Berriak

Txostena: hutsik dauden etxebizitzak

2019/01/18

Getxon dauden 33.627 etxebizitzetatik soilik mila bat baino apur bat gehiago dago benetan hutsik

Areetako bista

Getxon dauden 33.627 etxebizitzetatik 1.028 baino ez daude benetan hutsik, hau da, ez dira gaur egun ohiko etxebizitza gisa erabiltzen; hori guztia Udalak iaz eskatutako inkestaren ondorioetan jaso da, udalerrian hutsik dagoen etxebizitzaren fenomenoa ikertzeko proiektu aitzindaria. Hutsik dauden 1.028 etxebizitzetatik 902 ‘kudeagarriak’ dira, hau da, ez dira ez ohiko etxebizitza ez bulegoa, eta ez daude salgai edo alokatzeko dauden etxebizitzen merkatuaren barruan sartuta.

Lan horren baitan, hutsik dauden etxebizitzak aztertu, zenbatu eta karakterizatu dira, horrela, Getxoko etxebizitzen benetako okupazio-maila zein den jakiteko eta, ondoren, hutsik dauden etxebizitzak eta horien mobilizazioa kudeatzeko politika egokiak planifikatzeko. Getxon dauden 33.627 etxebizitza guztietatik erroldatutako pertsonarik gabeko 3.371 etxebizitzaz osatutako lagin bat erabili da azterlana egiteko. Bertan, erroldatutako pertsonarik gabeko etxebizitza ugari antzeman dira, hala ere, ur kontsumo nabariak zituzten, eta, beraz, etxebizitza horien erabilera jarraitua egiten ari zela antzeman zitekeen.

Hala, egindako landa-lana ikusita, ondorioztatu da hutsik egon daitezkeen etxebizitzen (erroldatutako pertsonarik gabekoak) erdia baino gehiago (% 58,1) ohiko etxebizitza gisa erabiliak izaten ari direla: lautik hiru etxebizitzen jabeek edo horien senitartekoek erabiltzen dituzte, eta gainerako etxebizitzak alokairuan dauden errentariek. Etxebizitzen % 11,4 bigarren bizitetxe gisa erabiliak izaten ari dira, eta gainerako % 30,5a hutsik dauden etxebizitzek osatzen dute, hain zuzen ere. Horrenbestez, ondorioztatu da hutsik dauden 1.028 etxebizitza daudela Getxon. Horietatik 126 “aktibo” daude, hau da, merkatuan alokatzeke edo saltzeke daude, eta gainerako 902 etxebizitzak “kudeagarriak” dira, hau da, hutsik daude, ez dira bigarren bizitetxe gisa erabiliak izaten ari eta ez daude salmenta- edo alokairu-eskaintzetan jasota. “Kudeatu daitezkeen” 902 etxebizitza horiek erroldaren arabera hutsik dauden etxebizitza gisa identifikatutako etxebizitza guztien (erroldatutako pertsonarik ez dutenak) laurden bat da, gutxi gorabehera. Hutsik dauden etxebizitza gehienak Algortan daude, eta atzetik ditu Areeta, Andra Mari eta Romo.

Etxebizitzak hutsik egotearen zergatiari dagokionez, kontsultatu diren pertsonek hainbat arrazoi eman dituzte. Besteak beste, alokairuen edo hirigintza-inbertsioen bidez etxebizitzok errenta-iturri gisa erabiltzeko arrazoia eman dute gehienek; beste batzuek, ordea, senitartekoentzat gordeta dituztela adierazi dute, baita lan-, hezkuntza- nahiz osasun-arrazoiengatiko lekualdatzeak aipatu ere.

Etxebizitzaren Legeari jarraiki, egindako lana oinarri gisa erabiliko da hutsik dauden etxebizitzen erregistro bat egiteko. Hala eta guztiz ere, arau horren araudia garatu arte itxaron beharko da bertan jasotako aurreikuspenak aplikatuak izateko. Era berean, udalak beste neurri batzuk hartzeko lan egingo du, hutsik dauden etxebizitzen erabilera sustatzeko.

Amaitzeko, udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei datuak jasotzeko lanetan eskainitako laguntzagatik, baita udalerriko etxebizitza-agentziei ere, azterlana osatzeko lanetan egindako ekarpenengatik.

Azterlan hau Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) EH Bildurekin etxebizitzaren alorrean adostutako hitzarmenen zati bat da

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +