Berriak

Kultura proposamenak

2020/12/30

Getxoko elkarte eta enpresek bultzatutako hamabi ikuskizun hautatu dira programazio artistikoko deialdian 

Kultur Etxeak 100.000 euro esleitu dizkio proiektuen erakusteari

Bertoko elkarte eta enpresek proposatutako hamabi proiektu aukeratu ditu Getxoko Kultur Etxeak 2021. urtean zehar udal zentroetako programazioan txertatzeko. Horiek guztiak aurkeztu ziren getxotarrek bultzatu edota eginiko proiektuen erakustea sustatu eta ahalbidetzeko asmoa duen deialdira, pasa den urteko azaroan zabaldu zena.

Guztira, 33 proiektu aurkeztu ziren Getxoko kultur enpresa eta elkarteei zuzendutako deialdi horretara eta, Getxoko Kultur Etxeko teknikariek eginiko hautaketa-prozesuaren ondoren, aipatutako hamabiak aukeratu dira honako irizpide hauekin: kalitatea, originaltasuna, udalerriarekiko lotura eta bideragarritasun teknikoa. Hautatutako proposamenek zenbait diziplina hartzen dituzte: antzerkia, dantza, musika, ikus-entzunezkoak, zinea eta esku-hartze artistikoa. Hurrengo asteetan jakinaraziko dira publikoki hamabi egitasmo hautatuak eta euren xehetasunak.

Proposamenak Muxikebarriko areto guztietan edota Romo Kultur Etxeko areto nagusian programatuak izateko diseinatu dira eta halaxe egingo da 2021. urtean zehar. Kultur Etxeak ikuskizunen berri emango du bere ohiko komunikabideen bitartez eta jakinaraziko du noiz erakutsiko diren.

Guztira, Kultur Etxeak 100.000 bideratuko ditu proiektuak erakusteko. Deialdiari esleitutako dirua osasun-egoera dela eta iaz bertan behera geratu ziren herriko jaien baliabide ekonomikoetatik dator. Ekimen hau kultura bultzatu eta sektore artistikoari laguntzeko hiruko programa baten barnean dago, sormen kulturala eta formakuntza eta profesionalizaziorako deialdiekin batera.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +