Berriak

"Ramiro Pinilla" Sariak

2021/09/17

Goiatz Labandibar eta Miguel Paz, "Ramiro Pinilla" eleberri laburren lehiaketako irabazleak

Laia Petralandak eta Claudia Montañések jaso dituzte haurrentzako “Txiki Baskardo” kontakizun lehiaketako sariak

Goiatz Labandibar eta Miguel Paz dira “Ramiro Pinilla” eleberri laburren laugarren edizioko irabazleak. Getxoko Kultur Etxeak herriko Pinillesca elkartearekin batera gauzatzen duen ekimen horren helburua da sorkuntza literarioa indartzea eta getxotar idazlea oroitzea. Labandibarrek euskarazko lanik onenaren saria lortu du, eta Pazek gaztelaniazko testuen modalitatekoa. Horrez gain, Laia Petralandak eta Claudia Montañés getxotar gazteek irabazi dute haurrentzako “Txiki Baskardo” kontakizun lehiaketa, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren.

Goiatz Labandibar Arbelaitzen (1985, Oiartzun) «Biharamuna» eleberria gaurkotasun handiko testua da, estiloa zein gaiari dagokienez, eta egungo belaunaldi gazteen kezkak jasotzen ditu. Ohiko bizimodua duen emakume arrunt bat da protagonista, eta ezusteko gertakari batek bere eguneroko normaltasuna krisian jarriko dut. Epaimahaiaren hitzetan, «lan hau narrazioaren freskotasunagatik nabarmentzen da, irakurlea istorioan zuzenean sartu eta kontakizunak aurrera egin ahala tentsio narratiboa mantentzen duelako».

Egile oiartzuarrak 2013an egin zuen debuta Igartza bekari esker «Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak» liburuarekin. Bi narrazio labur ere egin ditu, «Fotogramak» (2016) eta «Hori zen dena» (2019), baita poesia-liburu bat ere, «Interpretazioak g minorren". Aldi berean, Donostia 2016 zela eta, Poloniako egonaldi artistiko batean parte hartu zuen, eta «Hala bazan… klixk!» proiektua garatu zuen. Zenbait sari jaso ditu literatura lehiaketatan, hala nola Café Bar Bilbao Antzerki Laburraren Saria (2020) eta Gabriel Aresti lehiaketa.

Bestalde, Miguel Paz Cabanas Corralek (1963, Sestao) gaztelaniazko lanentzako saria irabazi du «Banksy estuvo aquí» eleberriarekin, zehaztu gabeko gerra-gatazka batean girotutako istorioa, hain zuzen ere. Bertan, gure orainarekiko elkarrizketa planteatzen du, alderdi autoironikoa eta entsegu-estiloa erakusten dituela. Azken horren bidez, irudiak gure gizartean duen botereari buruzko gogoeta egiten du. Lehiaketako epaimahaiak azpimarratu duenez, «egileak garai hauetako azalkeria nahasten jakin izan du gerraren sakontasunarekin, edozein gerrateren sakontasunarekin eta iheslarien minarekin, giza izaerarekin oso atsegina ez den testu bat lortzeko».

Bizkaian jaio eta Leonen bizi den autore honek saiakera eta kazetaritza artikulua bezalako generoak lantzen ditu. Zutabegilea da Diario de León egunkarian, eta eleberri-idazle gisa hainbat sari jaso ditu Espainian zein kanpoan (Cartagena Hiria, José Nogales, Villa de Navia, Ciudad de Martos, Joaquín Lobato edo Ciudad de Pupiales, besteak beste). Bere lanik aipagarrienen artean, "El viaje del idiota" eta "Los abedules enanos" aipatu behar dira. Olerki lanak ere baditu, hala nola, «Oración de la negra fiebre» eta «Tu nombre se enreda en mis manos» poema-liburua, eta arlo horretan lortu ditu sariak San Lorentzo Elkartearen XIII. Poesia Lehiaketan eta Askatasunaren eta Bakearen aldeko Sortzaileen Poesia VI. Lehiaketan.

"Txiki Baskardo" haurrentzako kontakizun-lehiaketari dagokionez, Laia Petralandak, Caro Baroja BHIko ikasleak, euskarazko saria irabazi du, gaur egungo gaiak jorratzen dituen kontakizunarekin, hala nola bullyinga eta sexu-aniztasuna, kikiltzen ez uzteko eta nork bere burua onartzea sustatzeko. Bestalde, Romo-Artaza institutuko Claudia Montañések irabazi du gaztelaniazko saria, oso istorio irudimentsuarekin, ondo eratua, non, besteak beste, helburu komunak lortzeko batasun-mezu bat planteatzen duen.

Laugarren edizioa

“Ramiro Pinilla” lehiaketaren laugarren ediziora 192 lan aurkeztu dira; horietako 11, euskaraz. Parte-hartzaileetako 56 Euskal Autonomia Erkidegokoak (horietako 15, getxotarrak) eta Nafarroakoak dira, eta gainontzekoak estatuko ia lurralde guztietakoak. Lehiaketako epaimahaia Juan Kruz Igerabide, Inazio Mujika eta Txani Rodríguezek osatu dute. “Ramiro Pinilla” lehiaketako sariak 6.000 eurokoak dira, eta 1.000 euroko laguntza emango da lanak argitaratzeko. Haurrentzako “Txiki Baskardo” lehiaketan Azkorri, Europa, Julio Caro Baroja, Artaza-Romo, Aixerrota eta Santístima Trinidad ikastetxeetako DBHko 1. Mailako ikasleek hartu dute parte.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +