Literatura eta poesia
Data: 2023/3/29 - 2023/3/29
Ordutegia: 19:00
Tokia: Romo Kultur Etxea (RKE)
GETXOKO IZEN HANDIAK
Datorren asteazkenean, martxoak 29, ‘Getxoko izen handiak’ dokumental-saileko film berri bat proiektatuko da Romo Kultur Etxean arratsaldeko 19:00etatik aurrera, oraingo honetan Federico Krutwig idazle eta euskaltzainari eskainia. Hogei minututan zehar, lan honek egilearen ibilbide profesional eta pertsonala jorratzen du, arreta berezia jarriz Euskaltzaindian egiten duen jarduerari, bai eta bere ekoizpen literarioan eta pentsamenduan ere. Getxoko Udalak udalerriarekin lotura estua duten kulturako izen nabarmenak omentzeko antolatutako zikloaren bigarren filma da hau.
Dokumentalak egilearen bizitza eta lana erakusten ditu, besteak beste, kulturako eta hezkuntzako hainbat pertsonaiaren testigantzen bidez, argazki, bideo eta soinu-materiala uztartuz.
Proiekzioaren ondoren, Nabarralde fundazioak argitaratu berri duen ‘Krutwig Bere mendeurrenean berrirakurtzen’ liburuaren aurkezpena izango da eta bertan Manu Ertzilla idazleak eta Baleren Bakaikoa Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko katedradunak hartuko dute parte, Oskar Arantzabal idazlearen gidaritzapean.
Dokumentalaren proiekzioa eta "Krutwig bere mendeurrenean berrirakurtzen" liburuaren aurkezpena
Sarrera dohainik, edukiera bete arte.
Dokumentala: https://www.youtube.com/watch?v=0AdzbN4jRk8
FEDERICO KRUTWIG
1921ean Getxon jaio zen Federico Krutwig familia burges baten baitan, eta haurtzarotik nabarmendu zen hizkuntzekiko interesagatik. Jaioterrian lehen urteak eman ondoren, familia Bilbora joan zen bizitzera. Gerra Zibilean, bere familiarekin batera, Alemanian eta Portugalen erbesteratu zen, gatazka amaitu ondoren itzultzeko. Eskola Frantsesean ikasi zuen eta ondoren Eskola Alemanean, eta euskara ikasi zuen nerabezaroan. 1947an, 26 urte besterik ez zituela, Euskaltzaindiako kiderik gazteena bihurtu zen. Bertan, erakundea biziberritzearen aldeko apustua egin zuen eta euskararen bateratze literarioaren sostengatzaile nagusietako bat izan zen.
Luis Villasante akademian sartu zeneko hitzaldi polemiko baten ondoren, Frantziara erbesteratu zen, eta 1961ean bere libururik ezagunena izango zen 'Vasconia' (1963) liburuaren sorrera hasi zen bertan. Lan horrek eragin handia izan zuen frankismoaren aurkako belaunaldi gaztean, nazionalismo tradizionala zalantzan jartzen hasi baitzen. 60ko hamarkadan eta 1975era arte Bruselan bizi izan zen eta 1975etik aurrera, Zarautzen. Ordutik aurrera literatura-produkzioan jardun zuen. 'La cuestión vasca' (1965), 'Vasconia y la nueva Europa' (1976), 'Mikelditarrak' (1979), 'Ekhaitza' (1980) dira bere beste lanik ezagunenak, 'Computer Shock Vasconia' (1984), 'Crítica de la crítica' (1985) eta 'Los gitanos vascos' (1986) lanekin batera.
Azken urteak eta aintzatespenak
80ko hamarkadan Jakintza Baitha elkarte helenista bultzatu zuen, eta horren baitan sortu zen 'Hierax' greziar kultura klasikoko aldizkaria. Bertan hainbat artikulu argitaratu eta 'Sopholis' proiektuaren berri eman zen, ikasketa humanisten unibertsitatea, hain zuzen ere. Krutwig 1998an zendu zen eta ez zuen proiektua garatzeko aukerarik izan. Euskaditik kanpo ezaguna zen helenismoren aldeko lana (euskara-grekoa itzulpen-metodo klasiko bakarra asmatu zuen eta, besteak beste, Platon eta Teofrastos itzuli zituen) eta 1989an Homero Saria eta Delfos, Kavala eta Olimpia hirien ohorezko domina jaso zituen. Era berean, Accademia Internazionale di Propaganda Culturale bazkide akademikoa eta Atenaseko International Scientific Forumeko ohorezko presidentea izan zen.