2025/3/7
Martxoaren 12tik 20ra bitartean, Portu Zaharreko eta Ereagako hainbat tokitan beste filmaketa zinematografiko bat egingo da. Hori dela eta, aparkatzeko erreserbak eta ibilgailuen eta oinezkoen trafikorako noizbehinkako mozketak egingo dira inguruan eta Udaltzaingoak kontrolatuko ditu. Bizilagunek inguruko aparkaleku libre eta kontrolatuak erabiltzen jarraitu ahal izango dute.
Gainera, logistika- eta kontrol-lanak errazteko, Portu Zaharreko aparkaleku txikia itxita egongo da martxoaren 12an, asteazkena, ekoizpen etxeko hainbat ibilgailu aparkatzeko. Filmatzeko aurreikusitako ordutegia 07:00etatik 19:00etara izango da, eta ekoizleak eta udal zerbitzuek herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko lan egingo dute.
“Barcelona my love”
Portu Zaharrean filmatuko diren eszenak “Barcelona my love” minisailerako dira. Ron Oliverrek zuzendutako komedia erromantiko honek bi kapitulu ditu eta Ashley Williams, Alison Sweeney eta Alejandro Tous ditu protagonista. Hallmark Estatu Batuetako kable bidezko telebista-kate nagusiaren ekoizpena da. 2025aren erdialdean emitituko da Hallmark Channel telebista katean (AEB eta Kanada), eta mundu osoan streaming plataformek banatuko dute (Netflix, Prime Video...).
Beste errodaje batzuk
Gainera, egunotan, Getxon, beste bi filmaketa egiten ari dira:
- “Los domingos”, Alauda Ruiz de Azuaren hirugarren film luzea, Blanca Soroa eta Patricia López Arnaiz protagonista dituena. Hori dela eta, aparkalekuak erreserbatu dira Aiboa, Ormetxe eta Miramar kaleetan, bai eta ibilgailuen zirkulaziorako noizbehinkako mozketak ere.
- “Inurri itsuak”, Ramiro Pinillaren eleberrian oinarritua, Igor Legarretak zuzendua eta Itziar Ituño eta Urko Olazabal protagonista dituena. Irudi batzuk martxoaren 18tik aurrera filmatuko dira Azkorri inguruan.