Kartografia

Jarraian aurkezten den topografiak ez du legezko edukirik, ez betebeharrik; udalerriaren errealitate fisikoaren irudikapen hutsa da eta etengabe aldatzen ari da. Akatsik antzemanez gero, eskertuko genizueke honako helbide honetan ematea horien berri:kartografia@getxo.eus; horrela, behar bezala eguneratu ahal izango ditugu.

Deskargen atarian eskura daiteke kartografia. Egin klik paragrafo honen azpian agertzen den estekan hara joateko.

Antolamendua eta erreferentziazko sistema:

Kartografia minutatan (hau da, erreferentzia sistemaren arabera lurraldea zatitu den zona angeluzuzenetan) zatitzen da eta PDF formatuan eskura daiteke 1/500 eskalan inprimatzeko 1,75 x 1,2 m-ko plano batean, DWG formatuan editagarria izanda. Halaber, DWG formatuko fitxategi batean (44 MB) eskura daiteke, udalerri osoko kartografiarekin.

Udalerriko kartografia ED50 erreferentzia sisteman dago eta DWG formatuko fitxategiak UTM koordenatuetan daude.

Kartografia ETRS89 erreferentzia sistemara aldatzeko lanean ari gara.

Ortoargazkiak:

Getxoko udalerriko ortoargazkia deskarga daiteke, Eusko Jaurlaritzak 2013an egindako hegaldikoa, hain zuzen. Herritarren eskura jarritako ortoargazkiaren bertsioa kalitate murriztukoa da, maneiagarria izate aldera. Halaber, 8 ortoargazki partzial deskarga daitezke; bereizmen handiagokoak dira, eta bakoitzak 11 MB inguru ditu.

Udaletxean eskura daiteke udalerri osoko kalitate goreneko ortoargazki bat (500 MB). Azken bertsio hori eskuratu nahi duten herritarrek honako helbide honetan eskatu beharko dute:kartografia@getxo.eus ; kosturik gabe bidaliko zaie.

Kartografia eguneratzeko lanen deskribapena:

2011ko udazkenaz geroztik, Hirigintza Atalak udal topografia garbitzeko, antolatzeko, berrikusteko eta berritzeko lanak egin ditu.

Hasteko, kartografia (hainbat enpresak udalerako ondoz ondo egindako topografia desberdinak batzetik eratua) entregatutakoari dagokionez aldatua zegoela eta koordenatuetatik kanpo zegoela egiaztatu zen, eta, beraz, topografiatutako jatorrizko eremuak batzea erabaki zen, zuzen kokatzeko.

“Topografikoen eta topografiatzeke dauden eremuen krokisa” izeneko fitxategi bat deskarga daiteke informatzeko, PDF bertsioan. Dokumentu horretan zehazten dira topografiatutako eremuak, lan horiek egindako datak eta topografiatzeke dauden eremuak.

Kartografia planoa birmoldatu ondoren jatorrizko topografikoekin, 2011 baino lehenago entregatutakoekin aztertu zen haien kalitatea, eta hainbat eremu berriz topografiatzea erabaki zen.

2012az geroztik, planifikatutakoaren zati bat topografiatu da, eta, beraz, aurkezten den oinarri topografikoa etengabe aldatzen ari da. Topografiko berri bat entregatzean, kartografia eguneratu egiten da eta bertsio berri hori herritarren esku jartzen da deskargen atarian.

Gaur egun, hiri lurren zati handiena 1/500 eskalan kartografiatuta dago. Kartografiatu ez den zatia Foru Aldundiaren 2002ko hegaldiko 1/1000 eskalako kartografiarekin osatzen da. Eremu horiek, topografiatzea aurreikusitako eremuen baitan, honako hauek dira funtsean: Larrañazubi gunea, AndraMari eremuko gune altua labarretaraino eta kirol portua.

Eremu ez irisgarriei dagokienez:

Finketan topografoei sartzea utzi ez dieten edo utziko ez dieten herritarrek beren jabetzen gainean legenda bat ikusiko dute. Legenda horretan “SARBIDEA EZ BAIMENDUA” edo antzeko zerbait adieraziko da. Kasu horretan, topografoek finken itxiera datuak hartzen dituzte eta udalean eraikina marrazten da Foru Aldundiaren 2002ko hegaldiko topografiaren lerroekin 1/1000 eskalan, Katastroko lerroekin edo eskura daitekeen ortoargazki berriena kalkatuz. Hortaz, eraikin horiek ez dira zehatzak izango edo ez dute xehetasunik izango.

Marrazkien geruza sistemaren homogeneizazioa:

Homogeneizatu egin da enpresa bakoitzak elementu berberak marrazteko erabilitako geruzen sistema. Geruzak Foru Aldundiaren sistemara lekualdatzea erabaki zen; lan hori bera egin zen blokeekin, eta horien zati handi bat ordezkatu zen, dena ezean. Foru Aldundiaren geruzek “B" hizkia dute izenaren hasieran.

Fitxategi deskargagarri bat entregatzen da, “Geruzen eta blokeen txantiloia” izenarekin, DWT formatuan. Dokumentu horretan, marrazkirako txantiloi gisa erabilitako blokeen eta geruzen zerrenda, izena, kolorea eta deskribapena azaltzen dira.

Topografikoan 1/500 eskalan entregatu ez diren lerroak sartzen direnean, izan zuzentzeko, osatzeko edo izan xehetasuna areagotzeko, geruza horiek berriz izendatzen dira “OFI-PGOU” deiturarekin, esku hartu dela argi uzteko.

Marraztutako eraikinen mehelina:

Marrazki osoa geruzen kode berarekin bateratu ondoren, topografikoak osatu ziren eraikinen mehelinekin, “B6030-OFI-PGOU” geruza erabilita. Lan hori honela egin da: eraikinen fatxadetan topografiatutako mehelin puntuetatik abiatuta, katastroko mehelinak erabiltzen dira ilarako etxadiak edo blokeak banatzeko; hortaz, marraztutako mehelinak errealitatearen hurbilketa bat besterik ez dira.

Marradurak:

Eraikinak marratu egin dira bata bestearengatik, kolore solidoz beteta, etxadiak banatu ondoren solidoa hutsetik hobeto bereizteko. Halaber, patioak ere bereizi dira, argikoak edo etxadikoak izatearen arabera eta horiek duten sakontasunaren arabera. Marradura geruza guztiak honela hasten dira: “03_tr_”. Topografiatu gabeko eraikinak bezala, marradurak bereizten dira horiek egindako informazio iturriaren arabera, hau da, Foru Aldundiaren lerroak edo Katastrokoak edo ortoargazkiak.

Eraikinen solairu kopurua:

Topografiaren beste osagarri bat izan da eraikin bakoitzaren solairu kopurua txertatzea erromatar zenbakiekin. Hasieran, Katastroko informazio oinarria erabili da, planoan iraulita, eta, ondoren, eraikinez eraikin berrikusi da, iraulketa zuzena zela egiaztatzeko. Egiaztapen hori hainbat informazio iturri erabilita gauzatu da, hala nola errolda eta in situ bisitak.

Sestra azpiko solairuak (kalearen mailaren azpitik dauden solairuak; oro har, garajeak edo trastelekuak) eta sestra gaineko solairuak bereizten dira. Hortaz, esaterako, II+IV idatzita daukan eraikinak esan nahi du bi solairu sestra azpian eta 4 sestra gainean dituela, hau da, beheko solairua eta hiru altuera gehiago. Eraikinak sestra gaineko solairuak bakarrik baditu, erromatar zenbaki bat agertuko da; eraikina erabat lurpean badago, solairuen ordez, “0” agertuko da (adibidez: “II+0”, kalearen mailaren azpitik bi solairu dituen garajea izango litzateke).

Portu Zaharraren kasuan, aipamen espezifikoa egiten da lursailean ezartzeko ezaugarriengatik; izan ere, eraikin asko daude maila oso desberdinak dituzten bi kaleetara ematen duten aurrealdeak dituztenak. Kasu horretan, erreferentziazko sestra gisa hartutako kalea baxuena da.

Era berean, Portu Zaharrean, beheko solairu edo estaldura azpiko asko eraikinaren solairuaren zati bat bakarrik dira, eta, beraz, kasu horretan, “F” jarri da solairu horiek bereizteko.

Kale izendegia berrikustea:

Azkenik, kale izendegia koordinatzeko lan sakona egin da. Udalerriko kartografia berrikusteko lan prozesuaren une batean behatu zen bertan adierazitako atarien zenbakiak ez zetozela bat Foru Aldundiaren kale izendegikoekin. Bilaketa sistematikoa egin zen eta hainbat ezberdintasun aurkitu ziren kontsultatutako hiru iturrien artean, hau da, udalerriko erroldaren (eraikinen zenbakiak esleitzeko eskumena du), Foru Aldundiaren kale izendegiaren eta Katastroaren artean. Baliozkoa erroldak adierazitakoa delako irizpidearekin, alde guztiak konpondu dira. Informazio hori Katastroari eta Foru Aldundiaren kale izendegiari jakinaraziko zaio, datu baseak egokitu eta koordinatu ditzaten.

Kale izendegiaren azken lana izan da kaleen izenak zuzentzea eta Udalbatzak onartutako izen ofizialekin ordezkatzea.

Lan hau Getxoko Udaleko Hirigintza Ataleko delineatzaileek egin dute osorik, beharrezkoa izan den zuzendaritza teknikoaz harago. Lan hau ezin izango zatekeen egin etengabe eta arduratsu lan egin gabe, eta berau gauzatu da interesa duten herritarrei helarazteko eta Getxon lan egiten duten teknikariei beren lana gauzatzeko datu base bat eskaintzeko.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +