Berriak

Getxoarte: Artista bat auzoan

2020/05/08

Getxoartek konfinamenduan dauden bertako zortzi artisten lana eta bizipenak erakutsiko ditu

“Artista bat auzoan” izeneko proiektuan, publikoarekin partekatuko dute beren sormen-prozesuak eta esperientziak eta tailer-topaketekin osatuko da ekimena behin alarma egoera amaituta

Getxoko Kultur Etxeak, Getxoarteren Bitartekaritza eta Egoitza Programa eta “Bi hormetara” proiektuaren bitartez, abian jarri du bertoko sormen artistikoa eta publikoaren eta artisten arteko topaketa bultzatu nahi duen “Artista bat auzoan” izeneko ekimena. Gaur hasita eta maiatza osoan zehar, programa horretarako hautatutako zortzi artistek bere lana eta esperientziak gerturatuko dizkiete arte-zaleei bideoez baliatuta. Guztira, konfinamenduan zehar grabatutako 8 bideo argitaratuko dira Getxoko Kultur Etxeko sare sozialetan (Getxo Kultura).

10-15 minutuko pieza horietan, Helena Goñi, Eztizen La Cruz, Pablo Zabala, Izaro Ieregi, Maitane Sarralde, Pablo Astrain, Regina Zabala eta Natalia García Muro artistek, guztiek Getxon etxebizitza dutenek, amaitu gabe edo bukatuta dauden lanak erakutsiko dituzte eta baita diziplina anitzeko sortze-prozesuak, adibidez pintura, argazkigintza, ilustrazioa, dantza, eskultura eta performancea. Gainera, esperientzia pertsonalen eta bizipenen berri ere emango dute eta baita ekitaldiak proposatu edota liburuak, musika eta beste artisten lanen proposamenak egin. Horren guztiaren bitartez sortzaileen eta publikoaren arteko elkarrizketa bultzatu nahi da berrogeialdian zehar. Azken asteotan bizitako egoera zaila gertatu da artistentzat, ezin izan dutelako bere lana erakusketa areto edo arte-galerietan erakutsi baina, aldi berean, garai hau aproposa da sormena pizteko eta, hori dela eta, garrantzitsua da publikoari bere sormenak gerturatzea.

Artisten eta publikoaren arteko harremanari jarraipena emateko, bideo guztiak eskaintzen direnean, tailer-topaketatan izena emateko aukera emango zaie zaleei. Horietan, proiektuan parte hartu duten artistek bere lana erakutsi, etorkizuneko proiektuak azaldu edota egungo arte-sormenari buruz hitz egin ahal izango dute. Artista bakoitzak erabakiko nola eta noiz izango diren topaketa horiek, behin alarma egoera amaituta, betiere etorkizuneko balizko osasun-araudietara egokituko diren gunetan.

Bai bideoak bai topaketetan gertatzen den guztia ere abenduan Romo Kultur Etxean erakutsiko da, Getxoarte 2020ko Bitartekaritza eta Egoitza Programarekin batera. Programa horretan parte hartuko duten artista guztiek Bi Hormetara eta Zirri Marra Arte Tailerra espazioen sortzaile diren Miren Begoñe Bilbao eta Ibon Garagarza komisarioek hautatu dituzte.

Lehenengo bideoa

Proiektuaren lehenengo bideoa gaur bertan izango da ikusgai eta horren protagonista Helena Goñi (Bilbo, 1990) izango da. Haren lana, batik bat, argazkigintzaren arlokoa da, nahiz eta musikak eragin handia izan, halako moldez non obraren beraren parte izatera ere iristen baita, beste osagai batzuekin batera (bideoa, serigrafia…). Ingurunean duenetik abiatuta lan egiten du, bere esperientziari arreta berezia eskainiz itxaropenen, porrotaren, utopiaren edo hurkoarekiko topaketaren bidez.

Arte Ederretan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Londresera joan zen bere ikasketekin jarraitze aldera, Central Saint Martinsen Argazki Masterra eginez. 2015ean bakarkako lehen erakusketa egin zuen Cosmos galerian (Bilbo) eta bertan aurkeztu zuen Tourniquet proiektua. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusizko Arteen Beka jaso du. 2017an "Dime que estamos cerca de un motín" deritzon bakarkako bigarren erakusketa izan zuen Bilboko Rekalde Aretoan, Barriek programaren barruan. Pasa den astean, Foru Aldundiak bultzatutako Ertibil Bizkaia lehiaketako lehenengo sariaren irabazle izendatu zuten. Lehiaketa horren 2016. eta 2018. urteetako ekitaldietan ere saritua izan zen.

Bideoak:


Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +