Erakusketak eta Azokak
Data: 2022/11/17 - 2022/12/9
Ordutegia: 11:30-14:00 / 18:00-20:00 (igandean, 14:00ak arte)
Tokia: Punta Begoña galeriak
Euskararen Etxeak 'Liburuaren arbola' erakusketa ibiltaria prestatu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailarekin lankidetzan, bost herri hauetan ikusiko dena: Portugaleten, Ondarroan, Getxon, Amorebieta-Etxanon eta Gernikan, 2022ko irailean hasi eta 2023ko otsailean buka. Gorka Arrese editoreak apailatu du erakusketa, eta hitzaldi bana egingo du udalerri horietako bakoitzean.
Gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako bat da liburua. Beste batzuk dira, adibidez: gurpila, aulkia, artaziak, anestesia, elektrika.
Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean.
'Liburuaren arbola' erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz.
Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazerra eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena.
Helburuak:
• Liburua berez zer den ezagutzea, ulertzea eta bere garrantzia azpimarratzea.
• Liburuaren zati nagusiak identifikatzea: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia.
• Liburuan parte hartzen duten eragileak aztertzea: idazlea, editorea, irakurlea, inprimategia.
• Euskal literaturara eta liburugintzara gerturatzea, Bizkaikoari bereziki rreparatuz.
Gainera, erakusketa dela eta, bisita gidatuak antolatuko dira. Astearte eta ostegunetan 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 16: 00etan eta 17:00etan egingo dira, eta larunbatetan, 1030-11:00etan eta 12:00etan.
Parte hartu nahi dutenek Euskararen Etxearen bitartez egin dezakete erreserba 94 402 80 71 telefonoan (8:00-20:00 al-ol) edo info@euskararenetxea.eus e-mailera idatziz.