Berriak

Muxikebarriko programazioa

2021/01/04

Muxikebarrik programazio bizia eskainiko du 2021eko hasieran

José Sacristán, Silvia Pérez Cruz, Cayetana Guillén Cuervo, Kiko Veneno, Gabino Diego eta Judith Jáuregui ariko dira, besteak beste, Getxoko zentroan urteko lehenengo lauhilekoan

Muxikebarrik, Getxoko Arte, Kultura eta Kongresu zentroak, urte berriari hasiera emango dio programazio bizia eskainita, aniztasuna eta kalitatea ardatzak izango direla. Antzerkia, musika, dantza, zinema eta haurrentzako ikuskizunak hartuko ditu zentroak eta horietan izen handiko protagonistak zein artista gazteak jardungo dira urteko lehenengo lauhilekoan. Guztira 30 ekitaldi baino gehiago izango dira bertan eta horietan guztietan egungo osasun araudia beteko da, eta horren ondorioz aretoen edukiera %50era mugatuta egongo.

Musikari dagokionez, Muxikebarrik genero eta estilo askotariko artista eta taldeak hartuko ditu. Kiko Veneno eskarmentu handiko musikaria urtarrilaren 16an jardungo da “Sombrero roto” bere azken diskoaren bira dela eta. Biharamunean, hilak 17, Aurrera taldeak “Baezpada” ikuskizuna aurkeztuko du Getxon, Tina Turner, Aretha Franklin, Edith Piaf, Amy Winehouse eta Adele bezalako abeslarien kanten bertsioak eskaintzeko. Urtarrila borobiltzeko, hilaren 21ean Bilbao Orkestra Sinfonikoak kontzertua emango du Jaume Santonjak zuzenduta.

Otsailean, Guda Dantza ska-talde gaztea arituko da 3an eta musika klasikoaren zaleek Judith Jáuregui piano-jotzaile donostiarraren errezitaldiaz gozatu ahal izango dute 5ean. Hilaren 10ean, tradiziozko doinuek lekukoa hartuko dute “Koplariak” ikuskizunean, Korrontzi taldea eta Xabier Amurizaren elkarlan-proiektuan hain zuzen ere, kopla protagonista duena. 19an En Tol Sarmiento bandak “Aukera berriak” azken diskoaren pop, rock, ska eta reggae nahasketa gerturatuko du Muxikebarrira. Egungo euskal rockaren banda ospetsuenetariko batek itxiko du otsaila, Zea Maysek, hain zuzen ere, “Atera” diskoaren kantak aurkeztuko dituena.

Martxoaren 6an Amak trikiti- eta ahots-laukoteak bere jai-musika gerturatuko du Getxora eta, hilak 14, Andoni Martínez Barañano tenorrak “Desde mi balcón a tu corazón” kontzertua eskainiko du; horren bitartez, Getxok Covid-19ren pandemiak eragindako konfinamenduaren hasieraren lehenengo urteurrena ospatu nahi du eta, horretarako, artistak bere balkoitik auzokoei eskainitako kanta batzuk abestuko ditu. Martxoko azken saioan, hilaren 27an, Dead Bronco taldeak “The Announciation” disko berria aurkeztuko dute, black folk izendatu duten estilo berriaren erakusle dena.

Apirilean, lehenengo lauhilekoaren kontzertu nabarmenduenetariko bat izango da: Silvia Pérez Cruzena, hain zuzen ere. Kantautore gaztea “Farsa (género imposible)” bere azken diskoaren kantak eskainiko ditu, beste arte-diziplina batzuekiko elkarrizketa proposatzen dutenak. Azkenik, Isabel Rey izen handiko sopranoak, Espainiako abeslari liriko ospetsuenetariko bat denak, itxiko du musika-proposamena Nauzet Mederos piano-jotzailearekin batera eskainiko duen errezitaldian.

Antzerkia

Muxikebarrik hamar antzezkizun eskainiko ditu 2021eko lehenengo lauhilekoan; horien artean nabarmendu behar da “Señora de rojo sobre fondo gris” (urtarrilak 9), Miguel Delibesen izen bereko eleberriaren moldaketa, José Sacristán aktoreak antzeztuta. Halaber, ikuskizun garrantzitsuenen artean aipatu beharra dago “Puertas abiertas” (martxoak 5), Cayetana Guillén Cuervo eta Ayoub El Hilai protagonistak dituena eta 2015ean Parisen gertatutako eraso terroristen egunean girotuta dagoen intriga-lana. Martxoan ere, 26an, Gabino Diego eta Cecilia Solagurenek osatutako bikoteak “Los mojigatos” antzeztuko du, sexuaren inguruko joko dibertigarri eta polemikoa.

Antzerki-eskaintza borobiltzeko, honako antzezkizun hauek ere izango dira Muxikebarrin: Tanttakaren “El viaje a América” (urtarrilak 30) lan dibertigarria; Utopian getxotar taldearen “Ophelia” (otsailak 6), “Hamlet”en moldaketa emakumezko-ikuspuntutik hartuta; “¿Cómo hemos llegado a esto?” (otsailak 17) eta “Losers” (martxoak 20) komediak; Pabellón 6 eta Makiescécnicaren “Ocaña” (martxoak 21) muntaia, Frankismoaren azken garaietako José Pérez Ocaña pintorearen bizipen iskanbilatsuak kontatzen dituena; eta zuzeneko musika eta antzerkia uztartzen dituen “Porno vs Afrodita” komedia (apirilak 30), Benetan Be taldearen eskutik.

Dantza

2021. urtean jarraipena emango dio Muxikebarrik iaz hasitako dantzaren aldeko apustuari eta lau ikuskizun hartuko ditu apirilera arte. Urtarrilaren 27an Matxalen Bilbaok eta Natalia Garcíak osatutako bikoteak “Serenity Suite” ikuskizunean erakutsiko dute azken garaietan eginiko elkarlana. Otsailaren 20an Organik taldeak saregile ogibidea erakutsiko du bere ikuspegi bereziaz baliatuta. Martxoaren 13an Aukeran dantza taldeak eta Aitor Etxebarriak da “Biz hitza” eskainiko dute, hizkuntzen historia unibertsala abiapuntu hartuta euskara batuarena gerturatzen diguna. Azkenik, apirilaren 18an Input Danza konpainiak “Nosotros” aurkeztuko du, profil anitzeko bi dantzariren ikuspuntuak bateratzen dituena elkarrekiko dantza-lengoaia sortzeko.

Umorea, haur-eskaintza eta zinema

Urtarrilaren 23an eguneroko pasadizo txikiez eta bizitzan benetan egokia denaz arituko da bere ikuspuntu xelebreaz erakutsita “La penúltima” umorezko bakarrizketan. Halaber, programazioan ez dira faltako haurrentzako proposamenak: urtarrilaren 15ean “Lur” antzezlan hunkigarriak Ane txikiaren bidaia gerturatuko die haurrei, aldi berean genero-identitatearen gaia erakutsita. Apirilaren 25ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo hirukoteak, bere azken ikuskizuna ekarriko dute Muxikebarrira, “Amaren intxaurrak”, hain zuzen ere. Eta, ohi bezala, Zinematxiki haur-zinema zikloan, txikiek animazio filmak ikusi ahal izango dituzte igandero, eguerdiko 12:00etan.

Halaber, urtarrilean ere Zinemabarri helduentzako zinema-zikloa itzuliko da Getxora. Ostegunero, 19:00etan, kalitatezko eta zinema-jaialdi ospetsuetan saritutako filmak proiektatuko dira, jatorrizko azpitituludun zein bikoiztutako bertsiotan.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +