Berriak

Irekitzea

2018/12/18

Ostiral honetan, hilak 21, irekiko da zirkulazioarentzat Torrene eta Mariandresena arteko zatia, Algortako Etorbidean

Algortako erdigunean bidea berrantolatzeko aurreikusitako epeak betetzen ari dira eta otsailaren hasieran Manuel Gainzako aparkalekua eraikitzeko lanak hasiko dira

Ostiral honetan, hilak 21, irekiko da zirkulazioarentzat Torrene eta Mariandresena kaleen arteko zatia, Algortako Etorbidean, gune hori berriz urbanizatzeko proiektuaren 2. Fasearen barruko lanak amaitu baitira. Fase horretan, halaber, Mariandresena kalean irisgarritasuna hobetzea aurreikusita zegoen eta jarduketa hori ere amaituta dago jada. Bigarren fase honek 474.476€ko (BEZa barne) kostua izan du.

Orain arte gauzatutako bi faseetan, hortaz, lanak egiteko hasiera batean aurreikusitako epeak eta hiritarrekiko konpromisoa bete egin dira. Izan ere, bi faseak Algortako hiriguneko bidea berrantolatzeko proiektuaren barrukoak dira, udal Gobernuaren (EAJ/PNV eta PSE-EE) eta PPren arteko akordioaren emaitza dena.

Algortako hiriguneko arteria nagusiko zati hori irekita, trafikoan normaltasuna berreskuratzen da; eta horri esker gabonetako egun batzuetan aurreikusita dauden zenbait ekitaldi, hala nola Olentzero eta Errege Magoen desfileak, inolako trabarik gabe ibili ahal izango dira alde horretatik.

Hainbat hilabeteetako lanen ondoren, Algortako etorbidean, Torrene eta Mariandresena kaleen arteko zatian, guztira  1.640m2-ko azaleran, espaloiak zabaldu dira eta zoladura, hiri-altzariak, argiteria eta saneamendu-sarea berritu dira, besteak beste.

Halaber, Mariandresena kaleko irisgarritasuna hobetu da, 1.050m2-ko azaleran. Hor, espaloiak zabaldu dira kalearen bi aldeetan, oinezkoentzako ibilbideen zabalerak bermatzeko, irisgarritasunaren gaineko araudiak hala eskatzen baitu eta zerbitzu berri batzuk ere bideratu dira, euri eta argi sareak, besteak beste.

Hurrengo urratsa: Manuel Gainza aparkalekua
Bigarren fase horren ondoren, Manuel Gainza parkean lurpeko aparkalekua eraikitzeko lanak egingo dira. Horiek, aurreikusitakoaren arabera, datorren otsailaren hasieran abiatuko dira. Gaur egun proiektua ari da idazten; 2 urteko epea izango da lanak gauzatzeko.

Halere, datorren hilabetetik aurrera, aparkalekua eraikitzen hasi aurreko hainbat lan ikusiko dira: besteak beste, obrako itxiturak ipiniko dira, argiteria publikoa kenduko da eta parkean dauden zuhaitz espezieak, ahal direnak, beste toki batzuetan birlandatuko dira; gaixorik daudenak, berriz, kendu egingo dira.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +