Berriak

Zerbitzuen egokitzapena

2020/12/01

Getxoko Kultur Etxeak bere zerbitzuak egokituko ditu Eusko Jaurlaritzaren dekretu berrira

Aretoen ordutegiak luzatuko dira eta espazioen lagapena berriro abian jarriko da

Maiatzaren 17tik aurrera Getxoko Kultur Etxeak bere zerbitzuak egokituko ditu Eusko Jaurlaritzaren 23/2021 Dekretura, Covid-19ari eusteko neurri berriak ezartzen dituena. Horren ondorioz, Romo eta Villamonteko kultur etxeetako ordutegia zabalduko da, eta kultura-jardueretarako espazioen lagapena berriro abian jarriko da, betiere aipatutako dekretuan ezarritako baldintzak errespetatuz.

Kultur Etxeetako ordutegia ordu bete luzatuko da astelehenetik ostiralera; beraz, bi zentroek 22:00etan itxiko dira. Asteburuko ordutegian ez da aldaketarik izango. Erakusketa aretoen ordutegia ere luzatuko da, astelehenetik ostiralera, 21:30ak arte.

Bestalde, Kultur Etxeetako aretoak lagatzeko zerbitzua araudi berria betez jarriko da abian berriro. Hala, espazio bakoitzean baimendutako gehieneko edukiera ezartzen dena izango da, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatuz, inolaz ere % 50eko edukiera gainditu gabe.

Kultura Etxeak beretzat gordeko du erakunde eskatzaileei prebentzio-neurrien protokolo bat eskatzeko eskubidea, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena. Abesbatzen eta dantza taldeen kasuan, nahitaezkoa izango da agiri hori aurkeztea. Nolanahi ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak arduratuko dira prebentzio-neurriei buruzko protokoloa betetzeaz eta protokoloa betetzeko behar diren bitartekoak jartzeaz.

Halaber, haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak egiteko gelak eskatu ahal izango dira, baldin eta indarrean dagoen dekretuko jarduera horiei dagokien ataleko baldintzak betetzen badira.

Azkenik, Kultur Etxeak gogoratu nahi du derrigorrezkoa dela aretoen berezko araudia errespetatzea: maskararen erabilera iraunkorra, 1,5 metroko distantzia eta eskuak maiz garbitzea, nagusiki.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +