2023/9/15
Aitana Díez eta Nora Escajedoren testuak saritu dituzte haurrentzako ‘Txiki Baskardo’ kontakizun lehiaketan
Gaur, Muxikebarri zentroan "Ramiro Pinilla" Eleberri Laburren Lehiaketaren seigarren ekitaldiko irabazlea ezagutzera eman da. Ignacio Lloretek gaztelaniazko lan onenaren saria jaso du; euskarazko testu onenaren saria, ordea, eman gabe geratu da. Bestalde, Aitana Díez eta Nora Escajedo ikasle gazteek "Txiki Baskardo" haur kontakizunen lehiaketaren sariak jaso dituzte. Getxoko Kultur Etxeak Pinillesca kolektiboarekin batera bultzatutako ekimen horretan, gainera, egile getxotarraren jaiotzaren mendeurrena ere gogora ekarri dute antolatzaileek.
Eleberri laburren lehiaketaren seigarren ediziora 169 parte-hartzaile aurkeztu dira, horietatik 28 Euskadikoak (6 getxotarrak) eta Nafarroakoak, eta gainerakoak ia Estatu osokoak. Oraingoan 166 testu jaso dira gaztelaniaz eta hiru euskaraz, genero ezberdinak jorratuz: intriga, nobela soziala, eleberri erromantikoa, fantasia, izua, zientzia fikzioa... Matxalen Gamindek, Felipe Juaristik eta Uxue Razquinek osatu dute lehiaketaren aurtengo epaimahaia. 6.000 euroko saria eta 1.000 euroko laguntza izango ditu lanak argitaratzeko.
"Llegaremos a la vez" izenburupean, Ignacio Lloret Villotak (1968, Bartzelona), egileak tren bateko bidaiariak ikuskatzailearenganako sentitzen duen erakarpena kontatzen du. Era arrunt batean hasten den sentimendu, azkenean, denbora gainditzen duen eta protagonistaren joan-etorrietan azaleratzen den obsesio bihurtuko da. Lehiaketako epaimahaiak nabarmendu duenez, «istorioaren abiapuntua zentzugabea izan daitekeen arren, horren garapenak ikusleak harrapatzen ditu pertsonaiak mugitzen diren trenetan sartzen lortu arte». Halaber, narrazio-denboraren erabilerarekin ondo lotutako pertsonaiak, espazioak eta giroak eraikitzeagatik nabarmentzen da kontakizuna.
Katalunian jaio baina Aroztegin bizi da (Nafarroa) egilea, Filologia alemaniarrean eta zuzenbidean lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitatean. "Juguetes sin recoger" bere lehen eleberria 2002an argitaratu zuen. Horrez gain, "Monocotiledóneas" (2008) kontakizun liburukia, "Tu alma en la orilla" (2012) narratiba liburua eta "El puente de Potsdam" (2016) eleberria ere argitaratu ditu, besteak beste. UNEDeko sormen idazketako irakasle, egileak beste hainbat jarduerarekin uztartzen ditu literatura. Hizlari eta literatur jardueren koordinatzailea da eta egunkari eta aldizkarien kolaboratzailea ere. Halaber irrati eta telebistako literatura-saioetan parte hartzen du. Diario de Navarra egunkariaren edizio digitaleko Estación de libros asteroko blogaren egilea ere bada.
"Txiki Baskardo" lehiaketa
"Txiki Baskardo" haurrentzako kontakizun-lehiaketari dagokionez, Aitana Díez Julio Caro Baroja BHIko ikasleak saria jaso du euskarazko modalitatean, abentura bultzatzen duen eta bere istorioan elementu ugari integratzen dituen kontakizun batekin, batzuk autobiografikoak eta beste batzuk zinean edo literaturan inspiratuak. Bestalde, Nora Escajedo, Europa Ikastetxekoa, gaztelaniazko lehiaketan nagusitu da, kontakizun fresko eta pertsonal bati esker. Testuak, gainera, egungo nerabezaroaren ezaugarriak erakusten ditu, ikuspegi komiko eta zentzugabetik. Aurtengo edizioan, honako ikastetxe hauetako DBHko 1. mailako ikasleek hartu dute parte: Julio Caro Baroja, Artaza-Romo eta Europa.