2026/5/21

Udalak Algortako Gauegun Gazteleku berria ezartzeko proiektua aurkeztu du, Algortako Merkatuaren eraikinean zegoen “Kantxa Kirol Moda” merkataritza-lokal zaharra osorik eraberritzeko eta gaitzeko, hain zuzen. Gaur egun Urgull kaleko udal eraikinaren hirugarren solairuan dago. Obren aurrekontua ia 730.000 eurokoa da; aurreikusita dago udazkenean hastea eta sei hilabeteko iraupena izatea.
Ekipamendu berria 11 eta 17 urte bitarteko gazteentzat da, eta gazteen aisialdirako gune komunitario eta hezitzaile gisa planteatzen da, ez soilik toki fisiko gisa, Getxoko gazteentzako laguntza hezitzaile, sozializazio, partaidetza eta erreferentzia ingurune gisa baizik.
Mihaela Jilavu Gazteriako zinegotziak adierazi duen bezala, “jarduera honek Gazteriaren politika publikoak ulertzeko modu bat islatzen du, aukera berdintasuna, bizikidetza eta gazte guztiek gure auzoetan espazio ikusgarriak, erdigunean, modernoak, egokituak eta irisgarriak izateko duten eskubidea oinarri hartuta, non gazteria lagundua, entzuna eta bizitza komunitarioaren protagonista sentitzen den. Proiektu honen bidez, udal zerbitzu bat hobetzeaz gain, erabiltzen ez den espazio bat berreskuratzen dugu herritarren zerbitzura jartzeko, Algortako Merkatuaren ingurunea biziberrituz eta udalerriko gizarte kohesioa indartuz. Belaunaldi guztientzako topaleku eta bizikidetza aukerak sortuko dituen Getxo bat nahi dugu. Ekipamendu berri horri esker, hezkuntza-aisialdiko eredu irekiagoa, inklusiboagoa eta Getxoko gazteen benetako premiekin konektatua garatuko da”.