Berriak

2020ko udako programazioa

2020/07/09

Oharra: 

Muxikebarri eta Romo Kultur Etxeko ikuskizunetan:

  • Iritsi zaitez denbora nahikoren ikuskizunera, mailakatuta sartzeko. Aretoko ateak 45 minutu lehenago irekiko dira.
  • Maskara ikuskizun osoan zehar jantzita edukitzea derrigorrezkoa da.
  • Zaindu segurtasun-tartea.

Romo Kultur Etxeko ikuskizunetan:

  • Osasun krisialdiak eragindako toki murrizketak direla eta, ezin da bermatu aukeratutako besaulkia zehazki planoan agertzen den tokian egongo denik. Barkatu eragozpenak.

Getxok bertoko artisten aldeko apustua egingo du udako kultura programazioan

Musika eta haur antzerkia izango dira uztail eta abuztuko eskaintzaren protagonistak eta, irailetik aurrera, ohiko beste ekitaldi batzuk izango dira, esaterako Habanera Jaialdia

Bertako talentua izango da protagonista Kultur Etxearen udako programazioan, uztailean eta abuztuan zehar programatuko dituen formatu txikiko zazpi emanaldietan. Artista getxotarren eskutik, publikoak kontzertuak eta haurrentzako antzerkia izango ditu Muxikebarri zentroan eta Romo Kultur Etxeko areto nagusian. Gainera, uztailean eta irailean, Musika Eskolak bi kontzertu ziklo programatuko ditu, eta horietan ere herriko artista eta taldeen aldeko apustua egingo du. Hori guztia gauzatzeko eta esparru itxietako ikuskizunen osasun-araudira egokitzeko, aretoen edukiera murriztu egin da eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da ekitaldi guztietan.

Musikari dagokionez, programazioa uztailaren 17an, ostiralean, abiatuko da Basurita taldearen eskutik. Aretoko programazioa (Romoko Kultur Etxea, 20:00etan). Rock alternatiboko banda da, Getxo Sound-ekin lotura duten musikariek osatua, El Inquilino Comunista, Cujo edo Zodiacs taldeetan aritutakoak, besteak beste. Berriki, "El Gran Feliz" lan berria aurkeztu dute. Astebete geroago, uztailaren 24an, Smile-ren txanda izango da (Muxikebarriko Ereaga aretoa, 20:00etan). Musika gaztearen erreferenteetako bat da Getxon, eta azken aldian soinu festatsuago batera bideratu du bere musika, bere esentzia alai eta hondartza-zalea alde batera utzi gabe.

Uztailaren 30ean, berriz, The Old Timey String Band (Romoko Kultur Etxea, 20:00etan) taldeak bluegrass, country eta Ipar Amerikako doinuen nahasketa ekarriko du, oraingoan bi artista gonbidaturen laguntzarekin: Lorelei Green kantautorea eta Agus Zubiaga banjo-jolea.

Abuztuaren 10ean, Biotz Alai Abesbatzak San Lorentzo eguna ospatuko du bere ohiko kontzertuarekin (Muxikebarriko Ereaga aretoan, 22:00etan), eta hilaren 14an, ostirala, euskal jazzeko ahotsik ezagunenetako baten eskutik itxiko da kontzertu zikloa, Itxaso Gonzalezen eskutik (Muxikebarriko Ereaga aretoan, 20:00etan); saio horretan José Luis Canal izango du lagun pianoan. Programa honetako kontzertuetarako sarrerek 5 euroko prezioa izango dute eta dagoeneko salgai daude ohiko lekuetan (Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan, Kutxabank sarean eta Muxikebarriko txarteldegian, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik). Salbuespen bakarra Biotz Alai taldearen kontzertua izango da, Kultur Etxeetan uztailaren 15etik aurrera jasotzeko gonbidapenak jarriko baitituzte.

Umeentzako antzerkia

Haurrentzako bi txotxongilo ikuskizun programatu dira. Lehenengoa uztailaren 19an izango da, igandean, Toni La Sal konpainiaren eskutik; "Txotxongilo Bertsolariak" (Muxikebarriko Areeta aretoa, 18:00etan) aurkeztuko dute, bertso kanpamentu berezi baten inguruko euskarazko muntaia dibertigarria. Bigarrena, uztailaren 26an, igandean, “Nahia eta Neo: ezusteko bisita / Nahia y Neo: una visita inesperada” (Romo Kultur Etxeko areto nagusia) izango da, Rosa Martinezen konpainiaren eskutik. Azken horretarako bi saio izango dira, 12:00etan (gaztelaniaz) eta 18:00etan (euskaraz). Lan horietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Musika Eskola

Musika Eskolaren udako programazioa bi hilabetetan banatuko da, uztailean eta irailean, eta emanaldi guztiak Areetako Andres Isasi Eskolako auditorioan egingo dira, 21:00etan. Uztailean jazz musika izango da ardatza. Hilaren 9an, osteguna, Mario Clavell Larrinaga Quartet, generoaren klasiko handiak, baita musika klasikotik datozen gaiak ere, interpretatzen dituen taldeak irekiko du saioa. Hurrengo astean, uztailaren 16an, Malú Garay abeslariaren txanda izango da; laukote moduan arituko da jazz, blues eta bossa nova errepertorioa interpretatzeko.

