2025/10/2

• Udalaren proposamenak eraikin berriak Arriluzeko Naufragoen Etxearen altuera ez gainditzea defendatzen du.
• Gainera, diseinua hainbat bolumenetan zatitzea eskatzen da, ikusmen-inpaktua minimizatzeko.
Getxoko Udalak alegazioak aurkeztu ditu Bilboko Portuaren Plan Berezia jendaurrean jartzeko izapidean, etorkizuneko Kirol Portuko hotelak gehiegizko ikusmen-inpaktua izan ez dezan. Udalaren proposamenak paisaiarekin, historiarekin eta getxotarrek eman diezaieketen erabilerarekin bateragarria den garapen turistikoaren eredua defendatzen du.
Esan bezala, hirigintza-dokumentuak aukera ematen du Kirol Portuaren eremuan hotel bat eraikitzeko, "portuaren eta hiriaren arteko interakzioaren" eremuaren barruan. Udala bat dator turismoari lotutako jarduera ekonomikoa bultzatzearen garrantziarekin, baina ezinbestekotzat jotzen du edozein garapen orekatik eta ingurunean integratuta egitea.
Egindako alegazioek bi baldintza nagusi ezartzen dituzte:
- Edozein hotel-eraikin berriren gehieneko altuerak ezin izango du Arriluzeko Naufragoen Etxearena gainditu.
- Bolumena gutxienez bi bloketan banatu beharko da, fatxada handi jarraituak saihestuz, Ereagako portuan edo hondartzan pantaila-efektua eragin dezaketenak.
Neurri horiekin, Udalak ziurtatu nahi du kirol-portua espazio irekia, integratua eta herritarren zerbitzura dagoena izaten jarraituko duela.
Amaia Agirre Getxoko alkateak honako hau azpimarratu du: "Kontua ez da soilik altuerak edo bolumenak erregulatzea, getxotarren ondare komuna den espazio bat zaintzea baizik. Gure lehentasuna da kirol-portua topaleku, gozamen eta jarduera ekonomikorako gune izaten jarraitzea, gure udalerriaren ingurunearekin eta bizitzarekin orekan. Ikuspegi humanista da hori: hirigintza-garapenak herritarren zerbitzura egon behar du beti".
Hirigintzako zinegotzia den Alvaro Gonzalez-ek honako hau zehaztu du: "Alegazioek hirigintza-integrazioko irizpide teknikoei erantzuten diete. Altuera mugatzen dugu neurrigabeko ikusmen-inpaktuak ekiditzeko, eta diseinua bolumen txikiagoetan zatitzeko eskatzen dugu, egungo paisaiara egokitzeko. Etorkizuneko edozein proiektu Getxoko fisionomiarekin bateragarria dela bermatzeko modu bat da".
Udalak gogorarazi du, gainera, egungo Udal Gobernuaren hauteskunde-programak jada jasotzen zuela hotelen garapena bultzatzeko konpromisoa, etxebizitzari eragin gabe, hiri-eredu orekatu, iraunkor eta ongizate kolektiboaren zerbitzura dagoenaren alde eginez.
"Getxok jarduera ekonomikoa eta aukera berriak behar ditu, baina ez edozein preziotan. Gure konpromisoa da ematen dugun urrats bakoitzak gure bizilagunen bizi-kalitatea indartzea", esan du Amaia Agirrek.