Berriak

Artista bat auzoan

2020/10/06

"Artista bat auzoan" proiektuaren bigarren fasean bertoko artistek beren lana gerturatuko diete publikoari ekitaldi anitzen bitartez

Igandean hasita eta azaroaren 27ra arte tailerrak, bisitak arte-estudioetara, topaketak eta beste ekimen batzuk izango dira

Igandean, urriak 4, “Artista bat auzoan” proiektuaren bigarren fasea hasiko da. Ekimen hori berrogeialdian abiatu zen Getxoarte 2020ko Bitartekaritza eta Egoitza Programaren baitan, artista getxotarren lana publikoari gerturatzeko asmoz. Lehenengo fasean parte hartu zuten zortzi artistek bere lan-prozesuak eta interesak erakutsi zituzten sare sozialetan zabaldutako bideoen bitartez eta, bigarren atal honetan, azaroaren 27ra arte luzatuko dena, publikoarekin bilduko dira zenbait ekitalditan beren lanak eta estudioak erakusteko edota proiektuez eta egungo sormenaz hitz egiteko.

Programaren bigarren fasea Regina Zabalaren eskutik hasiko da igandean, urriak 4, 7 eta 10 urte bitarteko haurrentzako tailer baten bitartez. Andra Mariko Zirri Marra Arte Tailerrean izango da hori eta, bertan, umeek ilustrazioaren mundua ezagutzeko aukera izango dute ipuin, komiki eta animazioak ikusten. Horretan parte hartzeko plaza guztiak dagoeneko beteta daude.

Urriaren 16rako Pablo Zabala artistak Romon duen tailerrera bisita egitea proposatu du, publikoari bere pinturak era gertuan erakusteko asmoz. Ekitaldia 18:00etan izango da eta, horretan parte hartzeko topagunea, Romo Kultur Etxeko sarrera. Pablo Astrainek ere bere tailerra erakutsiko du urriaren 22an eta, horrezaz gain, “Error de sistema” bere azken erakusketari buruz hitz egingo die bisitariei. Bisita 18:30ean izango da eta, topagunea, Zirri Marra Arte Tailerrean (Anboto, 2 – Andra Mari). Bisita bakoitzeko, gehienez 10 pertsonek parte hartu dezakete.

Urriaren 27an Eztizen La Cruzek topaketa bat eskainiko du bere sormen-prozesuak eta tailerrean erabiltzen duen lan-metodologia azaltzeko. Gainera, etxeko espazioez eta ingurune berri gisa duten garrantziaz mintzatuko da. Topaketa Villamonte Kultur Etxean izango da, 19:00etatik 20:00etara. 

Azaroko proposamenak hilaren 8an abiatuko ditu Natalia Murok mugimenduaren adierazpena lantzeko antolatu duen dantza-tailerraren bitartez. 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara izango da Romo Kultur Etxean, 13 urtetik gorako lagunentzat. Horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa dantza-ezagutzarik izatea. Azaroaren 12an Maitane Sarralderen eskutik. Artista horrek diziplina-anitzeko proposamena egingo du komunikazio-kanal desberdinak esploratzeko, oroimenaz baliatuta. Ekitaldi hau 50 urtetik gorako pertsonentzat zuzenduta dago.

Azaroaren 17an, Helena Goñik bere lan-prozesuak, argazkigintzan zein beste arlo batzuetan, partekatuko ditu Romo Kultur Etxean izango den topaketan. Ekitaldia 18:00etatik 19:30etik izango da eta 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Azkenik, Izaro Ieregik “Encontrarás la manera” bere azken proiektuaren sormen-prozesuak abian jarriko ditu azaroaren 27an, Romo Kultur Etxean ere, 16:00etatik 19:00etara Arte-Batxilergoko ikasleentzat.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +