Berriak

Muxikebarriko programazioa

2021/12/21

Muxikebarrik eskaintza anitza eta programazio-ildo berriak hartuko ditu 2022ko lehenengo lauhilekoan

Biarritzeko Mandalain balletaren «Marie-Antoinette» lana, Mayumanaren «Currents» ikuskizuna, Marlango eta Nacho Vegasen kontzertuak eta «Cinco horas con Mario» antzezlana nabarmentzen dira eskaintzan

Urte berria aniztasuna eta kalitatea ardatz nagusi dituen proposamen baten eskutik abiatuko da Muxikebarrin. Datozen lau hilabeteetan, Getxoko zentroak musika, antzerki, dantza eta umore 43 ekitaldi baino gehiago hartuko ditu, haur programazioa eta zinema ahaztu gabe. Aldi berean, Muxikebarrik hiru programazio-lerro berri abian jarriko ditu, gazteentzako eskaintza alternatiboa, euskarazko jarduerak eta emakumea protagonista duten kontzertuak sustatzeko.

Amaia Agirre Getxoko alkateak gaur izandako aurkezpenean nabarmendu duenez, Muxikebarri «erreferente bihurtu da lurraldean», eta azpimarratu du 2021a oso balantze onarekin itxi dela, pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera. Hala, Agirrek adierazi du 2021ean 36.000 lagun etorri direla egun arte programatutako 292 ekitaldietan, eta eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei kulturari emandako babesagatik.

2022an Muxikebarrik lehen aldiz ballet klasikoa hartuko du. Biarritzeko Malandain balletaren eskutik etorriko da hori, otsailaren 20an Getxon «Marie-Antoinette» antzeztuko duena. Thierry Malandainen lan hori, Versaillesko Operak enkarguz sortuta, XVIII. mendeko pertsonaia ospetsuan inspiratua dago eta 22 dantzari bilduko ditu, J. Haydn eta C. W. Gluck-en musika izango duela. Maitane Sarralderen «Desªnuda» (otsailak 18) eta Eva Guerrero konpainiaren «LOF – Ladies on Fight» (martxoak 20) piezek osatuko dute dantza eskaintza.

Musikari dagokionez, Mayumaná talde israeldarraren «Currents» ikuskizuna nabarmendu behar da, perkusioa eta dantza batzen dituen lan indartsua, Thomas Alba Edison eta Nikola Tesla asmatzaileen arteko lehian oinarrituta. Bestalde, Nacho Vegasek «Mundo inmóvil derrumbándose» bere disko berria aurkeztuko du urtarrilaren 29an eta Marlango taldeak kontzertua eskainiko du otsailaren 5ean.

Aipatzekoak diren beste musika-hitzordu batzuk honako hauek dira: Montserrat Martí Caballé buru duen errezitaldi lirikoa (otsailaren 13an), Claudi Arimany flauta-jotzaile ospetsuaren kontzertua (otsailaren 25ean) Jean-Pierre Rampal handiaren omenez, Golden Apple Quartet buru duen «Golden Gran Selección» musika eta umorezko ikuskizuna (otsailaren 27an) eta «Talismán» proiektua. Martxoaren 16an Jon Maia bertsolariak azken 30 urteetan hainbat talde eta artistarentzat idatzi dituen abestietako batzuk joko ditu «Nekatutak» kontzertuan. «El caserío» (maiatzaren 1ean) zarzuela ospetsuak emango dio amaiera musika eskaintzari, Zabalguneko Abesbatzaren eskutik.

Antzerkiari dagokionez, «Cinco horas con Mario» (urtarrilak 7) lana nabarmendu behar da. Horretan, Lola Herrerak Miguel Delibesen testu bat lehen aldiz eszenara eraman zuen paperari helduko dio. Otsailaren 26an, «Fariña» antzeztuko da, Nacho Carreterok narkotrafiko galiziarrari buruz idatzitako liburu ospetsuan oinarrituta, eta martxoaren 19an, Carmelo Gómezek antzerkia, musika eta bertsoak uztartuko ditu «A vueltas con Lorca» muntaian. Moliéreren jaiotzaren laugarren mendeurrena ospatzeko, Morboria Teatrok egile frantsesaren klasiko handienetako baten egokitzapena aurkeztuko du: «El avaro» (apirilaren 10ean). «Mi 3.er acto», Eguzki Zubiarekin (otsailak 2), Dramática Errante konpainiaren «Altsasu» eta Hika Teatroren «tarara» (martxoak 30) dira kontuan hartu beharreko beste proposamen batzuk.

Ildo berriak

2022an Muxikebarrik hiru programazio-ildo berri hartuko ditu. Getxoko Kultur Etxeko presidente Irantzu Uriartek aurkezpenean azaldu zuenez, ikastetxeko programazioa eta publiko berriak erakartzeko ekimenak dira. Lehenengoan, «Arrigunagako barikuak» ostiral gauetako zikloan, gazteentzako proposamen alternatiboak eskainiko dira, egungoak eta interesgarriak.

Halaber, McEnroe, Bastardix, Patxuko Nice eta Dientes de Luna taldeen eta La Furia rap abeslariaren emanaldiak izango dira, baita Getxo Kultura Big Rock Café talde lehiaketako irabazleak ere. Patxo Telleriaren «Nekatutak» umorezko ikuskizuna ere hartuko du zikloak, baita «Loba (She Wolf)» antzerki-muntaia ere, Teatro del Naveganteren Bette Davisi buruzko biopic bat; eta «Magüi Mira Molly Bloom», James Joyceren «Ulises» eleberriko pertsonaia ospetsuari hurbilketa gaurkotua, Magüi Miraren eskutik.

«Bigarren zapatua euskaraz» bigarren zikloari dagokionez, Uriartek nabarmendu du «euskarazko kulturan jarriko duela begirada». Hau hilabete bakoitzeko bigarren asteburuan egingo da eta Ruper Ordoika eta Anariren kontzertuak hartuko ditu, baita Tanttaka konpainiaren «Semea apur bat motelago dabil soilik» antzezlana ere.

Azkenik, Emakume Sortzaile eta Artisten Sarearekin (ESAS) elkarlanean abian jarriko den «Mmusika» zikloak musikaren munduko emakumeen lana ikusaraziko du emakumeek idatzitako musika interpretatuko duten emakumeen eskutik. Ziklo honen barruan Somos Esas Gara hari-instrumentuen taldea eta Ahaire Eho txirula-laukotea arituko dira martxoan eta apirilean.

Bertsoak, haurrentzako ikuskizunak eta zinema

Urteko lehen tarte honetan Muxikebarrik bertso eta musika ikuskizuna ere jasoko du: «Ez da kasualitatea», emakumezko bertsolari laukote bat protagonista duena. Bestalde, «Sirena bat dago nire aretoan», «Leihoak» eta Aste Zuriko oporretan programatuko diren antzezlanek («Enperadorearen kondaira» eta «Circo Bomboloni») osatzen dute haurrentzako proposamena, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunen azken lanarekin batera: «Kuikui». Azkenik, Zinemabarrik ohiko zinema zikloak ere hartuko ditu, Zinemabarri eta Zinematxiki, jatorrizko bertsioan azpitituluak dituzten filmak eta haurrentzako filmak, hurrenez hurren.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +