Agenda

Erakusketak eta Azokak

Erakusketa: "Colgante" (Marta Iribarnegarayren pinturak)

Data:2019/02/01 - 2019/02/24

Ordutegia: 11:00-13:00 eta 17:00-20:00 (asteazkenetik ostiralera) / 12:00-14:00 eta 18:00-21:00 (larunbata) / 12:00-14:00 (igandea)

Tokia:Torrene Aretoa (Torrene, 3 - Algorta)

Erakusketaren katalogoa HEMEN

Erakusketa honen izenburua Bizkaia Zubian (edo "Zubi Esekia") oinarrituta dago. Lan honen bitartez Gizadiaren Ondare Historikoa izendatua izan den eta 2018an 125 urte bete dituen monumentuarekin dudan lotura pertsonala adierazi dut.

Burdinazko eraikuntza erraldoi hau guri begira dago 1893tik eta ez da aldatu gaur egun arte; herritarren bizitzak behatzen dituen ikusle isila da, ni bezalako herritarrenak, zubia ikustera ohituak gaudenenak, bisitari kuriosoen bizitzen ikusle isila ere delarik. Zubi transbordadorea edo zubi esekia ingeniaritzaren eta industria iraultzaren sinboloa da. Bere historia inguruko burdin meategien ustiapenarekin lotuta dago, meategi horien ondorioz ekonomia eta industria suspertu baitziren, eta hala, Bizkaia Zubia eraiki zen.

"Zubi Esekia"k osatzen duen burdinazko egitura izugarrizkoa erabili dut artelana oinarritzeko, materialtasunetik memoriara arte, beharrezko inspirazio iturri gisa. Helburu horrekin batzuetan urruneko oroitzapenak bildu ditut nire memorian eta memoria kolektiboan bilatuz, hurbilekoekin anekdotak eta sentsazioak partekatuz, eta hala, bilduma piktoriko hau osatzen lagundu didaten ideiak, pentsamenduak, harremanak, pertsonak eta egoerak sortu dira.

Esperimentazioaren bitartez pinturaren bidez adierazi dut neure burua, sentimenduen eta emozioen bidez, eta horretarako hitzetatik haratago doan hizkera abstraktua eta keinu hizkuntza erabili ditut. Zubiaren kable multzoan eta egituran sortzen den tentsio piktorikoa pinturan islatu dut geometriaren bitartez, geometria baita euskarri sinbolikoa. Oihaletan uzkurdurak daude mugetan kontzienteak diren uhin natural gisa, eta jarrera horiek tenperatura kontrasteak sortzen dituzte, hain zuzen ere Zubi Esekian sortzen direnak zubia kanpoaldean baitago, eta hala, zubiaren egitura dilatatu egiten da udan eta uzkurtu egiten da neguan.

Pinturaren eta espazioaren artean sortzen den diskurtsoa nabarmendu behar da. Hormetan kokatutako koadroak, euskarri eta markorik gabeak, horman integratzen dira. Espazioaren erdian eskegitako oihalak bere jabeak bihurtzen dira nolabait. Aske dauden oihal horiek inguruan dagoen airearekin elkarbizitzan dihardute, elkarren artean dialogoa sortzen duten heinean.

Horrelako obrek guztiz aldatzen dute ikusleek pinturarekin duten harremana, ez baita euskarrien eta markoen bitartez hormetan eskegitako ohiko koadroak aurrez aurre ikustea, ikusleek nahikoa jarrera estatikoa izan ohi dutelarik.

Hala,  eskegitako mihiseen inguruan mugitzeko aukerak pinturaren eta ikusleen arteko harremana sortzen du, eta hala, ikusleak bizirik dagoen eta arnasa hartzen duen, kanpora irekita dagoen, librea eta mugarik gabekoa den koadroaren parte aktibo bihurtzen dira, eta era berean, gainerako obrekin eta inguruarekin harremanetan jartzen dira.

Koadro horiek elkarrekiko osagarriak diren eta konbinatzen diren obra multzoa osatzen dute, koloreak, orbanak eta geometriak elkarbizitzan dirauten hizkera abstraktuan. Elementu horiek era berean garatzen joan dira artelanetan nahastuta, nabarmenago azken koadroetan, erdiko lanetako azpialdeak bistan daudelarik eskegita eta libre daudelako, non zimurrek denboraren igarotzea sinbolizatzen duten.

Marta Iribarnegaray

Ekitaldiak bilatu