Uztailaren 23an, Miguel Salvador Quartet gitarrista ezagunaren taldeak "Diez años después" lan berria aurkeztuko du, antzerkirako, dantzarako eta zinemarako konposizio batzuk ere biltzen dituena. Azkenik, uztailaren 30ean, Origen laukotea arituko da, musika klasikoaren eta jazzaren arteko bideari ekiten diona, baina soinu sintetizatuei esker New Age generoaren bidean sartu dena.

Irailean, jazzak askotariko erritmoei ematen die bidea. Hilaren 2an funky rock eta soul doinuak Mississippi Queen & The Wet Dogs taldearen eskutik, aurten bertan Sonidos Mans lehiaketa irabazi duenak. Irailaren 10ean Bringas talde eklektikoak hartuko du lekukoa, rock bluesetik power pop-era barne hartzen duenak baina betiere soinu propio ezagunarekin. Hurrengo astean, hilaren 17an, Matt Horan artista estatubatuarra, Dead Bronco arrakastatsuen sortzailea, "Country as Fuck" proiektu berriarekin dator, bere ibilbideko soinu countryena erakusteko lehen mailako musikariekin batera. Azkenik, irailaren 24an Afrika Bibang abeslariak urrezko amaiera emango dio zikloari. Abeslari getxotarra, besteak beste, Ke no falte edo Etsaiak taldeetako kide izan da eta Muguruza anaien eta Gontzal Mendibilen kolaboratzaile. 2008tik Calima flamenko-fusioko taldearekin abesten du.

Musika Eskolak programatutako uztaileko kontzertuetarako sarrerak salgai daude Areetako Andrés Isasi Eskolan, 10:00etatik 13:00etara, baita zentroko leihatilan ere, emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenagotik, hilaren 23an eta 30ean izan ezik, horietan leihatilan soilik egongo baitira eskuragarri. Beste alde batetik, iraileko kontzertuetako sarrerak leku berdinetan egongo dira salgai abuztuaren 27tik aurrera.

Iraila

Irailean, kultur programazioa Bertso Jaialdi Mundialaren eskutik hasiko da, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) bultzatutako ohiko ikuskizunetako bat, hilaren 2an, asteazkenean, Muxikebarriko Ereaga aretoan. Sarrera gonbidapena izango da eta Kultur Etxeetan jaso beharko da abuztuaren 12tik aurrera. Bertsozaleek, halaber, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen saio batez gozatzeko aukera izango dute. Ekitaldia irailaren 17an izango da (Muxikebarriko Arrigunaga aretoan, 18:30ean) eta Aitor Arrutia, Aritz Landeta, Iñaki Lersundi, Julen Ibarguengoitia eta Mikel Aiartzaguenak hartuko dute parte.

Hilaren 5ean, larunbatean, "Getxoko Balkoiak" ikuskizuna izango da (Muxikebarriko Ereaga aretoan, 19:30ean). Bertan, Kultur Etxeak konfinamendu-aldian tokiko sorkuntza bultzatzeko eta herritarrak animatzeko abian jarri zuen izen bereko lehiaketan saritutako artistak arituko dira. Sarrerak (3 €) abuztuaren 12tik egongo dira salgai.

Irailean itzuliko da herriko beste musika hitzordu ezagunenetako bat, Habanera Jaialdiaren hogeita hamalaugarren edizioa, hilaren 11tik 13ra bitartean egingo dena. Oraingoan Xató (11n) eta Boira (12an) talde katalanek eta Zozoak eta Andrés Isasi (13an) herriko abesbatzek hartuko dute parte. Kontzertuak Muxikebarriko Ereaga aretoan izango dira, 19:00etan, eta sarrerak (3 €) uztailaren 15etik aurrera jarriko dira salgai. Jaialdi osorako abonua (7 €) Kultur Etxeetan soilik erosi ahal izango da.

Habanera jaialdia ez da hitzordu musikal bakarra izango irailean, izan ere, Kultur Etxeak azkenean erabaki du Folk jaialdiari ere eustea, nahiz eta aurtengo edizioak bertsio egokitua izan beharko duen. Une honetan Kultur Etxea lanean ari da jaialdi egokitu horren baldintzetan eta xehetasunetan. Jaialdia irailaren 25etik 27ra egingo da.

Irailaren 8tik 28ra Romo Kultur Etxeko erakustaretoak Bosteko 2020 erakusketa hartuko dut. Bertan, Mikel Lertxundiren argazkilariaren, Laura San Juan margolariaren eta Javier Landeras eskultorearen lanak bilduko dira.

Azkenik, irailaren lehen astean irekiko da Kultur Etxeak antolatutako tailerretarako aurrematrikula egiteko epea, baita Deustuko Unibertsitateko Herritartasun Eskolako Deustobide helduentzako kultur ikastaroetarako ere. Tailer eta ikastaro horien eskaintza eta informazioa abuztuaren 15etik aurrera egongo da eskuragarri.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +