2020/11/24
Getxoko Udalak onartu egin du Bilbao Bizkaia Kutxa Fundación Bancaria-Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioari emandako 200.000€ko diru-laguntza arautzen duen hitzarmena, Algortako Urgull kaleko lokala eta haren ekipamendua egokitzeko lanak eragindako gastuetan laguntzeko. Helburua da lokala adinekoen zentroa eta lankidetzarako eta coworking-erako espazioa izateko egokitzea eta baita Udalaren berezko jardueretarako ere (besteak beste, zahartze aktiboa edo unean uneko beste jarduera batzuk) , bai eta erakunde sozial, kultural eta getxotarrentzat ere.
Obrak kasuan kasuko lizentziak izapidetu ondoren hasiko dira. Proiektuaren aurrekontua, guztira, 440.666€koa da (BEZ kanpo), eta altzarirena 32.372€koa (BEZ kanpo).
Proiektua
Proiektuak tokiaren birbanaketa aurreikusten du eta ondorioz lehenengo solairuan heldutasun aktiboa sustatzeko guneak izango dira, Getxo Lagunkoia programaren barruan.
Solairu horrek 381 metro koadro ditu, eta han besteak beste, erabilera anitzeko aldea, jolas-jarduerak egiteko gune bat eta proiektu kolektiboak eta prestakuntza-jarduerak garatzeko lau areto izango dira, guztiak ere beharrezko baliabideekin. Auzoko erakunde eta elkarteek, batez ere adinekoek, hala nola Algortako erretiratuen elkarteak (AJANE), planta hau erabili ahal izango dute. Egoitza horretan adinekoentzat ematen diren egungo jarduerak errespetatuko dira.
Bestalde, behe sotoan (158 metro koadro) lan kolaboratzailerako (Coworking) gunea izango da, ekintzaileak laguntzeko eta baita udalerriko enpresa txikiak ere, ekintzailetza eta kudeaketarako aholkularitza prozesuekin. Aldi berean, enpresen arteko sinergiak eta harremanak sortze aldera, dinamizazio zerbitzuak ere izango dira, tokian tokiko eta kanpoko sareak sortzeko.