2025/4/8
Datorren hilabetean hasita eta uztailera arte, kalea izango da Getxoko kultura agertokirik nabarmenetako bat. Kultura kalean bertan ezagutarazteko eta mota guztietako ikus-entzuleei kultura eskuratzeko aukera errazte aldera, Getxo Kulturak iaz abian jarritako bi programaren bigarren edizioa antolatuko du. Ekimen horiek 2025ean berriro ere itzuliko dira Getxora herritarrei askotariko ikuskizunak eta musika-emanaldiak eskaintzeko.
Hala, hiru hilabetez, arte eszenikoen proposamen zabala izango da Areetako Geltokia plazan larunbatetan, Getxo Eszena Kalean programaren eskutik. Bestalde, Kristalezko kioskoa musika zikloak Muxikebarri kanpoaldera eramango ditu igandetan estilo eta genero askotako euskal artista eta taldeen emanaldiak. Sarrera doakoa izango da emanaldi guztietan.