako eragina izan zuten. Zelan gure eskualdeko bertsogintzaren lekuan ekialdekoa hobetsi zen. Horrek gure bertsolarietako batzuk behin betiko baztertu zituen (Luis Llona, Asensio Bidaurrazaga...) eta beste batzuek zortziko nagusira egokitu, txikian lau errimatara egin eta aurrera jarraitu zuten: Jose Dobaran Txori, Eusebio Roura Eusebito, Pedro Kastresana...

Ostera, 1966ko Bizkaiko eta 1967ko Euskal Herriko txapelketen ondoren ez zen berriz izaera horretako lehiaketarik antolatuko 1980ko Euskal Herriko Txapelketara arte. Bizkaiari dagokionez, 1987ra arte ez zen berriro norgehiagokarik egon.

Hutsune horrek eragin bikoitza izan zuen gure eskualdean. Alde batetik, abertzaletasun eta euskaltzaletasunaren pizkundean ez zen atzera pausurik izan eta bertso-saio kopuruari eutsi zitzaion. Are gehiago, jaietan bertsolariak egotea guztiz egonkortu zen Barrika, Getxo, Leioa eta Erandion batez ere.

Eskualdeko bertsolariak indartu egin ziren. Aurreko urteetan txapelketetan emaitza onak lortutako bertsolarienak izan ziren plaza nagusiak. Baina txapelketetan etenaldiak eskualdeko bertsolariek lehenago eurenak ziren plaza nagusiak. Baina txapelketen etenaldiak eskualdeko bertsolariek lehenago eurenak ziren hainbat plaza berreskuratzea ekarri zuen eta horrekin batera auzoetako jaietan txapelketak antolatzen hasi ziren berriz ere, Errepublika sasoian legetxe.

Martiartuko sanantonioetan gogor eutsi zioten bertsolaritzari. Egoera berri horrek eskualdeko bertsolari berriak oholtzaratu zituen. Transmisio eredu zaharrak sortutako akabuko bertsolariak izango ziren. Etxetik jasot

Saio gehienetan eskualdeko bertsolariek berreskuratu zuten protagonismoa. Algortan, ostera, trantsiziora arte ez zen saiorik antolatu. Gerora bertso eskola sortuko zuten Andoni Iriondo eta Trino Azkoitia hasi ziren garai hartan lanean.

Eta 70eko. Sasoi honetan eman zituzten euren akabuko saioak gure eskualdeko bertsolariek. Luis Llonak Leioako jaietan egin zituen akabuko saioak, Erromon bizi zen Manu izeneko beste bertsolari leioaztar batekin. Asensio psilikosisak edo kanterun gatxak baztertu zuen saioetatik. Plantatxu ere abesterakoan itotzen hasi zen. Kastresana eta Unbek luzaroagoan eutsi zioten urteroko Loiuko santaluzietako saioari. Belaunaldi baten amaiera izan zen

Bertsolari berri gutxi sortu zen sasoi horretan; horietakoren bat, Jose Luis Elordui barrikoztarra, itsasora beharrera irten eta plazetatik desagertu zen. Eusebio Roura Eusebito izan zen 67an hasi eta 90ko hamarkadara arte saio gehien egingo zituen eskualdeko bertsolaria..

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +