2023/7/20
• Zelako Kultur Ideien proposamena egoera antzezten duen antzerki ikuskizuna da eta kultur sektorearen androzentrismoa ikusaraztea
• Ikuskizuna irailaren 30ean eta urriaren 1ean antzeztuko da Muxikebarrin
‘Juana Bizkarra’ Egonaldi Artistikoaren hirugarren edizioko epaimahaiak «eMcumeak» proiektua hautatu du ekimenaren 3. edizioan. Zelako Kultur Ideiak-en euskarazko antzezlan honek euskal emakume sortzaileen errealitatea erakustea du helburu eta, horretarako, umorea, hitz-jokoen erabilera eta diziplina artistiko anitzak erabiltzen dituzte. Proiektua abian jartzeko egonaldia irailaren 4tik urriaren 1era bitartean izango da, Muxikebarri zentroan. Bertan ere, irailaren 30ean eta urriaren 1ean erakutsiko zaio publikoari eta, irailaren 29an, jendaurreko entsegua izango da.
Lan horren helburua da euskal emakumeen sorkuntzaren errealitatea eszenatokian jartzea eta, aldi berean, kulturaren sektorean indarrean dagoen androzentrismoa agerian uztea, kritikari eta eztabaidari ateak irekiz eta emakumeek sortutako euskal ondare eszeniko eta kulturala transmititzen lagunduz. Horretarako, sortzaileak umore absurduaz baliatzen dira, eta diziplina aniztasunaren aldeko apustua ere egiten dute, antzerkia, musika, bertsoak eta ikus-entzunezkoak uztartzen baitira, hitz-jokoak bezalako baliabideak ahaztu gabe. Olatz Beobide arduratzen da zuzendaritza artistikoaz eta María Rivero eta Itxaso Paya aktoreek antzeztuko dute lana. Halaber, sormen prozesuan, Harkaitz Cano eta Katixa Agirre egileek parte hartu dute.
Antzezlanak, emakume sortzaileak kontratatzeko agentzia bat uztea erabakitzen duten bi emakumeren istorioa kontatzen du, enpresa hori emakumeen sorkuntzaren bultzadaz baino etekin ekonomikoez kezkatuago dago eta. Hori dela eta, protagonistek bere agentzia sortuko dute, baina, lehengo enpresatik jasotzen duten jazarpena dela eta, bi emakume ekintzaileek komunikatu bat zabaltzea erabaki dute, egoera salatuz, eta, aldi berean, sortzaile berriak aurkitzeko casting bat abiaraztea. Beste agentziak ez du proiektu honekin amaitzeko saiakera etengo. Horretarako, era guztietako amarruak erabiliko dituzte: detektibe pribatu bat kontratatu eta castingean sator bat infiltratuko dute, ekimena zapuzteko trapu zikinak aurkitzeko asmotan.
Deialdiaren hirugarren edizioa
Hirugarren edizioko epaimahaiak honako hauek osatu dute: Getxoko Kultur Etxeko teknikariek, Matxalen De Pedro aktore eta Dantzertiko (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola) irakasleak eta Olatz Gorrotxategi antzerkigile eta antzerki zuzendariak. Hautatutako proposamenak 10.500 euroko diru-zuzkidura jasoko du.
Juana Bizkarra egoitzak euskal kultura-sektoreari lagundu nahi dio, bere espazioa, baliabideak eta antzezlanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko diru-hornidura eskainiz, eta, aldi berean, sorkuntza-prozesua Getxoko herritarrei hurbildu nahi die, haien ezagutza, esperientzia eta kulturan duten parte-hartzea hobetzeko. Hori dela eta, obraren antzezpenaz gain, bitartekaritza-ekimenak ere egingo dira, artistak herritarrekin eta tokiko kolektiboekin elkartzea sustatzeko, Kultur Etxeak laster iragarriko duenez.
Antzezlanaren aurrestreinaldia irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da Muxikebarrin, 19:00etan, eta irailaren 29an, gainera, entsegu irekia izango da ordu berean. Saio guztietarako gonbidapenak Muxikebarrin zein Romo Kultur Etxean jaso ahal izango dira irailaren 4tik aurrera.