2025/3/20
Udalak laster jarriko du martxan Romoko Caja de Ahorros kalearen hasieran instalatutako bi bolardo erretraktilez osatutako sistema. Horri esker, ibilgailuen joan-etorria murriztu ahal izango da eremu horretan, eta kalea oinezkoentzat izango da erabat, egunean hainbat orduz. Aldez aurretik, sistemak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko beharrezko probak egin dira, bai eta gorabeherak saihesteko behar diren doikuntza teknikoak ere.
Sistema martxan jartzen denean, behar bezala iragarriko da.
Instalatutako bolardo edo euskarri bikoitzak irekiera automatikoko kontrol-sistema bat du, matrikula kamera baten bidez identifikatzen duena, baita urruneko irekiera eta eskuzkoa ere. Astelehenetik larunbatera, 12:00etatik hurrengo eguneko 08:00etara egongo da aktibatuta, eta igandeetan 24 orduz. Beraz, baimendutako ibilgailuak baino ezin izango dira ibili kale horretatik edozein ordutan: udal zerbitzuetako ibilgailuak, hala nola garbiketa eta hondakinen bilketa, lorezaintza, argiteria, brigada eta Udaltzaingokoak, eta Caja de Ahorros kaleko 1, 2, 4, 6 eta 8 atarietan eta Ibaiondo kaleko 13. zenbakian erroldatutako egoiliarren autoak. Zamalanak, bestalde, 08:00etatik 12:00etara egongo dira baimenduta, lanegunetan, larunbata barne.
Udalak bi kartel jarri ditu, bata Errekagane eta Ezequiel Aguirre kaleen arteko elkargunean, eta bestea Caja de Ahorros kalearen hasieran, “oinezkoentzako gunea eta zirkulatzea debekatuta, baimendutako ibilgailuak izan ezik” seinalearekin, eta zamalanetarako ordutegiarekin eta Udaltzaingoaren intzidentzietarako telefono zenbakiarekin: 944 660 093.
“Jarduera honek Santa Eugenia plazara joaten diren eta plaza hori erabiltzen duten pertsonen segurtasuna areagotuko du, batez ere adingabeena. Izan ere, gune horretan ohikoak diren gurasoek kezka hori adierazi diote udalari. Gainera, Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatutako jarduera bat da, Emisio Gutxiko Eremuak (EGE) gaitzeko, airearen kutsadura murrizteko helburuarekin”, azpimarratu du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Horrelako eremuak, Getxon garatzen ari direnak, isolatuak edo puntualak izan daitezke, hau da, eremu edo kale bakar batera mugatu daitezke, ordutegi murriztuekin.