2026/4/30

Getxoko Udalak bi kreditu gehigarri onetsi ditu gaur, osoko bilkuran, guztira 2.663.000 eurotik gorako balioa dutenak. Kreditu horiek udal-gerakinaren kargura finantzatuko dira, eta Getxoko auzoetako eta Getxo Kirolaken azpiegiturekin lotutako hainbat inbertsiora bideratuko dira. Puntu horiek aurrera atera dira EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu alderdien aldeko botoekin. PP eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira.
Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuen Arloko inbertsioak finantzatzeko erabiliko den 1,9 milioi euro baino gehiagoko kreditu gehigarriak ekintza hauek jasotzen ditu, besteak beste:
- Instalazio mekanikoak hobetzea: igogailuak eta arrapalak
- Lorategiak eta berdeguneak berriztatzea eta zenbait eremutako zuhaiztia berriztatu eta birjartzea
- Energia-efizientzia hobetzeko lanak egitea, hornidura eta estolderia berritzea, eta espaloiak jarri eta asfaltatzea
- Bidegorriak hobetzea
- Aire zabalean ariketa egiteko eremu publikoetako hiri-altzariak berritzea
- Biolehortze-sistema hobetzea
- Edukiontziak eta edukiontzi marroietarako sarraila elektronikoak erostea
- Konposterako poltsen bi makina berri jartzea
- Garbigertu bat eskuratzea
- Emisio Gutxiko Eremuetako sarbide-kontrola eta seinaleztapena ezartzea
Beste 751.308 euroko kredituak, halaber, honako ekintza hauek barne hartzen ditu:
- Kirol-kantxaren estalkia egikaritzeko proiektua handitzea
- Proiektu hauek idaztea:
- Herrian itsas-kirolekin zerikusia duten jarduerak egiteko inbertsioak
- Fadurako, frontoietako eta Andra Marirako auto-babeserako planen eguneraketa
- Kiroldegietako konponketa arruntak
- Fadurako saneamendu-sarea berritzea
EAEANaren epaia egikaritzeko kreditu gehigarria
Bestalde, milioi bat eurotik gorako kreditu gehigarria onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak kale-garbiketako eta hondakin-bilketako aurreko kontratuari buruz emandako epaia betearazteko. Neurri horrek aukera ematen du ebazpen judizial horren ondoriozko ordainketari aurre egiteko, bere garaian kontratuaren prezioen berrikuspena kalkulatzeari buruz zegoen desadostasunari dagokionez. Puntu hori aurrera atera da, EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-EP alderdien aldeko botoekin eta PP eta EH Bilduren abstentzioekin.
PPk hauxe esan du: “Bitxia da kontratua behin eta berriz hautsi duen enpresa batek aldeko epaia lortzea, baina kontratua EH Bildurekin hitzartu zen, eta horrek ezin zuen ezer onik ekarri”. Bestalde, EH Bilduk galdetu du ea “nork ordainduko dituen interesen 369.000 euroak; bada, getxotar guztiek ordainduko dute”. Elkarrekin Podemosek plegu argiagoak eskatu ditu etorkizunerako, eta Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak ziurtatu duenez, "egoera hori aldez aurretik aurreikusi genuen, aurreko ekitaldietan hornidurak sartuz, balizko aurkako epai baten aurrean erantzun arduratsua bermatzeko. Interes publikoak azkeneraino defendatzeko zorroztasun-, aurreikuspen- eta erantzukizun-irizpideekin kudeatu da".
Beste gai batzuk
Osoko Bilkurak aho batez erabaki du “La Terraza” udal-eraikinaren ustiapenaren zerbitzua daraman aldi baterako enpresa-elkartearen kontratua indargabetzeko prozedura hastea, hainbat hilabetetako kanona ordaintzeko betebeharra ez betetzeagatik eta etengabeko itxieragatik.
Lan-arloan, udaleko langileen aurtengo ordainsarien %1,5eko igoera onetsi da, baita 4.000 euroko kreditu gehigarria ere, udal-talde politikoentzako esleipenaren %2,5eko igoera finantzatzeko.
Era berean, 30.000 euro gehiago bideratuko dira Seriflaris kongresura, diseinuaren eta sormenaren industrien ingurukoa dena. Kongresu hori Muxikebarrin egingo da, maiatzaren 15ean eta 16an.
Mozioak
Lekukotasun-izaerarekin, ez-betearazlea, mozio bakar bat onartu da, EH-Bilduk aurkeztutakoa, Getxoko auzo guztietan urte osoan zehar kultur programazio egonkorra, doakoa eta deszentralizatua eta askotarikoa diseinatu eta abian jartzeko, kalean garatzeko eta adin guztiei zuzenduta.
Jendearen eskarien eta galderen txandan, hainbat pertsonak hartu dute parte, eta, besteak beste, lorezaintzaren, Salsiduko arrapalen, Portu Zaharreko aparkalekuen eta segurtasunaren inguruan dituzten kezkak azaldu dituzte.